Oinherri, herri hezitzaileak eraikitzen

Miren Mintegi Claver 2026ko apirilaren 23a

Aitziber Leoz Etxarri eta Esther Lacasta Perez-Ilzarbe, Oinherriko kideak.

Oinherri herri hezitzaileen filosofiatik lanean dabilen elkartea da eta bertako kide da Aitziber Leoz Etxarri Altsasuarra

Oinherri herri hezitzaileak sustatzen dituen elkartea da. 2012an sortu zen, Ciudades educadoras-en testuinguruari lotuta. Honek, herrien izaera hezitzailea lortzea zuen helburu. Testuinguru horretan, eta elkarte horren filosofiarekin bat eginez, sortu zen Oinherri. Nolabait ere, Ciudades educadoras-en eginkizuna Euskal herriko testuingurura ekartzeko. Gauzak honela, 2012an martxan eta lanean jarri zen Oinherri elkartea.

Oinherrik hiru langile ditu: Maite Azpiazu Errazkin, Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Haur Hezkuntzan diplomatua; Naiara Martin Gomez, Aisia hezitzaile eta euskaltzalean aritua eta Pedagogian graduatua; eta Aitziber Leoz Etxarri, altsasuarra, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Ingurumen Hezkuntzan masterra eta Graduondokoa Pedagogia Berdean. Aitziberrek lagun baten bitartez ezagutu zuen Oinherri, lan eskaintza aurkitu eta lanari ekin zion. Irabazi asmorik gabeko elkarte horren helburua argi azaltzen du Altsasuarrak: "Herri hezitzailea den filosofia horretan herriak hezi eta lagundu".

Bi bazkide mota ditu Oinherrik: Alde batetik, bazkide sustatzaileak, bertan aisia elkarteak, hezkuntza formalarekin lotutako elkarteak… Zehazki, hemeretzi bazkide sustatzaile daude: Artazia, Dindaia, Elgoibarko Izarra, Hezten, Hik hasi, Hiritik at, Hiruki larrosa, Irrien Lagunak, Kokoriko, Kukulaisi, Oarsoaldea, Plisti Plasta, Ttakun, Txatxili Purdi, Urtxintxa, Zirimola, Katxiporreta, Agerraldia eta Argi-Begi. Bestetik, bazkide laguntzaileak ditu ere, udalak. Gaur egun 30 udal inguruk parte hartzen dute Oinherriko sarean: Aguraingo Udala, Azpeitiko Udala, Berako Udala, Etxarri Aranazko Udala… eta Euskal Herritik sakabanatutako beste hainbat udal. Alfredo Hoyuelos Planillo iheberdarrak Oinherriren kolaboratzaile izan da. Bere ekarpenik nabarmenena bi liburu izan dira: Jolasa: eskubidea eta errealitatea eta Parkeak bizitzeko modu berriak.

Balioak

Bazkide sustatzaileen artean dauden horietako bat Dindaia fundazioa da. 2004. urtean sortu zen eta Nafarroako haurren aisialdi euskaldun eta hezitzailea du helburutzat. Dindaiako kide den Esther Lacasta Perez-Ilzarberen hitzetan, "Dindaia aisialdi euskalduna bultzatzeko sortu zen fundazioa" da. Nafarroako euskarazko aisialdiaren egoeran "hutsune handia" ikusten zuten eta, beraz, egoera horri ekarpen bat egiteko helburuarekin sortu zuten. Oinherrirekin bat egitea erabaki zuen Dindaiak ere, Lacastaren arabera: "Bat gatoz Oinherrirekin honen izaerarengatik. Elkarteak aldarrikatzen duen aisialdiaren izaera hezitzailearekin bat egiten baitu gure filosofiak". Ez dute edozein aisialdi defendatzen, "pedagogia feministatik, ingurumenaren zaintza eta errespetutik" eta abarretatik abiatzen den aisialdia baizik.

