Berri oso onak ditu Altsasuko CBASK Saskibaloi klubak. Nesken lehen senior maila autonomikoan CBASK Xabi Gorriz Micropigmentacion taldea Lauko Finalerako sailkatua dago liga despeditzeko hainbat jardunaldiren faltan. Bada, asteburuan mutilen bigarren maila autonomikoko CBASK Narum Fisioterapia taldea batu zaie.
Mutilen bigarren maila autonomikoan 1 eta 8 postuen sailkatze faseko itzulera partida jokatu zuen CBASK-ek San Ignacio Nasabiren kontra. Joanekoan talde altsasuarrak 81-62 irabazi zuen, abantaila lortuaz. Itzulerako partida borrokatuan 63ra berdindu zuten bi taldeek eta CBASK-ek egin du aurrera.
"Sufrituta, gogor lan eginda eta merezimendu osoz. San Ignacioren aurkako itzuliko partida tentsio handikoa izan zen, eta markagailuak berdinketarekin amaitu bazuen ere (63-63), joaneko partidan lortutako aldeari esker sailkatzea lortu dugu" azaldu du, pozarren, CBASK klubak sare sozialetan.
Lauko finala, asteburuan
Asteburuan jokatuko da Lauko Finala, Noainen. Apirilaren 25ean, larunbata, 17:00etan, Noainen eta Humiclimaren arteko finalerdia jokatuko da, eta 19:00etan Larraona Clareten eta CBASK-en artekoa. Ea altsasuarrak ongi aritu eta aurrera egiten duten. Bi talde irabazleek final handia apirilaren 26an, igandea, jokatuko dute, 18:00etan, Noainen. CBASK-ek final horretan egoteko dena emango du, eta prest daude Iosu Mendiolaren mutilak.
Neskek, ligako azken partida
Nesken lehen senior autonomiko mailan asteburuan ligako 25. jardunaldia jokatu zen, azken aurrekoa. CBASK Xabi Gorriz Micropigmentación taldeak Avia Zizur Ardoi taldea hartu zuen, eta lehia oso estuan 3 punturengatik galdu zuten altsasuarrek, 52-55. Parekotasuna izan zen partidaren ezaugarri nagusia, 7 berdinketa izan ziren eta markagailuan alternantzia, baina, azken segundoetan Zizurkoak azkarragoak izan ziren.
CBASK dagoeneko Lauko Finalerako sailkatuta dago, sailkapenean hirugarren baita (44 puntu) orain arte jokatutako 25 partidetatik 19 irabazita. Asteburuan jokatuko den ligako 26. eta azken jardunaldian CBASK-ek San Ignacio hartuko du apirilaren 25ean, larunbata, 16:00etan Zelandin, ezer jokoan ez dela.