Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak egoitza berria izanen du Iruñean

Guaixe 2026ko apirilaren 29a

Eguneko zentro berria ezagutu zuten agintariek. UTZITAKOA

Hiriburuko Cordovilla auzokoa itxi eta Buztintxuri auzoan zabalduko dute berria garila baino lehen. Psikogeriatriakoak lau zerbitzu eskainiko ditu. Klinikak hamar lanpostu berri sortuko ditu.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak Iruñeko Cordovilla auzoan egoitza zabalik du 2020ko udazkena akaberaz geroztik. Baina handik Buztintxuri auzora aldatuko da. Egoitza berriko lanak aurreratuta daude eta garilerako han izanen da klinikaren egoitza berria. Zentroa Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten adineko pertsonen arretan espezializatuta egongo da. Honako baliabideak izango ditu: psikogeriatriako eguneko zentro bat (30 plaza), kontsulta medikoak, familia arnaserako zerbitzua eta Autonomia Sustatzeko Zerbitzua. Azken zerbitzu hori Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentziarekin hitzartuta egongo da, eta hainbat mendekotasun maila dituzten adineko pertsonei zuzenduta egongo da. Helburua da arreta espezializatu mota hori Iruñerrira eta Nafarroa osora hurbiltzea.

Horretaz aparte, klinikak Iruñeko Udalari eskatu dio 400 metro koadro inguruko kanpo espazio bat erabiltzeko baimena, patio terapeutiko gisa erabiltzeko. Elementu hori funtsezkotzat jo dute klinikaren arreta ereduan. Klinikako gerente Angel Gardachalek esan duenez, "espazio hori izateak dementzietan ohikoak diren alterazioak (agitazioa, desorientazioa edo antsietatea) modu eraginkorragoan lantzea ahalbidetuko du, esku-hartze ez farmakologikoen bidez". Gerenteak nabarmendu duenez, "pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten eta tratamendu farmakologikoetara jotzeko beharra murrizten duten alternatibak eskaintzeko aukera ematen digu". Izan ere, natura ingurunearekin kontaktua, modu autonomoan paseatzeko aukerak edo aire libreko jardueretan parte hartzeak aldartea hobetzen, autonomia sustatzen eta isolamendua murrizten laguntzen dute.

Enpleguari dagokionez, zentroak 15 profesionaleko taldea izango du, eta horrek 10 lanpostu berri sortzea ekarriko du. Gehikuntza horrekin batera, Altsasuko Eguneko Zentroaren erreformarekin eta handitzearekin, baita ospitalearen handitzearekin lotutako kontratazioekin ere, erakundeak ehun langile baino gehiago izango ditu Altsasu, Iruñea eta Gasteizko zentroen artean.

Adierazpenak
Egoitza berria klinikaren plan estrategikoaren parte da. Zentro berriko eguneko zentroko plaza guztiak Nafarroako Gobernuarekin hitzartzea eskatuko dute klinikako arduradunek. Horretaz aparte, narriadura kognitiboa duten pertsonendako baliabideen sarea indartzeko aukera emango du, arreta espezifikoa behar duen profila baita. Gardachalek esan duenez, "ez gara soilik adineko pertsonez ari, baizik eta behar kognitibo konplexuak dituzten pertsonez; beste ikuspegi bat, espezializatuagoa eta pertsonan oinarritua behar dute".

Klinikak gero eta erabiltzaile gehiago ditu eta halako baliabideen beharra gero eta handiagoa dela adierazi dute arduradunek. Egoitza berriarekin "arreta ahalik eta pertsona gehienengana hurbiltzeko apustua indartzen du". Felipe Leceak sortutako Klinika irabazi-asmorik gabeko erakundea da, gizarte-interesekotzat aitortua eta mezenasgo sozialaren erregimenean sartua. Horrek interes orokorrari egiten dion ekarpena eta osasun eta gizarte arloan duen eginkizuna aitortzen ditu.

Egoitza berria ezagutzeko aukera izan zuten agintariek apirilaren 16an egindako bisitan. Bertan izan ziren Ines Frances (Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari nagusia), Txema Mauleon (Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia), Joseba Arregi (Felipe Lezea fundazioko lehendakaria), Mª Carmen Maeztu (Gizarte Eskubideen kontseilaria), Angel Gardachal (klinikako gerentea), Aitor Larraza (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria) eta Sara Ruiz de Erentxun (klinikako kidea).