Mutilen bigarren maila autonomikoa bigarren fasean sartu da, sailkatze fasean hain zuzen ere. Altsasuko CBASK Narum Fisioterapia taldea 1 eta 8 postuen artean sailkatzeko fasean dago. Lehen arerioa San Ignacio-Nasabi du. Joaneko partida apirilaren 11n, larunbatean jokatu zen Zelandin, eta CBASK-ek 81-62 hartu zuen mendean San Ignacio, merezimendu osoz, altsasuarrak hasieratik izan baitziren nagusi. Partida guztian aurretik izan zen CBASK taldea, eta garaipen erosoa lortu zuen, lehen lau postuen arteko borrokan sartzeko 19 punturen abantaila lortuta.
San Ignacio-Nasabik eta CBASK-ek itzuliko partida apirilaren 18an, larunbata, 16:30ean jokatuko da, Jesuitetan. Lehen lau postuen artean sailkatzeko CBASK-i nahikoa zaio 19 puntu baina gutxiagoren aldearekin galtzea. San Ignaciok, ordea, 19 punturen abantaila baina gehiagorekin irabazi beharko luke, aurrera egiteko. Emozioa pil-pilean egongo da, bada, Jesuitetan.
Neskak, ligako azken jardunaldietan
Nesken lehen maila autonomikoan liga despeditzeko bi jardunaldi falta dira baina, dagoeneko, CBASK Xabi Gorriz Micropigmentacion taldea lauko finalerako sailkatua dago. Hala ere, asteburuan jokatutako 24. jardunaldian beste garaipen bat pilatu zuten altsasuarrek, hemeretzigarren garaipena, Valle de Egues C taldeari partida oso estuan 56-60 irabazita.
Liceo Monjardin da liderra (46 puntu), Navasket SF´Old (44 puntu) eta CBASK (43 puntu) taldeen aurretik. Apirilaren 18an sailkapenean hirugarren den CBASK-ek bederatzigarren den Avia Zizur Ardoi hartuko du Zelandin, 16:00etan.