Elkartasun ontzidiaren kontra egin zuen Israelek Greziatik gertu, nazioarteko uretan. Horren ondoren ekintzaileak etxean bueltan dira.
Zer da Global Sumud Flotilla?
Patxi. Hainbat flotillen koalizio bat da. Hogei urte baino gehiagotan hainbat flotilla Gazarantz abiatu dira eta hasieran batzuk iristea lortu zuten. Urteen poderioz, eta Gazan egoera okertuz joan ahala, existitzen ziren hainbat flotilla Global Sumud Flotillan batu dira. Udaberriko inoiz egin den misio handiena izan da. 80 barku baino gehiago Gazara bidean jarri dira. Eta lurreko konboi bat Rafahko pasabiderantz abiatu da.
Nazioarteko ekimena da?
P. Bai. 50 herrialdetako delegazio baino gehiago ditu, estaturik gabeko nazio zapalduak barne, esaterako, Euskal Herria. Herrialde askotako jendea elkartu gara.
Zer helburu du?
Adur. Misio honetan Gazako blokeoa puskatzea da eta hara giza laguntza eramatea. Bestetik, komunikazio ekimena ere bada. Baliabide bat da nazioarteko ikusmira hori gureganatzeko eta Palestina berriz ere agendaren lehen lerroan jartzeko, ardurak eskatzeko. Hein batean lortu du. Guk gure gorputza misioan jarri dugu eta horrek ere hainbat interpelazio eragin ditu.
Zergatik egin zenuten bat?
P. Palestinan genozidio basati bat dago. Flotilla da palestinarren erresistentziaren aldeko borrokan pauso kualitatibo oso handi bat ematen duen ekimen bat, eta nik parte hartu nahi nuen.
A. Berdin. Askotan esaten dugu mobilizazioa garrantzitsua dela, egon behar duela. Baina askotan zerbait gehiago egin genezakeenaren frustrazioa ere sentitzen dugu. Aukera sortu zen eta ez nuen bitan pentsatu.
Nolako jendearekin topo egin duzue?
P. Denetariko jendea zegoen: itsas profila zuena, profil politikoagoa zutenak... Oso jende jatorrarekin eta konprometituarekin elkartu gara. Ikaragarria izan da jendeak lanerako zeukan prestutasuna, zer argi zeukan jendeak Gazara iritsiko ginela. Nahiz eta arriskutsua izan, guztiok argi geneukan nora joaten ari ginen.
A. Antolakuntzak prestakuntza saioak eta tailerrak eman dizkigu. Non gauden kokatzea oso garrantzitsua izan da. Eskertzekoa da, guztiok argi izateko zertara goazen, zein den misioaren helburua eta zein zaila den hain jende desberdina helburu komun batzuetan lerrokatzea.
P. Profil teknikoei dagokionez, mekanikoak eta nabigazioko profilak zeuden, irakasleak, osasun langileak, eraikitzaileak... Pertsona horiek Gazan bertan ekarpena egiteko helburua dute.
Bazenekiten Israelgo estatua parean izanen zenutela. Horretarako prestatu zineten?
A. Bai, hainbat zentzutan. Batetik, protokolo oso argia eta oso landua izan genuen. Ekintza ez bortitza eta zibila zenez gero, bagenekien israeldar armadarekin topatuz gero gure egitekoa zela tentsionamenduan gehiago ez eskalatzea. Badakigu zer-nolako arriskua dagoen. Izaera zibila eta giza laguntzarako ekintza bat dela behin eta berriro errepikatu dugu. Alde praktikoago bati begira, Bartzelonan astebete egon ginen eta hainbat simulakro egin genituen, oso-oso landuak, gogorrak ere. Guztiok jakitun ginen zer etor zitekeen, eta zer etorri zen azkenean.
Itsasontzi berean joan zineten?
P. Jendea banatzea nahiko zaila izan zen, itsasontzietan profil tekniko eta politiko desberdinak banatu behar zirelako. Zazpi joan ginen. Berezitasun bat izan zen: 1948ako Nakban (palestinar exodoa) suntsituak izan ziren herrien izenak jarri zitzaizkien itsasontzi guztiei. Ni La Pina itsasontzian joan nintzen, Quisarya palestinar izena hartu zuena, orduan Israelek suntsitu zuen arrantzaleen herri bat.
A. Nire ontzia Tan-Tan zen, izen palestinarra Al Bassa. Gu ere zazpi joan ginen. Zortea izan nuen beste euskaldun batekin tokatu zitzaidalako, baina zori hutsa izan zen, antolakuntzak banatu gintuelako itsasontzietan, eta batarekin edo bestearekin toka dakizuke. Hizkuntza faktore inportantea da. Baina ingelesarekin moldatu gara.
Zer gertatu zen apirilaren 29an?
