Astekaria

"Bukatzen ez den soka bat da"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko apirilaren 23a

Castillo Suarez, eskuinean, Peru Galbeterekin egindako aurkezpen emanaldia. MENDI URRUZUNO

Poesia bilduma lan berria argitaratu du Castillo Suarez idazle altsasuarrak: 'Lera'; Udane Ansaren ilustrazioak ditu.

Lera da Castillo Suarezek kaleratu duen azken poesia liburua. Udane Ansaren ilustrazioak ditu, eta martxoaren 30ean Oiartzunen aurkeztu zuten, Peru Galbeteren musikarekin girotutako emanaldi batean. Lan honetan hainbat ekitaldietarako sortutako poemak bildu ditu idazle altsasuarrak, asko Sakanarekin lotura handia dutenak: besteak beste, Amets egin nahian Fran Baldaren omenaldian irakurritakoa; Batzuetan, Jon Gurutz Maiza Artolari egindakoa; Altsasuko auziko gazteei eskainitakoa; Uharte Arakilgo Udalak plazan jarritako testua; Otsaportilloko ekitaldian irakurritakoa; Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldian irakurritakoa edota GUAIXE ASTEKARIAren 25 urteurreneko ekitaldian irakurritako Denbora eta tokia gurutzatzen direnean

Liburu berria, baina ez poema berriekin. 
Duela urte batzuk Elurra elurraren gainean izeneko liburu bat argitaratu nuen eta hor zeuden nik jendaurrean irakurritako hainbat poema. Poema bakoitzak bere ilustrazioa zeukan; Txakur Gorriakek ilustratu zituten. Harrez gero ekitaldi gehiagotan eta enkargu gehiago izan ditut, eta nire asmoa zen liburu hura handitzea, berriz argitaratzea. Autoedizioa izan zen. Kontua da Txakur Gorriakoek ez dutela jarraitzen, talde hori desegin da, eta orduan nire asmoa bertan behera gelditu zen. Ilustratzailerik gabe ez neukan jarraitzeko asmorik. Baina udan etxea ordenatzen ari nintzenean lamina bat aurkitu nuen, Udane Ansa ilustratzailearena; behin liburu baterako poema bat idatzi nuen eta argitaletxekoek ilustrazio originala eman zidaten. Ez dakit nola, batzuetan bizitzak horrelako seinaleak ematen dizkizu, eta Udaneri bidali nion eta berak ilustrazioak egitea proposatu nion. Irakaslea da lanbidez, eta udan ongi zetorkion egitea, eta poema horiek guztiak ilustratu zituen. Nire asmoa zen berriz liburua nik editatzea. Udane Oiartzunen bizi da eta 1545 argitaletxeko kideen ezaguna da; aipatu zien, eta haiek argitaratzearen proposamena etorri zen. Horregatik egin genuen aurkezpena Oiartzunen. 

Nolakoa izan da prozesua? Ez da denbora tarte handia pasa, ezta? 
Ez. Gainera, gaur egun argitaletxeek plangintza batekin lan egiten dute; lehen ere egingo zuten, baina dirulaguntzei begira nolabaiteko plangintza bat daukate eta oso ongi zehazten dute urte bakoitzean zenbat liburu aterako dituzten eta abar. Orduan, beraien asmoa zen 2026an argitaratzea, ISBNa eta abar aurtengoa izatea. Aurkezpena prestatzeko denbora behar izan dugu. Peru Galbeterekin egin dugu ere eta bai berak bai nik denbora pixka bat behar genuen emanaldi hori izango zena antolatzeko. Dena kontuan hartu behar da; horrela suertatu da. 

Poemak biltzeko gogoa zenuen, baina nola hautatu dituzu? 
Adibidez, penarekin gelditu naiz Iñigo Aritza ikastoloaren urteurrenerako prestatu nuelako testu bat eta ez dudalako sartu. Baina izango dira beste batzuk; pentsatu nahi dut jarraituko dudala horrelako gauzak egiten. Beharbada hurrengo argitalpenean sartuko ditut. Baditut gehiago; hau bukatzen ez den soka bat da. Beti dago enkarguren bat. 

