Altsasuko Alde Zaharreko festen barruan Ados Pilotak II. Etxeko Memoriala Bertso Pilota Lehiaketa antolatu zuen maiatzaren 1ean Burunda pilotalekuan, eta aurretik, neskei zuzendutako pala ate irekiak izan ziren Burundan bertan. Aitzakia bikaina Olaia Eizagirrek gidatzen duen Pilotajaukuko nesken pala taldera jotzeko.
Palista handia zara, Etxarri Aranazko Gure Pilota klubean trebatutakoa. Noiztik zaude Pilotajaukuko nesken pala taldea entrenatzen?
Aurretik Gure Pilotan begirale aritu nintzen; han nengoela Pilotajaukutik deitu zidaten, entrenatzailerik gabe gelditu zirela eta ea hara joan nintekeen galdetzera. Baietz esan nuen, eta 2020an hasi nintzen. Une hartan Etxarrin eta Altsasun, bietan batera, ematen nituen klaseak. Gero, soilik Altsasun.
Altsasun zenbat neskarekin hasi zinen entrenatzaile?
Iritsi nintzenean hamalau zeuden, adin eta maila ezberdinetakoak, eta hamalauak elkarrekin. Nahiko zaila zen kudeatzeko, baina ahal nuena egiten nuen. Batzuetan nahasita, bestetan bereiztuta... gehienbat jolasen bidez bideratu nituen saioak. Hurrengo urtean bi talde atera ziren, eta hobeki aritu nintzen. Gaur egun bi talde dira, kadeteena, zazpi neska, eta kimuena, bi neska. Guztira klubean bederatzi palista daude.
Nola hasten zara hasi berriekin? Erabilitako pilotak ezberdinak izango dira.
Adinean gora, pilotak gogorragoak dira, pisutsuagoak. Txikienekin pilota bigunagoekin hasten gara, botea motelagoa dutenekin, hasteko egokiagoak direnak. Pertsona berri bat etortzen denean, hasieran proba egiten diot, zein gaitasun dituen ikusteko. Izan daiteke palan hasi berria izatea, baina koordinazio oso ona izatea eta hasieratik oso ongi moldatzea.
"Palak daukan bizitasuna da gehienbat gustatzen zaidana. Niretako jolas bat da"
Koordinazioa aipatu duzu. Zer gehiago behar da palista ona izateko?
Nik bakarrik eskatzen diedana da gogoa jartzea. Berdin zait zein maila duten. Daukaten beharretara egokitzen naiz, baina animatuta eta gogoarekin etortzea asko eskertzen dut.
Pala zaila da ikasteko?
Umm... bai. Esan bezala, koordinazioarekin oso lotuta doa. Pertsona batek oso koordinazio ona baldin badu, oso erraz ikasiko du. Beste pertsona batzuk koordinazioan lanketa handiagoa behar dute, eta zailagoa egiten zaie. Baina eskolan edozein mailatara egokitzen gara, hori argi izan.
Zer du palak? Zerk erakartzen zaitu horrenbeste?
Jokoak daukan bizitasuna da gehienbat gustatzen zaidana. Niretako jolas bat da, eta uste dut horregatik gozatzen dudala hainbeste. Bikotearekin gozatzea, eta aurkariekin ere bai.
Egungo ikasleek oso gogotsu etortzen direla esan dute.
Baietz uste dut. Urte dezente daramatzate, elkar ezagutzen dute eta frontoia pixka bat beraiena egin dute, lehenengo orduan entrenatzen dutelako eta guk bukatu arte mutilak ez direlako sartzen. Gustura aritzen dira, giro onean.
"Nik bakarrik eskatzen diedana da gogoa jartzea. Berdin zait ze maila duten"
Nola lantzen duzu pala eurekin?
