Futbola

Altsasuk seigarren despeditu du nesken hirugarren mailako liga

Guaixe 2026ko apirilaren 28a

Altsasuarrek denboraldi ona egin dute, sailkapenaren erdialdean sailkatuta. Orain kopari ekingo diote.

Nesken hirugarren mailako liga despeditu da. Asteburuan 22. eta azken jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Tudelano hartu zuen Dantzalekun, eta futbol festa ederrean gorritxoek garaipen politarekin despeditu zuten liga. Altsasu izan zen nagusi lehen zatian. 9. minuturako aurreratu ziren sakandarrak, Alicia Elizalderi esker. Bigarren gola Laida Garziandiak sartu zuen, 23.  minutuan, eta Alicia Elizaldek beste bi gol sartu zituen atsedenaldia baino lehen, 33. eta 34. minutuetan, hat-trick ederra lortuaz. Atsedenaldia baino lehen 4-1 hurbildu zen Tudelano. Bigarren zatiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 4-1 irabazita, liga ezin hobe despeditu zuten altsasuarrek. 

Osasuna B taldeak irabazi du nesken hirugarren maila, merezimendu handiz (62 puntu), jokatutako 22 partidetatik 20 irabazita eta 2 berdinduta. Gorka Pascua altsasuarrak zuzentzen duen taldeak ez du partidarik galdu, eta 2. RFEF mailara igotzeko igoera faserako sailkatu da. Bigarren Mulier izan da (55 puntu). Altsasu sailkapenaren erdian sailkatu da, hamabi talderen artean seigarren izan baita (29 puntu), 22 partidetatik 8 irabazi, 5 berdindu eta 9 galdu eta gero. Aurten igo zen talde altsasuarra hirugarren mailara, eta balorazioa ezin hobea da. Lagunak taldea izan da azkena, eta kategoriaz jaitsiko da.

Orain, kopa
Nesken hirugarren mailako kopa martxan jarriko da asteburuan. Bigarren multzoan jokatuko du Altsasuk, Valle de Aranguren, Ardoi eta Berriozar taldeekin. Lehen jardunaldian Altsasuk Berriozar du aurkari, maiatzaren 3an Dantzalekun jokatuko den partidan.