Dantzalekuko kirol guneak futbol 11, futbol 7 eta atletismo pistak izateaz aparte, beste kirol azpiegitura bat hartuko du aurki: irristaketa pista. Lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren 65.000 euroko dirulaguntza zuen udalak. Kopuru horri 211.817 euro gehitu dizkio Altsasuko Udalak, aurrekontu aldaketa baten bidez. Guztira 276.817 euroko aurrekontua izanen dute lanek.
Irristaketa pista futbol 7ko zelaiaren aldamenean eraikiko du udalak. Piskak 200 metroko barne sokako eta 6 metroko zabalerako pista bat eginen da. Haren zorua asfalto tapisagarriz eginen da eta euri-urak biltzeko sarea izanen du. Metalezko hesi batek inguratuko du pista. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "pistak patinaje federazioak ezarritako baldintzak betetzen ditu, 55 metroko bi zati zuzen eta 14,32 metroko bi erradio-kurba izanen ditu". Irristalariez aparte, Burunda Txirrindulari Klubeko eskoletako haurrek ere bizikleta-pista gisa erabiliko dutela aurreratu du alkateak.