Futbola

Nafarroako Futbol Federazioak entrenatzaile guztiekin egon nahi du

Guaixe 2026ko apirilaren 22a

Nafarroako Futbol Federazioko bilkuretako bat. FNF

Sei ponentzia antolatu ditu. Sakanako saioa maiatzaren 25ean izango da, Altsasun, oraindik zehaztu ez den tokian.

Nafarroako Futbol Federazioak (FNF) Nafarroako entrenatzaile guztiekin bildu nahi du, parte hartzeko esparru berri bat sortu, bere lana kideengana hurbildu eta komunikazio estua sustatzeko helburuarekin. Horrela, FNF-ko Entrenatzaileen Batzorde berriak, Miguel Merino, Kakun Mainz, Iosu Ganuza eta Sergio Vazquezek osatutakoa, sei ponentzia edo bilera antolatu ditu, entrenatzaileengana hurbildu eta batzordearen etapa eta lan egiteko modu berria aurkezteko. 

Ponentzietan Entrenatzaileen Batzordeko kide berriak aurkeztuko dira eta denboraldi berrirako aurreikusitako lan ildo nagusiak partekatuko dira.  Helburu nagusien artean daude federatutako futboleko kategoria guztietako lizentziak arautzea, entrenatzaileen arteko komunitate sendoagoa sustatzea eta kide guztientzat eskuragarri dagoen kalitate handiko entrenamendua sustatzea.

Aipatu saioetan Roberto Espada izango da, FNF-eko Gizonezkoen Selekzio Nazionaleko prestatzaile fisikoa eta irakaslea dena, talde dinamiketan oinarritutako prestakuntza saio bat zuzenduko duena. Elkarrizketa espazioak sortzeko tresna izango da, parte hartzaileek euren kezkak partekatu, esperientziak trukatu eta batzordearen lana zuzenean ikusteko. Azken finean, entrenatzaileek elkar entzuteko, konektatzeko eta elkarlanean aritzeko ekimena da. 

Altsasun, maiatzaren 25ean
Altsasuko ponentzia edo saioa maiatzaren 25ean izango da, astelehenarekin, oraindik zehaztu ez den tokian, 19:00etatik 21:00ak arte. Izena ematea Nafarroako Futbol Federazioko webgunean egin behar da.