A. Itsasontzi bakoitzak bere istorioa du. Guk 22:00ak aldera zerbait mugitzen ari zela eta bengalak ikusi genituen. Irratiz itsasontziren bat abordatzen ari zirela gaztigatu zuten. Baina ezin genuen sinetsi Israelgo armada zenik, Palestinako kosta 1.500 km-ra zegoelako. Minutuak pasa ziren eta txalupa azkar batzuk, argi batzuk, ikusi genituen, eta gurera etorri ziren. Hasiera batean Greziako armada zela uste genuen, traba egitera, gu identifikatzera edo dena delakora joana zela. Gure barkua tirokatu zuten. Eskuak altxa genituen. Ezin genuen sinetsi. Gero esan ziguten israeldar armada zela. Ez genien kasurik egin. Ordu batzuetara atzera agertu ziren. Abordatuak izan ginen. Atxilotu behar gintuztela eta hamar egunetarako prestatu behar ginela esan ziguten. Baina beste txalupa azkar bat etorri zen. Uste dugu denbora edo tokirik gabe zeudenez, alde egin zutela. Itsasontzia saboteatu ziguten. Motorra hondatu eta dena moztu zutenez, ezin ginen mugitu, eta jitoan utzi gintuzten. Hain azkar izan zenez dena, itsasora botatako mugikor bat ez zen ondoratu. Hari esker koordenatuak opatu, gure kokapenaren berri eman eta Open Armseko kideak gure bila etorri ziren. Zorte handia izan genuen. Bestela, itsasoaren erdian zain egonen ginateke.
P. Gu esnatu gintuzten esanez dron protokoloa aktibatu zela. Ondoren geldiaraziak izateko prestatzeko. Hasieran simulakro bat zela uste genuen. Adurrek esan bezala, atzematea oso goiztiarra izan da, Kreta irlara iritsi baino lehen. Beraz, ez genuen sinesten. Adurren itsasontzitik grabatutako bideoa iritsi zitzaigun, beste itsasontzi batzuk komunikazioa galdu zutela ikusi genuen. Urrutian argi batzuk ikusten genituen, potentzia handiko itsasontzi batenak. Dron aktibitate asko. Txalupa azkarrak beste itsasontzietara joaten ikusten ziren. Ihes egiten saiatu ginen, alferrik. Uste dugu gurea atzematen azkenetarikoa izan zela. Israeldarren txalupa azkarrak gure itsasontziaren ondoan jarri ziren eta armekin apuntatu gintuzten, eta motorra gelditzeko esaka. Guk eskuak altxatuta genituen eta sartu egin ziren. Sartu bezain pronto brankara bidali gintuzten belauniko jarrarazi eta eskuak lotu zizkiguten. Eta itsasontzia saboteatzen hasi ziren: motorra, kamerak, haize oihalak... Itsasontzia txikituta utzi zuten. Nahikoa tentsio izan zen. Arropa prestatzeko esan ziguten, haien esku geldituko ginela. Uneoro indarkeriaz tratatzen gintuzten, mehatxuak egiten zizkiguten, heriotza mehatxuak barne.
Zer egin zuten zuekin?
P. Txalupa azkarrean muntatu eta handik Nahshon espetxe itsasontzira eraman gintuzten. Bahiketa bat izan zen. Espetxe barkuan indarkeri tratu bera izan genuen: denbora guztian belauniko, etengabe bortizki bulkadaka, Israelgo bandera baten aurrean indarkeria handiz miatu gintuzten... Izena eman eta bahitu guztiak elkarrekin geunden tokian sartu gintuzten, lau merkantzia edukiontzirekin eta txarrantxarekin egindako karratu baten barruan.
Zenbat denbora Israelek bahituta?
P. Kasik bi egun. Bahitu gintuztenean ez ziguten arrazoirik eman, ezta zenbat denbora egonen ginen bahituta, ezta nora eramaten gintuzten esan. Zentzu horretan, nahikoa gogorra izan zen. Ez genekien nora gindoazen. Itsasontziko baldintzak oso-oso kaskarrak ziren. Eguzkia atera zenean, orientatu eta Israelera gindoazela ikusi genuen, edo noranzko hartan behintzat. Beraz, pentsatu genuen gutxienez lau egun itsasontzi hartan egonen ginela. Azkenean Kretako beste puntara eraman gintuzten. Bi egun izan ziren.
Bahitutakoak elkarrekin egoteko aukera zenuten?
P. 185 bahitu ginen eta guztiak elkarrekin geunden. Komuna kimiko batzuk jarri zituzten. Eta eguzkitik babesteko edo lo egiteko bakarrik hiru edukiontzitan sartzeko aukera besterik ez genuen. Bata bestearen gainean jarrita, gehienez, edukiontzi bakoitzean, asko jota, 30-40 lagun sartzen ginen. Beraz, jende asko kalean egon behar izan zen. Koltxoneroekin txabolak egiten genituen eguzkitik babesteko. Gauean izugarrizko hotza pasa genuen. Atzeman gintuztena eta beste bat egon ginen. Goizean zerbait lo egitea lortu genuen, baina gaizki pasarazteko, egunean zehar zenbaketak egiten egon ziren. Posizio txarretan eguzkitan egotera behartzen gintuzten hiru orduz. Kontaketa horietako batean Saif Abu Kexek eraman zuten. Eta beste kide batzuk hartu jipoitu eta isolatzen zituzten. Gure kideak askatzeko kartzelan protesta egin genuen: 60k gose greba hasi genuen, oihuka eta edukiontziei joka orduak eman genituen. Jendeak kalean egin behar zuen lo eta haien erantzuna izan zen gauean, noizbehinka, ura botatzea.
