Astekaria

"Ea komunitateak parte hartzen duen eta ekarpenak egiten dituen"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 22a

Komunitatea Ehuntzen programak sustatutako aurreneko paseo osasuntsuan parte hartu zuten altsasuarrak. utzitakoa

Amelia Lapuente eta Oihane Armendariz Komunitatea Ehuntzen talde eragileko kideak dira. Martxoaren 25eko aurkezpenaren ondoren, Komunitatea Ehuntzeneko jarduerak abian dira

Altsasuko osasun etxeak, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Teknoadineko programak, herriko hainbat eragilerekin batera, Komunitatea Ehuntzen programa sustatu dute.

Zer moduz aurkezpena?
Amelia. Oso ongi, pozik gelditu naiz. Guk pentsatzen genuen baino jende gehiago etorri da. Ehun pertsona inguru egon ziren. Aurkezpena zuzena, motza eta argia izan zen. Esan ziguten mezuak iritsi zirela.

Aurkezpenaren ondorengo tarte hori baliagarria izan al da? 
Oihane. Oso ondo egon zen. Gerturatu ziren pertsonekin eskertuta gaude. Espero baino harrera handiagoa izan dugu. Jendearen erantzuna oso positiboa, argia, izan zen. Proiektua asko gustatu zitzaien, oso egokia eta behar den zerbait dela esan digute. Ondorengo auzatean, mahaian, jendeak nahi zuen jardueran izena emateko papertxo batzuk utzi genituen eta jendeak izena eman zuen. Beraz, oso pozik gaude.

Labur bada ere, zer da Komunitatea Ehuntzen?
O. Osasun etxetik, osasun komunitariotik sortutako proiektua da. 60 urtetik gorako pertsonen ongizatea sustatu nahi da Altsasun. Komunitatearendako proiektu bat da. Hainbat eragilek parte hartzen dugu. Jakina, komunitatea behar dugu, eta parte hartzen du. Komunitatetik sortzen den mugimendu parte hartzailea, dinamikoa eta eraldatzailea da.

Nola gauzatuko da? 
A. Jendeak parte hartu zuen eta hainbat ideia polit sortu ziren garilean egindako dinamikan. Batzuk oso handiak ziren. Orain hastapenetan gaude eta gauza xumeekin eta egingarriekin hastea egoki iruditu zitzaigun. Hiru dira eta hiru batzorde daude bakoitzaren atzean. Batetik, paseo osasuntsuak. Edozeinek eman dezake izena. Berdin dio zein baldintza fisiko dituen. Oso ibilaldi errazak izanen dira.

O. Apirilaren 13an hasi ziren. 40 pertsonak parte hartu zuten. Pozik gaude erantzunarekin. Astelehenero eginen dira. Ez da izena eman beharrik, 11:30ean osasun etxearen parean elkartu eta handik abiatuko dira. Nahi duena joan daiteke.

A. Bestetik, kulturartekotasuna sustatzeko da. Altsasun bizi diren beste komunitateetako pertsonekin harremana izatea nahi da. Zenbait aurreiritzi botatzeko batzuek eta besteek premia ikusten zuten. Ezagupen faltak aurreiritziak sortarazten dituelako. Marokoko komunitatearekin harremanetan jarri eta bizpahiru pertsona prest daude haien herriaren, kulturaren, ohituren eta baloreen inguruan azalpenak emateko. Apirilaren 23an izanen da, 17:00etan, jubilatu elkartean. Gustatuko litzaiguke Erdi eta Hego Amerikan jaiotakoak ere animatzea eta azalpenak ematea. Kultur trukaketa bat izanen da. Azkenik, oso interesgarria da belaunaldi artekoa. Behar batetik sortu zen: adinekoak jende gaztearekin harremana izan nahi du. Esate baterako, hezkuntza komunitatearekin, ikastetxeekin, harremanak izatea. Hainbat ideia sortu ziren: adinekoak ikastetxeetara joatea kontatzeko bere garaian zer ikasten genuen, zer testu liburu genituen, gure irakasleak nolakoak ziren, nola aldatu den irakaskuntza... Hasteko, batzorde horrek antolatu du partxis lehiaketa bat. Esaterako, aiton-amonek bilobekin osatutako bikoteak eman dezakete izena. Ideiak badaude.

O. Partxis lehiaketan parte hartzeko izena eman beharra dago, bikotearekin edo bakarrik. Horretarako, osasun etxera edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzara (garbitoki eraikineko bigarren solairua) joan beharra dago. Txapelketa Gure Etxea eraikinean jokatuko da maiatzaren 15ean, 17:00etan.

Aurkezpena eginda, zein da orain lantalde eragilearen egitekoa?
O. Parte hartze dinamika eta aurkezpenaren ondoren talde eragileak hainbat lan ildo lantzeko ditu. “Ajea” pasata, guztia aztertu eta hurrengo pausoak nola eman zehaztu behar dugu. Beti ere, komunitateak esaten duenarekin bidea eginen dugu. Pausoak ez daude zehaztuta, guztion artean sortzen eta eraikitzen dugu.

A. Jarduera horiek egin ondoren, ebaluazioa eginen dugu. Beti da garrantzitsua hori egitea. Batzorde bakoitzak eginen du ebaluazioa. Talde eragilean ere balorazioa eginen dugu. Eta nola jarraitu aztertuko dugu. Ildo batzuk baditugu. Ni, esaterako, antzerkizalea naiz. Prest egongo nintzateke ikastetxeekin zerbait egiteko.

Borondatea duenak, ateak zabalik ditu?
A. Hala da.

Komunitatea Ehuntzen programa urte bat barru nola egonen da?
A. Baikorrak izan beharko gara. Duela urte bat hasi ginen. Ni, esaterako, kontaktatu nindutenean talde eragilean ez nuela ezer egiterik esan nuen, teknikariek egon behar zutela. Bada, talde eragilean nago eta ekarpen txiki bat bada ere, ekarpena egiten dut. Urte bat barru? Ez dakit. Ea jendeak, komunitateak, parte hartzen duen eta ekarpenak egiten dituen.

O. Ameliak dioen moduan, baikorrak izan behar gara. Horretarako gaude lanean. Nik ehuntze hori sendotuko dugula ikusten dut. Sare moduko bat ikusten dut. Orain guztia pixka bat airean dago, edo sortzen duguna ez dago komunitatean hain finkatuta. Baina urte bat barru guztia errotuta eta martxan ikusten dut.

A. Esan beharra dago aholkularitza badugula: Nafarroako Osasun Publikoko bizpahiru pertsona etortzen dira. Haiek Nafarroan dagoen komunitate sarea kontrolatzen dute eta beraiekin lanean jarraituko dugu. Ea zer ematen duen.