Astekaria

CBASK, txapeldun!

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 5a

CBASK Narum Fisioterapia, bigarren mailako ligako titulua jasotzen. CBASKCBASK-ek liga irabazi izana gustura ospatu zuen. NAFARROAKO SASKIBALOI FEDERAZIOA

Lauko finala irabazita, gizonen bigarren mailako txapeldunak dira sakandarrak. Hausnarketa serioa egin, eta datorren denboraldian igoko diren ala ez erabaki beharko dute. 

Sekulako balentria lortu du gizonen bigarren mailako CBASK Narum Fisioterapia taldeak: Lauko Finala merezimendu handiz irabazita, ligako titulua irabaztea. Ikaragarria.  

Iosu Mendiola Marañon da taldeko entrenatzailea, eta, aldi berean, CBASK-eko koordinatzailea. "Bigarren mailako txapeldunak izatea... oraindik ezin sinistu gaude. Oso-oso pozik".

Gizonen bigarren mailako ligan seigarren sailkatu zen CBASK Narum Fisioterapia. "Aurten ezbehar asko izan ditugu taldean, mota askotakoak. Horregatik ligako lehen fase guztia arraroa izan zen; partida dezente galdu genituen". Seigarren sailkatu izanagatik, play-offetako final laurdenetan ligan hirugarren sailkatutako taldearen kontra jokatu zuten, San Ignacio Nasabi. "Denboraldian lehen aldiz taldekide guztiak elkarrekin jokatu genuen, gustura. Egia esan, nahiko erraz irabazi genien, eta Lauko Finalerako sailkatu".  

Lauko Finala apirilaren 25ean eta 26an jokatu zen, Noainen. Finalerdietan, CBASK-ek Larraona Claret izan zuen aurkari. "Partidarik zailena eta gogorrena izan zen. Lehen fasean bi partidak irabazi zizkiguten, eta ligan bigarrenak izan ziren, talde oso ona; hasieratik aurreratu ziren". Bukaerarako 7 minuturen faltan 14 puntugatik galtzen zuen CBASK-ek, "baina markagailua iraultzea eta aurretik jarri ginen. Baina hiruko bat sartu eta partida berdindu ziguten. Luzapena jokatuta gailendu ginen, 77-80". 

Apirilaren 26ko final handian etxeko taldea izan zuten aurkari, ligan lehena sailkatutako Noain. "Finalerdia irabazita, nik uste ligako titulua irabazi genezakeela sinistu genuela". CBASK-ek hasieratik aurrea hartu zuen. "Nahiz eta ligako liderraren kontra euren etxean jokatu, eurek baino askoz hobeto jokatu genuen. Lehenengo minututik bukaerara arte dominatu genuen. Hasieratik aldea hartu genuen eta horrela bukatu zen finala, 64-77 irabazita".

Iosu Mendiola: "Ligan seigarren geldituta Lauko Finala irabazteak flipatzen utzi gaitu"

Ezin sinetsi
Bigarren mailako kopa jaso eta berehala hasi ziren CBASK-en ospakizunak. "Ez dago hitzik bizitakoa deskribatzeko. Urte osoko lanaren, batasunaren eta ahaleginaren saria da. Talde honek, ez duela inoiz etsitzen erakutsi zuen. CBASK urrezkoa da, eta oso pozik gaude". Noainera animatzera hurbildutako sakandarrei "eskerrik beroenak" eman dizkiete. 

Oraindik zurrunbiloan segitzen dute. "Ligan seigarren geldituta Lauko Finalean liga irabazteak flipatzen utzi gaitu". Mailaz igotzeko aukera dute. "Orain garrantzitsua da non gauden kokatzea, Nafarroako gizonen mailan bosgarren talde hoberena izango ginatekelako. Mailaz igotzea ekonomikoki salto handia da. Babesleak beharko genituzke. Jokalarien aldetik prestutasun gehiago eskatzen du, ez delako berdina astebururo Nafarroan jokatzea edo Bizkaira, Donostiara... joatea. Horrek beste gauza batzuk eskatzen ditu. 

Neskekin, jo eta su
Nesken lehen senior mailan CBASK Xabi Gorriz taldea hirugarren izan da, eta Lauko Finala jokatuko du ere bai. "Lauko Finala Altsasun jokatzea eskatu dugu, baina ez dute onartu. Hala ere, gogotsu animatuko ditugu taldekideak. Ea guk izandako zorte berbera duten". 

Argazkiak: Nafarroako Saskibaloi Federazioa eta CBASK.