Oinherri, herri hezitzaileak bilatzen edota defendatzen dituen elkartea da. Eta, zazpi baliotan oinarritzen da haien eginkizuna: Haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura; benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena; aisia hezitzailea; euskalduna; aniztasunean berdin eta parekide; ingurumen naturala eta kulturala zaindu eta komunitate sarea eta auzolana. Leozen arabera, oinarri "orokor" horietatik abiatuta, "lan ildoak garatzeko gai ezberdinak" ateratzen dira eta bertatik abiatzen dira proiektuak. "Funtsa edo lehenengo egiten dena egituratzea" dela dio altsasuarrak. Alde batetik, herriko udala edota udaleko norbait. Bestetik, hezkuntza formala. Hau da, eskola, ikastetxe, guraso… Eta, azkenik, hezkuntza ez-formala: aisialdirako edozein eragile. Esate baterako, musika eskola, dantza taldeak, kirol klubak… Behin egituraketa eginda, proiektuak edota erronkak finkatzen dira. Leozek azaldu duenez, ondorengoa da prozedura esate baterako: "Herriak berak dituen proiektu edo erronkak izaten dira. Adibidez, herri batean ez dago aisia eskaintzarik edo dagoena oso murritza da. Hor aisialdi talde bat sortzeko beharra ikusten da. Orduan bazkideengana goaz eta antolatzen hasten gara arazoa konpondu ahal izateko". Dindaiaren testuinguruan "herritik beharra ikusten da gazteak aktibatzeko eta aisialdi taldea sortzeko. Hor Dindaiak, adibidez, aholkularitzan edo bidelaguntzan egiten du lan", azaltzen du Lacastak.

Aipatutako balioen artean, altsasuarrak bi nabarmendu nahi izan ditu: haur eta nerabeen parte hartzea eta espazioen eraldaketa. Patio edota espazioen eraldaketak egiten dituzte, haur eta nerabeen beharretatik abiatuta, espazio horiek haien beharretara egokitu daitezen. Gainera, haur eta nerabeen parte hartzearen kulturak begirada guztiz aldatu diola dio. "Nik buruan nuen parte hartze mota bat, kontsulta informatiboan oinarritzen dena. Baina benetan zer parte hartze motak dauden ezagutu ditut. Haurrei galdetzen zaie, baina errealitatean ez ditugu kontuan hartzen. Beraiendako gauzak egiten ditugu baina ez beraien beharrengandik sortuak". Horren inguruko baliabide bat eskuragarri dago Oinherriren webgunean.

Aholkularitza edota proiektuez aparte, materiala ere eskaintzen du Oinherrik. Hau da, liburuxkak sortzen dituzte, haien bazkideekin batera. Helburua "herritarren esku jartzea baliabide bat helburu horien inguruan edo gai horien inguruan laguntza edota bidelaguntza bat eskaintzea" da Lacastaren arabera. Batzorde zehatzak eratuta sortzen dira liburuxkak. "Orain hamaika daude, web orrian aurki daitezkeenak" azaldu du Leozek. "Elkarlanean" egindako liburuxkak dira, "bakoitzaren esparrua kontuan hartuta". Hau da, "Herri antolamendua, hirigintzako elkartearekin; Nola landu sexualitatea, Hiruki Larrosarekin". Sexualitatea, haur eta nerabeen parte hartzea, feminismoa, herri antolamendua… bezalako gaiak jorratzen dira Oinherrik eskaintzen dituen liburuxketan. "Azkeneko liburuxkak berak badauka atal oso praktiko bat. Bertan, egoera errealak planteatzen ditu, gerta daitezkeenak, eta hauei aurre egiteko gomendioak eskaintzen dituena" azaldu du Lacastak.

"Ikusten dugu badatozela proiektu edo eskari dexente"

Prestakuntza ere eskaintzen ditu Oinherrik. Leozek azaldu duenaren arabera, "prestakuntzak eskatzen digutenaren arabera izaten dira". Hau da, badituzte haur eta nerabeen parte hartzearen inguruko prestakuntzak egituratuta, baina gero eskariaren araberako prestakuntzak eskaintzen dituzte.

Elkartearen finantzaketari dagokionez, "udalek ordaintzen digute gehiena, baina dirulaguntzak eskatzen ditugu ere" azaldu du Leozek. "Bazkideen kuotak, bai eragileenak, bai udalenak baita dirulaguntzak ere" gehitu du Lacastak. Gero, proiektu zehatzetarako, dirulaguntza zehatz edota puntualak daude, patio eraldaketetarako, esate baterako.

