Gobernuak irrati lizentzia berritu du

Guaixe 2026ko apirilaren 16a

Antena igorlea. ARTXIBOA

Hamabost urterako eman du emititzeko lizentzia. 

Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zerbitzuko zuzendariak berritu egin du Altsasun maiztasun modulatuan uhin metrikoen bidezko irrati-difusio soinuduneko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko (87.8 FM) lizentzia. Berritzearen onuraduna Información por Ondas SA enpresa da eta uhinen bidez COPE (Cadena de Ondas Populares Españolas) katearen seinalea zabaltzen du. Erabakiaren indarraldia 2025eko abenduaren 11tik 2040ko abenduaren 10era da, bi egunak barne.

Foru administrazioak irrati kontzesio hori Información por Ondas SAri 2010eko abenduaren 10ean eman zion. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren ilbeltzaren 15eko 4E/2020 Ebazpenaren bidez, baimendu zuen enpresak Radio Popular SAri errentan ematea Altsasun irrati analogikoaren bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia. Altsasuko antenatik COPEren seinalea aireratzen bada ere, lizentziaren jabetza Información por Ondas SA enpresarena izaten jarraitzen du.