Astekaria

Martxelo Otamendiren biografiaren bidezko Euskal Herriko historia

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko apirilaren 20a

'Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza' liburuaren ale bat.

Apirilaren 21ean, asteartea, Martxelo Otamendi eta Garbiñe Ubeda Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira, 'Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazeratitza' liburuari buruzko solasaldian

Garbiñe Ubeda Goikoetxea idazle, kazetari eta diseinatzaileak Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazeritza liburua idatzi du. Martxelo Otamendiren bizitzaren eta ibilbide profesionaletik egiten duen ibilbidea ez ezik (Euskaldunon Egunkariaren sorrera, itxiera eta Berriaren hasierak...), irakurleak "gu topatuko gaitu; gu denok". Eneida Carreño GUAIXE IRRATIko esatariarekin izandako solasaldian idazleak azaldu duenez, "nahiz eta Martxeloren izena daraman, uste dut mundu guztia dagoela hor. Horregatik bakarrik uste dut irakurtzea merezi duela. Auto-omenaldi bat da, norberak bere buruari egingo liokeena".

Apirilaren 21ean, asteartea, 18:00etan, biak, Otamendik eta Ubedak, liburuari buruzko solasaldia eginen dute Altsasuko Iortia kultur gunean, Literatura Geraldiak programaren barruan. Solasaldian Ubedak sarreratxoa eginen du, "liburua zergatik idatzi dugun eta horrelakoak", eta ondoren galdera bat luzatu ohi dio Otamendiri: "Hizketan hasten da eta galdera askoz gehiago egiteko ez dut aukerarik izaten". Amaieran, gerturatutako jendeak hitz egiteko aukera izanen du ere.  

Handira jotzeko kazetaritza "enkarguz" iritsi zitzaion Ubedari: "Jakinek, Elkarrek eta Berriak kazetaritza pausatuago deitzen den horri irtenbide gehiago emateko bilduma bat sortu dute. Horrela iritsi zitzaidan enkargua". Bilduma horren barruan liburu gehiago idatzi dira, baina pertsona batean oinarritutako bigarrena da Martxelo Otamendirena; bestea, Elixabete Garmendiak Karlos Garaikoetxeari egindakoa da. "Besteek Sahara, Palestina eta horrelako gaiak lantzen dituzte". Nahi eta behar bati erantzun dio liburuak. Testua irudiekin osatzen da: "Osagarri dira; Martxelo berez oso espresiboa da eta dena ongi azaltzen du, baina irudiak zeudenez, sartzea erabaki genuen". 

Konfiantza
Kazetaritzaz hitz egiten duen kazetaritza liburu bat da, elkarrizketa formatuan idatzitakoa. "Aitortu behar dut niri batzuetan kostatzen zaidala kazetaritzak dauka arauetara ekartzea. Ez dakit nobelak edo bestelakoak idatzi ditudalako, baina adibidez lehen pertsonara etortzen naiz sarritan, eta kazetaritzan hori zailagoa da". Pertsonalismoetatik alde egiteko erabili du kazetaritza kutsua: "Bere biografiaren bidez gure historioaren parte azaltzearren; pertsona baten gainean ari gara, oso pertsonalizatua dena, baina era berean hori gainditzen da eta denok gaude historia horretan". Besteak beste, Ubedak Euskaldunon Egunkaria aipatu du, jende askok lagundu baitzuen Egunkaria aurrera ateratzen, "denon historia da". 

"Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit justu zein den hitza", Ubedak eta Otamendik harreman eta konfiantza handia dute: "Aspalditik ezagutzen dut, badakit zer daukan kontatzeko eta ez nau sorpresaz harrapatzen; horrek distantzia ematen du ere". Otamendiri ere "gauza bera" gertatzen zaiola azaldu du idazleak: "Asko hitz egiten du eta pausak jarriarazi behar dizkiot; bestela, ez dut maneiatzen. Oso argi dauka berak". Liburua irakurtzen duena jabetuko da bere istorio pertsonalaz ez dela asko ageri, "eta apropos egina dago". Liburuaren hasieran euskaltzaletu zela aipatzen da, baina gainontzean "ibilbide profesionala, prentsa eta abar" aipatzen da.  

Ubedak azaldu duenez, Otamendi ezagutzen duenak badaki "handira jotzekoa dela beti", baina hori batzuetan harrokeriarekin nahasten da, "baina justu kontrakoa da: harrotasuna konplexurik gabe jokatzea". Hori da Otamendik erakutsi duena: "Berak konplexuen kontra egin du beti eta liburuan azaltzen da". 

Konplexurik gabe
Euskaldunon Egunkariaren hasierak oso zailak izan zirela eta jendea biziraupen "hutsean" zebilela azaldu du Ubedak; egunkari bat atera beharra zegoen eta hura ateratzea zaila izan zela gaineratu du: "Horrek nahigabe konplexu batera eramaten zaitu, eta Martxelo etorri zeneko sekulako haize bolada izan zen". Besteek bezala jokatu behar zutela esan zuen; "gu ez gara gutxiago". Horrela "hitzez" esanda "harrokeria" dirudiela esan du Ubedak, "baina ez zen inolaz ere harrokeria bat. Konplexu guztien kontra jotzeko zera hori zen. Ez da artifiziala. Hori dauka Martxelok". Otamendik "grin hori" dauka, eta ateratzen du: "Euskaldun Egunkariari oso ongi etorri zitzaion, beste maila bat eman zion, beste maila batera igo zuen". Ubedaren iritziz, kazetaritzak hori eskertu behar dio Martxelori, beste hainbat gauzen artean.

Euskaltzale
Liburuan azaltzen den bezala, Otamendi euskalduna zen, baina ez zen euskaltzalea. "Arau zabala da, gehienbat garai horietan; ez konturatzea zer daukazun eta nahigabe gutxiestea". 1974-1975 garaiari buruz ari da Ubeda eta garai horretan euskara sustatzeko mugimendua handia zegoen, "berari gertatu zitzaion kuadrilla batean hizketan ari zela, euskaldunak denak baina erdaraz hitz egiten, eta norbaitek aurpegiratu zion nola ez zareten lotsatzen". Otamendiri hitz horiek harrotasuna ukitu zion, "eta hari bezala askori ere". Idazleak "sorpresa hartu" zuen euskaltzaletasuna beranduago iritsi zitzaiola jakitean, "nerabe zenean urte horiek ez ditut ezagutu, baina pentsatzen nuen euskaltzaletasun hori betidanik zeramala, eta konturatu nintzen gerora heldu zitzaiola". Itxaropena ematen duela gaineratu du idazleak: "Pizgarri batek berehala piztu dezake euskaltzaletasuna; behar duguna". 

Literatura Geraldiak
Sakanako Mankomunitateak antolatzen duen Literatura Geraldiak programari hiru geraldi geratzen zaizkio. Apirilaren 21ean, asteartea, Martxelo Otamendi eta Garbiñe Ubedaren solasaldia ez ezik, gaur, apirilak 17, Lakuntzako liburutegian, Mikel Pagadizabal izanen da Bisita solasaldiarekin (18:00etan). Azken geraldia apirilaren 24an izanen da; Joseba Sarrionandiak Egoerak eta liburuak hitzaldia emanen du Iturmendiko udaletxean. Guztira, euskal literaturarekin lotutako zortzi ekimen izan dira, Sakana osoan zehar.