Egitasmoak

Proiektu asko egin ditu Oinherrik bere helburua betetzen joateko. Hasi zirenetik, lanari ekin zioten eta hala darraite. Orain esku artean Aisia Elkarrekin Eraikiz ekintza edota proiektua dute. "Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusibo batek zer izan behar duen, hori herrietan mapatzea edo mapatzen laguntzea du helburu. Oraindik ez dugu oso argi zein izango den emaitza baina lanean gabiltza". Lacastak azaldu du gainera hezitzaile foro bat dagoela. Bertan, prestakuntza jasotzen dute, hezitzaileek ondoren haien herrietan nola sustatu jakin dezaten.

Martxoaren 6an, Oinherrik batzar orokorra egin zuen Etxarri Aranatzen. Bertan, bazkide sustatzaile zein laguntzaileak batu ziren, azken urteko balorazioa egitera. Lacastak, Dindaiako ikuspegitik "izugarrizko hazkundea" azpimarratzen du. "Energia, gogoak… daude", urteko balorazio eta kontuak eman ziren gainera. "Nik ikusi nuena izan zen indar handia, gogo handia eta gero eta gauza gehiago egiten ari direla. 2025ean gauza asko egin ditugu: foroak, liburuxkak, irrati saioak, beste hainbat proiektu, eskola kirolak, teknikarien foroa…" laburbildu du Leozek batzarrean aipatutakoa. Gainera azpimarratu du web orrian baliabide eta material guztia dagoela, edonork ikus dezan.

Orain, bi astean behin, Naiz irratiko Zebrabidea saioan herri hezitzaileen sareko kide desberdinak izango dira. Bertan, egindako edota eskuartean dauzkaten proiektuez hitz egingo dute, besteak beste.

"Gizartearen norabidea guztiz neoliberala eta indibidualista da"

Gainera, dei egiten du heldu diren hilabeteetan deituta dituzten hainbat ekintzetan parte hartzeko: Ekainaren 25ean Iruñean jardunaldi batzuk egingo dituzte, hirigintzaren inguruan. Izan ere, "ikusten dugu badatozela proiektu edo eskari dezente, edo ikusten delako badagoela hor mugimendua espazioen eraldaketan eta patioen eraldaketekin". Eta bestetik, azaroaren 30ean, herri edo hiri hezitzaileen nazioarteko egunerako proposamen batekin datoz ere. "Gure sarean dauden herriei dinamika bat proposatuko diegu. Denek egun berean, jolasa kalera ateratzeko".

"Pandemiak gogor jo zuen aisialdia. Bereziki haurren aisialdia, euskalduna. Izan ziren lehenengo ekintzak eteten eta azkenak berreskuratzen. Testuinguru horretan konturatu ginen zein garrantzitsua den saretuta egotea eta elkarlana sustatzea". Eta horrekin batera Lacastak azpimarratu du Oinherrirekin saretuta egotearen onurak. "Ezagutza eta indarrak partekatzeak indarra ematen du. Gaur egungo gizartearen norabidea guztiz neoliberala eta indibidualista" dela adierazi du Lacastak. Eta horrelako testuinguruan Oinherriren egitekoak azpimarratzen ditu gainera: "Oinherrik kontrakoa aldarrikatzen du. Komunitatea, elkarlana, kultur eskubideak, euskararen babesa, feminismoa".

Herri Hezitzaileen sarean Euskal Herriko ia 50 herri batu dira jada. Gehienak Gipuzkoan eta Bizkaian daude. Eta orain Araban sartu dira gainera, Agurainen zehazki. Nafarroan aldiz bost herritan dabiltza lanean: Etxarri Aranatz, Bera, Lesaka, Baztan eta Donezteben. Oinherrik herri gehiagotara iristea du helburu. Maite Azpiazu Gipuzkoako herriez arduratzen da, Naiara Martin, Bizkaiakoez eta Aitziber Leoz Nafarroa eta Arabakoez.

Altsasuarrak gonbidapena egin du: "Balio hezitzaileetan hezi nahi duen edozein herri, edo gure balioekin bat egiten duen edozein herrira irekita dago Oinherri. Balio hezitzaileetan hezi nahi duzu zure herria? zure espazioa? Batu Oinherrirekin".