Irmoki salatu dute Iruñeko hilketa matxista

Guaixe 2026ko apirilaren 16a

Indarkeria matxistaren kontra egindako elkarretaratzea. UTZITAKOA

Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da. Hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira. Matxismoaren aurrean autodefentsa feministaz erantzutera deitu du Mugimendu Feministak. 

Urruntze agindua ezarrita zeukan gizon batengandik ihesi, 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoko eraikin bateko hirugarren solairutik erorita igande goizaldean. Euskal Herriko Mundu Martxak deituta, protesta kontzentrazioa egin zen Altsasun. Deitzaileek azpimarratu zutenez, indarkeria matxista egiturazkoa da. "sistema oso bat dago honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena, eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak". Nabarmendu zutenez, indarkeria matxistak "aurpegi ugari ditu, eta ez du gorputz guztiak modu berean gurutzatzen". Horri lotuta, "arrazakeriak indarkeria areagotzen" duela salatu dute: "Emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe utzi arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira".

Sanduzelaiko kasuari erreparatuta, Mugimendu Feministako kideek etxebizitza eskubidean eta etxebizitzarako sarbidean jarri dute fokuan. "Ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du". Era berean, erakundeen kontra ere jo dute, eta "irmoki" salatu dute instituzioen erantzukizun falta: "indarkeria matxistak ertz asko ditu eta emakumeok askotariko prozesu eta erritmoak ditugu, baina nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean? Emakumeak behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak haien erasotzaileekin bakarrik uztea ardugabekeria da". 

Gizonei ardura hartzeko deia egin diete: "noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista baina badakigu ere ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egiturara sostengatzen duen pieza zarete. Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude".
 
Matxismoaren aurrean autodefentsa feministaz erantzutera deitu dute Mugimendu Feministako kideek, eta norabide horretan lanean jarraituko dutela berrestu dute, "gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezian bestetan salatzen eta kaleak hartzen". Beraz, "denok aske bizitzeko" egunero egoera aldatzeko prestutasuna agertu du mugimenduak.