HANDBIKE-A

Bigarren Titana irabazi du Iñaki Mujikak

Guaixe 2026ko maiatzaren 4a

Iñaki Mujika, taldekideekin, Titan Desert 2026 osatuta. KH7 TITAN TEAM

Ezbehar guztiei aurre eginda, Titan Desert 2026 gogorra gainditu ahal izan du altsasuarrak handbike-an Pablo Montoia taldekidearekin batera, KH7 Titan Team taldean.

Apirilaren 26an hasi eta maiatzaren 1ean despeditu zen Skoda Titan Desert Morocco basamortuko lasterketa. Iaz Institut Guttmann taldearekin handbike-an historian lehenengoz Titan Deserta osatu ondoren, aurten berriro bertan lehiatu da Iñaki Mujika altsasuarra, atzera ere Pablo Montoia taldekidearekin batera, baina aurten KH7 Titan Team taldearekin aritu dira bi handbike kirolariak.

Sei etapatan, txirrindulariek 580 km eta 6.000 m baino gehiago osatu dituzte, Atlas mendiaren inguruko basamortuko etapa gogorrak tartean. Nabigazio proba da, partaideek etapa bakoitzean pasa beharreko ezinbesteko puntu edo guneak lasterketa egunean bertan jasotzen dituztelako. Mujikak eta Montoiak erronka osatzea zuten helburu, eta lortu dute.

Gainditu beharreko errekak, duna gogorrak, bidezidor deserosoak... denetariko zailtasunak izan dituzte. “Gogorra izan da. Iaz izandako zorte ona aurten ez dugu bidaide izan, baina sortutako arazo guztiak gainditu ahal izan ditugu eta talde guztia iritsi gara helmugara. Burugogorkeria izan da, ziur” zihoen, irribarrez, Iñaki Mujikak, azken etapa jokatu eta gero.