Astekaria

"Zikloan parte hartuko duten pertsonen arteko hartu emana bulkatuko da"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 23a

Ongi Etorri zikloko antolatzaileak eta laguntzaileak.

Apiriletik garagarrilera arte sei jarduera izanen dira Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian, Ongi Etorri zikloaren barruan; Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile den Begoña Zestau Baraibar da antolatzaileetako bat. 

Burunda mendebaldean Ongi Etorri migratzaile eta errefuxiatuak zikloa antolatu dute, Sakana guztiari zuzenduta. Besteak beste, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuak antolatu du zikloa. 

Ongietorri, nori?
Sakanara bizitzera datorren guztiari. 

Ongietorri, zergatik?
Guk ongi hartu nahi ditugulako hona bizitzera etortzen direnak eta, gutxienez, ongi etorri mezua helarazi nahi dugulako. Horrekin batera, harrera hobetu nahi dugulako, beti dagoelako zertan hobetu. 

Ongietorri, nola?
Modu askotan izan liteke. Azken urteetan Sakanan hainbat modutan egin da. Egin izan dira erakunde ongietorriak udaletxeetan, ikastetxeetan, edo modu informalean, herrietako festetan txertatuta. Eta egunerokoa hartu-emanean, zerbitzutik eta eskualdeko eragileekin koordinatuta, edonoiz, eta egunero. Modu ugari ongietorria emateko. 

Ongietorri, zeinek?
Hainbat eragilek. Hasi udal buruetatik, udaleko zinegotziak eta langileak, ikastetxeetako langileek, hainbat zerbitzuetako langileek, baita norbanakoak ere. Ondora etortzen zaigun, ezagutzen ez dugun pertsona horri ongietorri ematea, hasiera da. Gero ikusiko da. 

Zikloak ideia horiek zabaltzeko balio du?
Bai, bai, bai, jakina, ongietorri hori zabalduko da. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuan horretan gabiltza azken 20 urtetan. Migrazio dakarten joan-etorrien mugimendu horrekin, etortzen denari ere, noski, ongietorria eman diogu ekimen horien bidez. Izan ere, ekimen horietan parte hartuko duten pertsonen arteko hartu-emana bulkatuko da. Geroz, ongietorri hori emanen zaio, eta gero harremanak pixkanaka-pixkanaka lotzen, sortzen, sendotzen joatea da asmoa, edo helburuetako bat. Eta, horrekin batera, ditugun uste, aurreiritzi, zurrumurru, entzuten ditugun egia ez diren kontu garbituko ditugu eta egiazko harremanak sortu. 

Horregatik kartelean ageri den besarkada?
Bai. Kontua da ikusten ez dena eta entzuten ez dena ez dela existitzen. Guk argi utzi nahi dugu euskaratik, gurea denetik, ongietorri hori, hurbiltasun hori eskaini nahi diegu hona etortzen diren guztiei. Eta hain zuzen, horregatik, kartelean ongi etorri letra larriz idatzita dago. Bizi dugun garaia ez da xamurra, preseski. Gauzak gero eta zailago jartzen ari dira. Zabaltzen ari diren diskurtsoak ez doaz zentzu horretan eta, hain zuzen, sinisten dugunetik beste diskurtso bat zabaltzen dugu. Karteleko irudian elkarren ondoan daude. Azken finean, denak gizaki garelako, berdinagoak desberdinagoak baino. Eta migratzea eta mugitzea edozein gizakiaren eskubide bat da. 

Kartelean bi herriren banderak agertzen dira, zergatik? 
Palestinarena eta Ijito Herriarena. Keinu bat da. Presente ditugula, ez ditugula hazten adierazi nahi du. Beti gonbidatzen ditugu, nahi duten bezala eta nahi dutenean parte hartzen dute, kanpoko edo barruko ekimenetan, ahal dutenean. Baina guk beti presente ditugu. Palestinan gertatzen ari dena, jada ez dut hitzik hori definitzeko. Baina gu ez gara herri hortaz ahazten, pasatzen ariko diren eta imajinatu ezin dugun sufrimendu horrekin. Genozidioa hasi zenetik, euskarri guztietan dagoen keinu horrekin haiekin gogoratzen garela adierazi nahi dugu. Eta Ijito Herriarena, haiei baimena eskatu ondoren agertzen da. Pozez hartu zuten proposamena. Gure artean daude, baina gu oroitzen gara. Apirilaren 8an izan zen Ijito Herriaren Eguna. 

Zikloa zeini zuzenduta dago?
Nahiz eta zikloa Altsasuk, Olatzagutiak eta Ziordiak hartuko duten, zikloa Sakanan bizi diren pertsona guztiei bideratuta dago. Baita ibarretik kanpo bizi direnei ere. 

Haiei ere ongietorria egingo al diezue?
Jakina. Eta haiek ekar ditzaketen proposamenak ongietorriak izanen dira. Ondoren ikusiko da aurrera eman ditzazkegun, edo zer modutan egin daitezkeen. Zikloan bertan gehienak sakandarren edo ibarreko eragileen ekimenak dira. Baina, esaterako, Iruñerriko Felipe Rinaldi fundazioak ere parte hartzen du. Giza Eskubideen arloan lan egiten dutenez, zentzu osoa dauka zikloan parte hartzea.