Sakanarekin lotura dutenak daude. 
Hala da. Beti bilatzen dut halako transzendentzia bat nire testuetan. Beti bilatzen dut izan daitezela momentu horretarako prestatutako testuak, baina aldi berean denboran irautea. Ez zaizkit gustatzen une baterako geratzen diren testuak. Adibidez, GUAIXEri buruz hizketan ari garenean eskualde batekiko denok daukagun loturari buruz da ere. 

'Lera' du izenburua. Berriz ere elurra tartean. 

"Testu eta irudi guztiak ikusita zein da honen lalburpena? 'Lera' poema atera da"

Gure aitak lera bat egiten zigun eta etxetik behera bulkatzen genuen, malda handi bat baitago, eta gure beldurra zen behean gaztainondo bat zegoela eta kontra egitea. Nolabait poza da; leraren beste adiera bati egiten zaio erreferentzia. Biak lotuta daude. Beti egiten genuen behera lera gorri horretan eta gaztainondo bat zegoen. Udaneri ilustrazioak egiteko askatasuna eman nion eta berak marrazkia egiteko hori erabili zuen, eta gustatzen zait. Lera poemaren atzekaldean dagoen hori propio egina dago; Udaneren marrazkia ikusita a posteriori egindako testua da. Testu eta irudi guztiak ikusita zein da honen laburpena? Eta Lera poema atera da. Perurekin emanaldia hasteko hori ere da: Lera

Eta txuria da; zikintzeko beldurra ere ematen du.
Egia esan, elurra eta txuritasun horrekin normalean erreparatzen ez diezun gauzei erreparatzen diezu. Udaneren hautua izan da, eta nik uste asmatu duela. 

Aurkezpena Oiartzunen egin zenuten. Besterik egitea aurreikusten al duzu? 
Ez dut pentsatu. Lehenengo proba egin genuen, martxoaren 30ean, oporrak baino lehen, eta orain elkartuko gara berriz zer egin, zer hobetu eta abar ikusteko.

Literatura eta musika uztartzen ari zara. Zergatik? 
Egia esan, ez da gustatzen zaidan zerbait; hau da, niri kostatu egiten zait. Emanaldietan gaizki pasatzen dut, gero itxuran beste bat bada ere. Ez naiz oso plazako emakumea, baina denak enkarguak izan dira, nolabait esateko. Hiru emanaldi batera egiten ari naiz: Juantxo Zeberiorekin Alaska, enkargua izan zen; Sara Zozayarekin beste bat daukat, Elurra izenekoa, eta beste enkargu bat izan zen, eta hau ere beste enkargu bat izan da. Ez dakit nire bertutea den edo kontrakoa, baina ez dakit ezetz esaten, eta gaur den egunean hiru emanaldi dauzkat martxan. Nik ez ditut musikariak bilatu, alderantziz izan da. 

Poesia bizirik al dago? 
Aurrekoan Berrian argitaratu zuten Liburuaren Eguna baino lehen (apirilak 23) argitaratzeko zeuden liburuen zerrenda eta poesia liburu gehiago argitartzen dira, eleberri baino; gauza asko argitaratzen ari da, eta alde horretatik nik uste osasuntsu dagoela. 

"Ari naiz nigan ezohikoa den gauza bat egiten, estilo aldetik; buelta bat eman beharko diot"

Idazten ari zara? 
Ari naiz nigan ezohikoa den gauza bat egiten, estilo aldetik-eta. Ez nago oso konbentzituta. Beharbada ez dut inoiz plazaratuko, baina banuen gogoa zerbait desberdina egiteko. Baina ez dakit; buelta bat eman beharko diot. Udan gauza asko egiten ditut, arratsaldetan libre dudalako-edo, eta udarako lana izango da hori, nik uste.