Bi mila eta piko urtean, poloen urtzearen ondorioz, Sakana urazpian gelditu da itsaso bat bihurtu delako, eta herritarrek bi uharteetara ihes egin dute eta bi zibilizazio sortu dira: Beriain eta Aralar. Hasieratik biziraupenaren aldeko borrokari ekingo diote; Beriain teknologia eta Adimen Artifiziala ardatz eta Aralar, berriz, tradizioak eta natura. Etorkizun distopiko batean kokatu du Altsasu BHIk bere bigarren musikala: Urpealdia. Maiatzaren 8an, ostirala, 18.00etan, mustuko dute lan berria laugarren mailako musika ikasleek, Iortia kultur gunean. Sarrerak 5 eurotan eros daitezke, kultur guneko webgunean eta txarteldegian.
Oraindik ez direla urduri jarri esan dute Ekhiñe Gallardo, Nahia Arratibel, Luzia Arraiza eta Enara Garcia ikasleek. Lau protagonista izanen dira institutuaren musikalean: Beriaingo kimikaria, robota, Aralarko agintariaren alaba eta bere lagun minenaren paperak eginen dituzte, hain zuzen. Musika ikasgai hautazkoa aukeratu zutelako parte hartuko dute ikuskizunean. "Paper bat eman ziguten eta bertan azaldu behar genuen dantza egiten genuen, musika, instrumenturen bat jotzen dugun...". Beste paper batean musikalean antzeztea nahiko zuten edo ez eta haien pertsonaiarik gogokoena apuntatzeko aukera izan zuten ere. Arratibelen kasuan zeharkako txirula jotzen du, baina musikalean antzeztuko du bakarrik. Bestetik, instrumentua jotzen duten ikasleek zuzenean joko dute. Guztira, 53 ikaslek parte hartuko dute musikalean; laugarren mailako hiru ikasgelako musika ikasleak eta dibertsifikazio gelakoak.
Istorioa
Altsasu institutuak proposatzen duen mundu distopikoaren bidez hainbat gai jorratuko dituzte: larrialdi klimatikoa, baliabideen erabilera arduratsua, Adimen Artifizialaren erronkak, genero berdintasuna, hizkuntza eta kultura ondarearen babesa, bizikidetza, inklusioa eta maitasuna. Adimen Artifiziala, esaterako, sare sozialetan elkarbanatzen ari diren bideoetan erabili dute, pertsonaien argazkien bidez bideoak sortuz.
Istorioa eta gidoia irakasleek sortu dutela esan dute ikasleek: "Letrak guk egin ditugu euskarazko saioetan". "Kaosa" izan dela aitortu dute, baina aurrera egitea lortu dute; hortaz, musika eta gutxi gora behera testuingurua ematen zitzaien eta haiek letra sortu behar zuten". Gainera, behin gidoiarekin lanean hasi zirenean, "moldatzen" joan direla azaldu dute ikasleek. Guztira, hamaika abesti interpretatuko dituzte, eszena bakoitzeko bat. Estiloari dagokionez, "denetarik" dagoela esan dute antzezle gazteek: "Beriain teknologikoa denez, musika elektronikoagoa da, eta Aralarrek tradizioa islatzen duenez, musika tradizionala da".
"Ostegunero Sergiorekn joan gara antzezten ikasteko; antzezten laguntzen digu". Hasiera batean antzezten ikastea "barregarria eta lotsagarria" zela esan dute, "lotsa kentzeko balio izan du". Abesteak hasieran ere "lotsa ematen" ziela aitortu dute, "baina nik uste ari garela".
Abenduaren bukaeran hasi ziren prestatzen; astean bitan dute musika klasea, eta protagonistak eta bestelako pertsonaiak banandu dituzte. Egunotan saio osoak egiten joan dira, abestiekin dantzekin eta abarrekin. "Dantza gehienak irakasleek sortu dituzte eta badago bat guk egin duguna, dantzara joaten ginenek sortu duguna".
Musikala diziplina arteko proiektu bat da; hortaz, musika irakasgaia ez ezik, euskara eta plastika irakasgaiek parte hartu dute ere. Euskaran letrak egin dituzte, eta plastikan, besteak beste, attrezzoak sortuko dituzte.
Gallardo, Arratibel, Arraiza eta Garciarendako lehenengo aldia da horrelako produkzio batean parte hartzen dutela. DBH laugarren mailan daudenez, etorkizunerako ikasketak aukeratzeko momentua dute ere, eta "momentuz" ez dute pentsatu arte eszenikoekin zerikusia duen zerbait aukeratzea. Esperientzia "nekagarria" dela aitortu dute, izan ere, institutuko sei orduak ez ezik, "zazpigarren orduan" gelditu behar dira entseatzeko, eta beranduago iristen dira etxera. Hala ere, "merezi" duela esan dute: "Gustura egiten dugu". Musikala egin behar dutela jakinda berriz ere musika irakasgaia aukeratuko luketela esan dute.
Aurreko urtean egin zuen Altsasu BHIk bere lehenengo musikala, Zurekin Galduta Betiko ZGB Musikala, eta aurtengo antzezleek esan dutenez, "oso desberdina" izango da aurtengoa. Oso dibertigarria izango dela gaineratu dute.