Astekaria

Altsasuko Diada Castellera

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko maiatzaren 5a

Colla Jove de Barcelonak Altsasun egindako 'castell'-a.

Kukuerreka elkarteak antolatuta 140 casteller heldu ziren Altsasura maiatzaren 1ean; larunbatean eta igandean izan zen Kataluniako tradizioaren parte diren eraikinak ikusteko aukera

Castell bat pertsonez osatutako gaztelu edo dorre bat da. Casteller deitzen da castell batean parte hartzen duen pertsonak eta castell-ak egiten dituzten casteller multzoa colla deitutako elkarteetan biltzen dira. Eraikinak egiteko oinarrian jende pila biltzen da, pinya-n, eta pixkanaka forma desberdinetako dorreak sortzen dituzte. Maiatzaren 2an eta 3an Colla Jove de Barcelonaren castell-ak bertatik bertara ikusteko aukera izan zen Altsasun, Kukuerreka elkarteak, Altsasuko Udalaren eta hainbat babesleren laguntzarekin, antolatu duen egitasmoari esker. Auzolana, elkarlana eta konfiantzaren isla direla esan dute Iaio Arratibel eta Arantza Bengoetxea Kukuerreka elkarteko kideek GUAIXE IRRATIAn. 

Bartzelonako colla bat Altsasura etortzearen ideia duela bost bat urteko inauterietan sortutako harreman batetik sortu zela azaldu du Arratibelek: "Bartzelonako mutiko bat argazkiak egiten egon zen, momotxorroei eta inauteriei, eta harreman bat hasi genuen. Han eta hemen elkartzen hasi ginen. Bera colla-ren kide bat da". Duela urte bat Arratibelek Altsasuko erraldoien argazki bat elkarbanatu zuen eta lagunak esan zion oso polita izango zela castell-a hona etorri eta elkarrekin egotea. "Mobida handia zen jende asko mugitu behar delako". Hasiera batean ez zen atera, baina Kukuerreka elkartean hitz egiten hasi ziren. 

Bisita
Hasiera batean "zenbakiak" egiten hasi zirela esan du Arantzak: "140 pertsona datoz bi autobusetan, hiru egun eta ateratzen ziren kontuak oso handiak ziren". Lehenengo ezetz esan zuten, gerora baietz: "Konturatu ginen guk bakarrik ezin genuela antolatu", eta Altsasuko Udalari proposamena luzatu zioten. "Kataluniatik kanpo horrelakorik ikustea oso zaila da, baina diru multzo handia da, eta dirua behar da". Kukuerrekatik auzolana jarriko zuten, baina aurrekontu pixka bat behar zuten ere. "Oso erakargarria da, eta berehala baietza jaso genuen. Alde horretatik, eskertuta gaude Altsasuko Udalarekin". Egitasmoa antolatzeko ere hainbat enpresaren laguntza izan dute. 

Katalunian 80 colla daudela azaldu du Arratibelek, eta Bartzelonan zortzi bat; Colla Jove de Barcelona taldea gazteena da. 2010an hasi ziren, duela hamasei urte, eta gazteez osatuta dago. Urtean behin Kataluniatik kanpo aritzen dira, Italian, Ortuellan eta abarretan egon dira. Eta, asteburuan, Altsasun. Egitarauak Altsasuko Alde Zaharreko festekin ere bat egin du. 

Larunbatean eta igandean izan ziren castell-ak ikusteko aukera. Ostiralean, maiatzaren 1ean, collari ongietorri "xume bat" egin zioten Kukuerreka elkartearen aurrean. Aurretik Iturmendiko maiatzaren jasotzean izan ziren ere. Larunbatean kalejira edo cercavila egin zuten herritik, Altsasuko buruhandiak lagunduta; Baratzekobidetik abiatu abiatu ziren, Iortia kultur gunean erraldoiekin elkartu ziren (haizetea eta eguraldi txarraren iragarpena zela eta erraldoiak ez ziren kalejiran atera), ondoren Zumalakarregi plazan "eraikin" bat egin zuten eta handik Foru plazara joan ziren. Bertan beste eraikin bat egin eta Iortia zabalgunera itzuli ziren; bertan erraldoiak zeuden esperoan eta elkar agurtu zuten. Estalpean ere eLe festarekin bat egin zuten eta AEKri omenaldia eta hizkuntzen arteko anaitasun ekitaldia egin zuten.

Igandean, Artisau Azokaren egunean, maila desberdineko castell-ak egin zituzten, lehenengo ezkila errepikaren ondoren, Altsasuko udaletxearen aurrean.

Kukuerreka elkarte gastronomiko baino zerbait gehiago bada; 2019an mustu zuten, eta ordutik "herriarendako" gauzak ere antolatzen dituzte; besteak beste, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, Kantuz edo Garagardo azoka. 

Erlazionatuak