Aizkora

Oier Mitxelena eta Izeta V.a Izar Berriak finalera; Oiarbidetarrak, kanpo

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 4a

Altsasuko aizkora jaialdian parte hartu zuten aizkolariak eta harri jasotzailea. IBON ERRAZU

Joan Goikoetxea eta Jon Erdozia bigarren finalerdian lehiatuko dira, Urnietan.

Altsasuk Izar Berriak Gazteen Binakako Aizkora Txapelketako lehen finalerdia hartu zuen larunbatean. Hiru bikote lehiatu ziren, finalerako bi txartelen bila: Oier Mitxelena eta Jakes Izeta V, Aritz eta Eñaut Oiarbide eta Unai Osinalde eta Unai Romairone. 

Zutikako lanean Mitxelena eta Izeta V.ak moztu zuten azkarren enborra (1:57), Oiarbidetarren (1:58) eta Osinalde-Romaironeren (2:17) aurretik. Kolpekako lanean Oiarbidetarrak izan ziren azkarrenak (45 kolpe), Osinalde-Romaironeren (48 kolpe) eta Mitxelena-Izeta V-aren (59 kolpe) aurretik. Baina lan luzeetan Osinalde-Romaironek hartu zuten aurrea (14:03), Mitxelena-Izeta V-aren (14:14) aurretik. Oiarbidetarrak ez ziren horren fin ibili (17:27). 

Gauzak horrela eta lan guztiak banatuta, Osinalde-Romaironek (17:08) eta Mitxelena-Izeta V.ak (17:10) lortu zuten final handirako txartela. Aldiz, Aritz eta Eñaut Oiarbide txapelketatik kanpo geratu ziren (20:10). 

Izar Berriak txapelketaz gain, Emakumeen Binakako Aizkora Txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu zen Altsasun. Lan luzeetan, Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi alde handiz gailendu ziren (13:58) Irati Astondoaren eta Ainize Perezen aurretik (18:17). Bukatzeko, Lierni Osa harri jasotzaileak erakustaldi ederra egin zuen.

Goikoetxea-Erdozia, Urnietan
Izar Berriak txapelketaren bigarren finalerdia maiatzaren erdialdean jokatuko da, Urnietan. Ioan Goikoetxea-Jon Erdozia, Jon Zaldua III.-Joanes Izagirre Ipiña eta Igoin Pikabea-Mikel Santesteban bikoteak lehiatuko dira, finalerako bi txartelen bila.