Martxoaren 27an Burundantza I. edizioa izan zen, Iortia kultur gunean. Irantzu Gonzalez Dantza Eskolaren hamargarren urteurren harira antolatutako dantza txapelketa izan zen, eta 6 eta 16 urteko gaztetxoek parte hartu zuten, dantza eskolako ikasleak izan edo ez; gainera, txapelketaren ezaugarrietako bat da koreografiak ere dantzariek beraiek sortzen dutela. Helburua dantza sustatzea da.
Dantzariek adin araberako hiru kategorietan parte hartu zuten: Kids 6 eta 9 urte bitarteko haurrak, Junior 10 eta 12 urteko gaztetxoak, eta Youth 13 eta 16 urte bitartekoak. Guztira, hamazazpi talde eta zortzi bakarlarik parte hartu zuten txapelketan, eta goi mailako epaimahaia izan zuen: Maider Ruiz de Apodaka dantzari klasikoa eta Beasaingo Ballet eskolako zuzendaria, Izar Aguilar moder jazz dantzaria eta izen bereko dantza eskolako irakaslea eta zuzendaria, eta Garazi Urkola aktorea, dantzaria, sortzailea eta irakaslea; txapelketan ikusitako koreografien maila nabarmendu zuten.
Sariak
Parte hartu zuten dantzari guztiek domina jaso zuten, eta irabazleek epaileen eskutik trofeoa jaso zuten ere. Bakarlarietan, txikien kategorian lehenengo postua Ilunetik argira Katixa Lopetegiren koreografiarendako izan zen, bigarren postuan Lai-li Laia Lizarragaren dantza sailkatu zen, eta hirugarren postuan Iraide Igoaren dantza. Junior kategorian irabazle bakarra izan zen eta Urdiango izarrak, Aritz Urrutiak, irabazi zuen. Youth bakarlarietan Olaritz Iriartek irabazi zuen lehenengo saria eta Ihitza Mendozaren Dan(ihin)tza koreografiak biagarren saria irabazi zuen.
Taldeetan Txakur rockeroak, Koloretakoak eta Altsasuko Festa giroa taldeak lehenengo, bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Kids kategorian. Juniorretan Satrs on stage taldeak irabazi zuen lehenengo saria, Taupada bigarren sailkatu zen, eta Stars girls taldea hirugarren postuan sailkatu zen.
Youth kategorian Xorgiñak taldeak irabazi zuen lehenengo saria, Ilargia taldeak bigarren saria, eta Irrintzi taldea hirugarren sailkatu zen. Bestetik, azken talde honek lortu zuen Publikoaren saria.
Txapelketak
Irantzu Gonzalez Dantza Eskola txapelketa sasoi betean dago. Martxoaren 21ean Burgosko Orbe txapelketan bost talde izan ziren (Maitesua, Sua, Oihuarima, Berpiztu eta Gailur), eta hiru sari irabazi zituzten. Apirilaren 18an Euskadiko Txapelketa Nazionala izan zen Barakaldon, eta bertan Maitasua taldeak parte hartu zuen. Maiatzaren 3an, Logroñon, Furiusu dantza txapelketan Sua taldeak parte hartuko du, eta maiatzaren 16an, larunbata, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Iruñea Hiriko Dantza Txapelketan Berpiztu, Maitasuna, Sua, Oihuarima taldeek eta Pauala Urabayen bakarlariak parte hartuko dute.
Txapelketetan erakutsitako koreografiak maiatzaren 23an, 12:00etan, Iortia kultur gunean eginen duten emanaldian ikusteko aukera izanen da.