Sakana Igeriketa Taldean trantsizio urtea da aurtengoa. Joan zen denboraldi bukaeran igerilari dezentek taldea utzi zuten, nagusienek. Halakoak sarritan gertatzen dira kirol klubetan, bereziki kirolariek 18 urte bete eta ikasketa ibilbide berrietan hasten direnean. Ziklo aldaketak izaten dira, eta aurtengoan eraberritzea tokatu zaio Sakana Igeriketa Taldeari.
Klubean nobedadeak izan dira. Orain arteko monitore Olatz Azazeta Pelaezek klubaren ardura utzi behar izan du, lan kontuengatik, baina errelebo bikaina utzita, iaz bere ikasleak ziren Ane Arregi eta Oihane Razkin baitira taldeko lemazain berriak. Bestalde, juntan mugimendua izan da. Eloy Jaka da lehendakari berria, Edurne Igoa kontuhartzailea eta Josemi Razkin idazkaria. Guztiak elkarrekin trantsizio ederra egiten ari dira, eta Sakanako Igeriketa Taldea bizi-bizirik dago, bertara batu nahi diren igerilariak hartzeko prest.
Aurrekariak
Sakana Igeriketa Taldea 1995. urtean jaio zen, beste izen batekin: Intxostia Igeriketa Taldea. Irurtzungo igerilekuetan entrenatzen ziren hasieran. Arbizuko Kiroldegia egin zenean Arbizun lanean hasi zen Sakana Igeriketa Taldea, eta 2010. urte inguruan Altsasuko Zelandi kiroldegira lekualdatu zen.
Mikel Galan urte luzez izan zen taldeko entrenatzailea. Bere atzetik beste hainbat aritu ziren, azkena Olatz Azazeta altsasuarra. Berak uzterakoan, aukera bila hasi ziren. Ez da batere erraza, prestakuntza duen pertsona behar delako, batetik, eta ordutegi prestutasuna, bestetik, entrenamenduak arratsaldez baitira, eta asteburu askotan txapelketak jokatzen baitira.
Erreleboa
Zorionez, azkenean Ane Arregi eta Oihane Razkin taldeko igerilari ohiak animatu ziren taldeko ardura hartzera. "Orain arte eskolako igerilariak ginen, baina aurten asko unibertsitatean hasi, igeriketa utzi eta nagusienen taldea, nolabait, desegin egin zen. Taldean igerilari jaitsiera handia egon da" azaldu dute Arregik eta Razkinek.
Aurten hamabost igerilari dira trebatzen ari direnak. "Txikienek jarraitu dute, baina gutxi gara. Dena den, talde berria ongi egokitu da monitore berrietara, eta gustura daude. Orain gure burua ezagutzera eman nahi dugu, ea jendea animatu eta taldera batzen den" azaldu du Eloy Jaka presidenteak. Asmo horrekin Gabonetan eta Aste Santuan igeriketa campusa antolatu zuten, eta igerilari berriak batu dira.
Igerilari askok taldea uzteak juntan aldaketa ekarri du, haien gurasoak juntako kideak zirelako. "Gutxika jartzen ari gara. Gainera, juntakide ohiek asko laguntzen digute, edozein zalantzarekin edo Zelandin txapelketak jokatzen direnean".
Eloy Jaka: "Sakanan gazteek igeriketa egiten segitzeko tokia da gure taldea"
Teknika eta estiloetan sakondu
Igeri egiten ikasteko Altsasuko edo Arbizuko igerileku estalietan udalek antolatutako igeriketa ikastaroak daude. Ikastaro horiek bukatzerakoan igeriketan jarraitu nahi dutenek Sakana Igeriketa Taldean dute tokia. Primerakoa da igeriketan sakondu eta euren teknika hobetu nahi dutenendako, igeriketa egitea gustuko dutenendako eta lehiatzea gogoko dutenendako.
"Gazteek igeriketa egiten segitzeko tokia da gure taldea. Igeriketan sakontzeko espazio bat da, igeriketa estiloetan eta teknikan hobetzeko gunea" azaldu du Eloy Jakak. "Lehiaketarena aukerakoa da, hori nabarmenduko nuke. Guztiak lehiaketarako prestatzen dituzte, baina lehiatzea ez da derrigorrezkoa. Nahi dutenak txapelketetanlehiatzen dira, eta beste batzuk ez" gaineratu du Edurne Igoak. Igeriketa beste kirolekin osagarria dela argi dute. "Bateragarria da futbolarekin, saskibaloiarekin, pilotarekin...". Horregatik, malgutasunez jokatzen dute ordutegiarekin. "Badaude astean hiru entrenamendutara etortzen diren igerilariak, eta astean bitara etortzen direnak. Malgutasuna eskaini nahi diegu, denetara heldu eta gustura egon daitezen" azaldu dute monitoreek.