Errendimenduan ez zentratzen saiatzen naiz, errendimenduko sistema oso baztertzailea delako, piramide modukoa; bakarrik goian dauden gutxi horiek zaintzen dira eta behean dauden gainontzeko guztiak baztertzen dira. Gure taldeko batzuek txapelketetan parte hartze dute, baina beste batzuek ez. Lehiaketa garaian partidetarako prestatzen ditut, baina gainontzekoan jolasekin aritzen gara, zer nahi duten entzuten dut. Batzuetan esku pilota egiten dugu, zesta punta eta erremontea ere probatu ditugu... denetatik. Orain paleta argentinarreko palak erosi dizkigute, eta horiekin ere ibiltzen gara. Beraz, frontoian aritzen gara pala eta denetatik egiten. Klaseak parte hartze ikuspegi batetik bideratzen ditugu gehiago.
Errendimenduzko talde bat prestatuko bazenu entrenamendu hori nolakoa izango litzateke?
Hasteko, fisikoari zati bat eskainiko genioke: korrika, abiadura, indarra... eta gero teknikoki eta taktikoki prestatzeari. Nik, egun, zeharka prestatzen ditut. Hau da, korrika egiten dute, baina jolasen bidez, ez daude geldirik. Abiadura ere lantzen dugu beste jolas batzuen bidez. Baina helburua ez da beraien errendimendua hobetzea, edo hoberenak izatea. Besterik gabe, palaz gozatzea.
Beraiek ere hori argi dute.
Bai. Denboraldi hasieran beti galdetzen diet: zer da nahi duzuena? Denboraldi erdi aldean ere berriro galdetzen diet, ea zer nahi duten. Aurten esan didate erdia eta erdia. Horrela, txapelketa garaian tarte bat jokaldiak prestatzeari eta teknikari eskaintzen diogu, bestelako jolasekin edo entrenamenduarekin tartekatuta.
Nafarroako Kirol Jokoetako Pala Txapelketetan lehiatzen dira?
Bai, banaka edo binaka, eta paleta argentinarrarekin ere binaka zein banaka. Lehiatzeko aukera zabala dute. Aritzen direnak gogotsu joaten dira, baina batzuetan etsigarria da. Esaterako, aurten bigarren fasean neska gutxik eman dute izena eta denak multzo berean sartu dituzte, lehen mailakoak eta bigarrenekoak. Abilezia maila berbera ez denez, nahiko desorekatuta egon izan dira, eta beraiendako etsigarria izan da. Nik esaten diet besteentzat ere ez dudala uste gozagarria izango denik alde handiarekin irabaztea. Horrela lehiatzea uste dut ez dela ez batentzat ez bestearentzat gustagarria. Baina, hala ere, oso pozik nago, beraiek animatuta jarraitzen dutelako. Aldi berean, frustrazio horiek kudeatzen ikasten dute, baina uste dut ez dela modurik egokiena palan aritzeko.
"Esku pilota, erremontea, zesta punta, paleta argentinarra... probatu ditugu"
Paleta argentinarra aipatu duzu. Zein ezberdintasuna du?
Trinketean erabiltzen da. Zapalagoa eta zabalagoa da, eta ez du puntutxorik. Arin-arina da, ez du apenas pisatzen. Erabiltzen den pilota ere ezberdina da, askoz ere arinagoa. Jokatzeko orduan, oso ezberdina da jarri beharreko postura eta eskua mugitu beharreko modua. Pilota askoz ere biziagoa eta arinagoa da, eta, ondorioz, jokoa asko aldatzen da, oso ezberdina da. Batzuei asko gustatu zaie, eta beste batzuei ez horrenbeste. Baina probatu dugu, eta gustura. Neskak pozik etortzen dira palara. Gutxi dira, beti galdetzen diet ea baduten beste lagunen bat animatuko litzatekeena. Ez dugu lortzen, baina...
Zergatik Etxarri Aranatzen nesken palak horrenbesteko arrakasta du eta Altsasun ez horrenbestekoa? Altsasun kirol aukera gehiago daudelako? Herri txikiagoetan frontoira gerturatzea errazagoa delako?
