Ibarreko hainbat herri eskoletako familiek bat egin zuten Altsasun larunbat goizean. Zelandi herri eskolako guraso elkarteak egin zituen anfitrioi lanak. Foru plazak hartu zuen ospakizuna eta haurrek hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten goizetik: aurpegi margotzea, henna eta txapak egitea. Haurrek kooperazio jokoetan, euskal dantzetan eta mural kolektibo bat egiteko aukera izan zuten ere.
Eguerdiarekin batera Fandabila txaranga ospakizunari doinua jartzen hasi zen, eta bukatu arte ez zuten festa doinuz alaitzeari utzi. Eguerdian ere hamabitakoa izan zen. Altsasuko herri eskolako maskota, Zelanditxo, 13:00etan agertu zen, ospakizuneko une berezietakoa izanik. Sakanako herri eskolen festako klasikoetako bat da familiek egindako postreen zozketa, gozozaleenen ametsa ase zuena. Ospakizuna despeditzeko Altsasuko erraldoien konpartsaren parte hartzea izan zen.
Sakanako herri eskolen festak ikastetxe publikoetako familien topagune eta elkarbizitzarako gunea izan nahi du. "Hezkuntza-komunitate osoaren elkarlanari ere balioa" eman zioten. Komunitatearen inplikazioarekin antolatutako eta gauzatzen den ospakizuna da. Antolatzaileek festa baliatu zuten nabarmentzeko "landa eskola publikoak hezkuntza publiko, irisgarri, inklusibo eta euskalduna bermatzen" duela. Herri eskoletako ordezkariek ere azpimarratu zuten "kulturen arteko bizikidetzan eta euskararen transmisioan" ikastetxe publikoek duten garrantzia.