Sakana Igeriketa Taldea
Ane Arregik eta Oihane Razkinek "gogotsu" hartu zuten taldea gidatzeko erronka. "Olatz Azazetak taldea utziko zuela esan zigunean, justu sorosle ikastaroa egina genuen, eta aurrerago monitore ikastaroa egin genuen" gogoan du Oihanek. "Olatzek esan zigun guk taldea hartzea aukera bat zela. Gauza bat eta beste, animatu ginen" dio Anek.
Sakanako Igeriketa Taldeko hamabost igerilarien artean helduenak 16-17 urte ditu, eta txikienak 8-9. "Nahiz eta gutxi izan, adin ezberdinak dira. Batez ere duten mailarengatik eta lehiaketa adinagatik sailkatzen ditugu, gehienek Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Igeriketa Txapelketetan parte hartzen dutelako" diote monitoreek. Hiru talde dira: txikiak, ertainak eta handiak. "Handiak normalean junior kategoriagoak dira, ertainak kimuetatik infantiletara artekoak eta txikiak benjaminak, hasiberrienak".
Sakana Igeriketa Taldeak astean hiru entrenamendu ditu Zelandin, astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan, 17:30etik 19:00etara. "Hiru kategoriakoak batera etortzen dira. Txikiak ordu bat egoten dira, eta gainontzekoak ordu eta erdia".
Oihane Razkin: "Asko hobetu dugula nabaritzen dut, garapen bat egon da"
Taldea gidatzeko Olatz Azazetarekin lantzen zutenean oinarritu dira Ane eta Oihane, baina elementu berriak sartu dituzte. "Asko hobetu dugula nabaritu dut, garapen bat egon da" dio Oihanek. Maila bakoitzerako eta helburuen araberako entrenamenduak dira. "Adibidez, egun batean handiei karga sartzea tokatzen da, metroak egiten ohitzeko, txikienek teknika eguna eta ertainek tximeleta eguna dute. Ildo honetan, guztiei ongi etortzen zaie estilo guztiak eta entrenamendu mota guztiak lantzea".
NKJ-etan "oso gustura" lehiatzen dira. "Jubenilek gustuko dituzten estilo eta distantziak aukeratzen dituzte lehiatzeko, probak espezifikoagoak dira; ertainekin eta txikiekin, aldiz, orokorragoa da, denetatik egin dezaten. Azkenean, igeriketa hori da, estilo guztiak lantzea, eta guk ere hori sustatzen dugu".
Berriki, Altsasun
Apirilaren 18an NKJ-etako Igeriketa Txapelketako saioa jokatu zen Zelandin. Benjaminak eta kimuak aritu ziren. Sakanako Igeriketako juntakideek eta gurasoek lana izan zuten guztia prestatu eta kronometratze lanak egiten. "Txapelketetan ongi pasatzen dugu. Igeriketan ez da hainbeste irabazi edo galtzearen kontu hori. Gehiago da zuk zure buruarekin duzun erronka: denbora hobea egitea, teknika hobea lantzean gutxiago nekatzea... gauza horiek" argi du Oihanek. "Haurrek hobekuntza ikusten dute, eta pozik daude" dio Jakak. "Igeriketan horrek engantxatzen du, gehiago arituta, normalean, hobekuntza ikusten duzula", gaineratzen du Igoak.
Oso pozik
Juntakideak gustura daude monitore berriekin. "Lana pila bat erraztu digute, eta garrantzitsuena da igerilariak gustura daudela beraiekin. Oso pozik datoz. Talde polita sortu dute, eta sekulako giroa dute. Ezin dugu gehiago eskatu" argi du Igoak. Sakana Igeriketa Taldean "ateak zabal-zabalik" dituztela gogoratu dute. Maiatzean zabalduko da ikasturte berrirako kirol eskoletan izena emateko epea, baina edozein unean jo daiteke. "Gutxienez taldea mantendu, hori da gure nahia, kirola ez galtzea, Sakanan igeri egin nahi dutenek aritzeko toki bat izan dezaten. Helburua ez da Michael Phelps bat ateratzea; igeri egiteko aukera hori egotea eta gustura ibiltzea baizik".