Uste dut multifaktoriala dela; faktore askok eragiten dute. Etxarri Aranatzen palak urte asko daramazki, eta neska asko ari dira palan. Gutxi gorabehera neskek espazio hori ere bere egin dute, ikusgarritasun hori daukate. Altsasun une honetan Burunda frontoia itxita egoten da, egunerokotasunean ez da jendearendako eskuragarria. Bertara heltzea ere zailagoa da. Pilotajaukukoek erabili eta gero, itxi egiten da eta erabili nahi izatekotan alokatu behar da. Pilotan mutil gehiago daude neskak baino, hori beste faktore bat da. Bestalde, Altsasun kirol eskaintza zabala dago, kirol jarduera asko daude eskura.
Ados Pilotak maiatzaren 1ean pala jardunaldi irekiak antolatu zituen Burunda Pilotalekuan. Zer deritzozu?
Neskendako palara bideratutako ate irekiak izan ziren, hori delako momentu honetan Altsasun daukaguna. Adosekoek gidatuko zituzten, eta ondoren, Pilotajaukuko palistek partida bat jokatuko zuten. Ni irrikitan nengoen ate ireki batzuk egiteko, iruditzen zaidalako modu polita neskek, gutxienez, pala probatzeko. Hurbildu, ikusi eta probatu, eta ondoren erabaki dezakezu ea gustuko duzun, eta Pilotajaukun izena eman nahi duzun edo ez. Behintzat, aukera hori izatea.
"Gustura pasatzen dugu. Datorren ikasturtean ere neskek palaren aukera izango dute Altsasun"
Nolanahi ere, Pilotajaukuko pala taldekoak asteartetan eta ostegunetan biltzen zarete, 15:45etik 17:30era, eta norbaitek probatu nahi badu, zuekin zuekin harremanetan jartzea badu, ezta?
Jakina, zalantzarik gabe. Beti animatzen ditut. Neskak etorri izan zaizkit probatzera.
Altsasun nesken pala nola ezagutaraziko zenuke gehiago?
Frontoia herriaren erdian dago, baina itxita. Batzuetan haur batzuk sartzen dira eta pixka bat beldurtuta bezala galdetzen didate: "Ibili gaitezke? Bai, noski, libre badago, sartu eta ibili..." Ez dakit ikusgarritasuna nola eman diezaiokegun. Sare Sozialen bidez?
Ikastetxeetara joan eta saio batzuk eginez, agian?
Izan daiteke, eta bide ezberdinetatik informazioa zabalduz.
Nolanahi ere, hurrengo ikasturtean Altsasun nesken pala eskainiko da.
Bai, denboraldi honetakoek datorrenean jarraituko dute; nesken pala taldeek jarraituko dute. Ea neska gehiago animatzen diren.
PALISTA IBILBIDEARI, AGUR
Palista gisa txapelketetan aktibo jarraitzen duzu?
Belaunagatik utzi nuen, eta ez naiz gehiago itzuli. Hiru lesio izan nituen eta azkenean uztea erabaki nuen. Nafarroako Txapelketan jokatzeko gonbidapena iritsi berri zait: sekulako penarekin, baina ezetz esan dut. Kuadrillako batzuk frontenisera animatu ziren duela gutxi eta azkenaldian lagunartean frontenisean dezente ibiltzen gara. Ez da pala bezain gogorra. Palan, pala mazizarekin ibiltzen gara, eta oinak oso ongi finkatu behar ditugu lurrean palari indarrarekin eman behar diogulako, baina frontenisean pilota arinagoa denez ongi moldatu naiteke. Frontoian jarraitzen dugu, ez da gutxi.
Gure Pilotako taldekide ohiak jarraitzen dituzu? Horiek bai topera daudela...
Bai, errendimendu aldetik beraiek punta-puntakoak dira.