Noizbait askatu zintuzteten.
P. Bigarren eguneko goizean airera bi tiro jo zituzten, fusilekin guztiak apuntatuz eta bulkatuz sartu ziren. Belauniko jartzeko agindu ziguten. Berriro ere orduak pasa genituen horrela. Beste toki batera eramaten gintuztela esan ziguten. Orduan guztioi ostikadak, ukabilkadak eta denetarik eman zizkiguten. Oso-oso bortitza izan zen. Eta greziarren eskuetan utzi gintuzten.
Bitartean, Adur desagertuta.
A. Open Arms itsasontzikoek erreskatatu gintuzten. Baina ekaitza oso indartsu bat izan zen, olatu oso handiekin. Sakabanatuta gelditu ginenak hiru itsasontzitan banatu ginen, atoian eraman bitartean, behintzat, lema eta norabidea mantentzeko. Itsasoa gero eta gehiago gaiztotu zen. Azkenean, Open Armsetik esan ziguten gure segurtasunagatik haien itsasontzi handira eramango gintuztela. Txalupetan erreskatatu gintuzten. Eta gauean hiru ontzi haietatik bi ondoratu egin ziren eta bestea askatu eta jitoan gelditu zen.
Haien bahiketaren berri bazenuten?
A. Bai, bi fragatak, txalupa azkarrak eta espetxe itsasontzia ikusi genituen. Israeldarrek alde egin zutenean eguzkia ateratzen hasi zen. Eta handik gutxira Greziako kostazainak galdezka etorri ziren, mayday (nazioartean larrialdi egoeratan erabiltzen den dei mezua) eman genuelako. Nazioarteko urak dira, baina gertuen dagoen herrialdea Grezia da eta bere kooperazioa argi-argia ikusi zen, bai bahitzerakoan bai askatzerakoan ere.
Kretan zer harrera egin zizuen Greziako Gobernuak?
P. Utzitako portu batean, Yerapetran, utzi gintuzten, Saif Abu Kexek eta Thiago Avila izan ezik. Autobus batzuetan muntatu gintuzten aireportura eramateko. Baina greziarrak gertatutakoaren berri izan zuten, mobilizatu eta aireportuan gure zain zeuden. Horregatik, Greziako polizia bidaia atzeratzen saiatu zen, bahituok eta greziarrak ez elkartzeko. Protesta handiagoen beldur ziren. Egoera oso arraroan geunden. Galdetzen genien ea preso geunden, eta haiek ezetz. Bidaian zehar autobusak gelditu zituzten pixa egiteko, ondoren aireportuko aparkalekuan tokirik ez zegoelako, ondoren jatekoak erosteko denda baten parean gelditu zituzten... Orduan nazkatu ginen eta aireportura oinez joanen ginela erabaki genuen. Telefono mugikor bat lortu behar genuen lehenbailehen gure egoeraren berri emateko eta, batez ere, Saif eta Thiago bahitu zituztela jakinarazteko. Aireportura iritsi eta manifestazioa egiten ari ziren greziarrekin elkartu ginen. Momentu oso-oso hunkigarria izan zen. Izugarria izan zen gure zain egoteko nola antolatu ziren ikustea. Jendearekin harremanetan jartzeko mugikorrak pasa zizkiguten, horrela lortu nuen hemengoekin hitz egitea. Arropa, janaria eta denetarik eman ziguten. Eta haien okupatutako etxe batean egon gara egun hauetan. Greziako herritarren erantzuna sekulakoa izan da, eta greziar gobernuarena kontrakoa. Gure bahitzaileak izan dira.
Zu iritsi, eta etxera?
A. Bahitu zituztenak gu baino lehenago iritsi ziren Kretara. Gu ere etxe okupatu horretara eraman gintuzten. Bahitutakoekin elkartzea oso momentu polita izan zen. Gure artean hitz egin genuen, itsasontzi bakoitzak bere istorioa zuelako. Han pare bat egun egon ginen eta maiatzaren 4an bueltatu ginen.
Zergatik eraman dituzte Israelera Saif eta Thiago?
P. Hain goiz zergatik atzeman gaituzten? Saif hartzeko helburua zutela uste dugu. Bestetik, ehun itsasontzi geldiaraztea beraiendako, logistikoki, zaila da. Benetako arazo bat ginen eta Gazara iristeko aukera erreal bat bazen.
Bidean flotillak Israelera zihoan merkatontzi bat desbideratu zuen.
A. Horregatik ere izan daiteke. Ekintzak oihartzuna izan zuen eta ez dut uste gehiegi gustatuko zitzaienik. Saifek badaki palestinarra izanik, Israelek atxilotzen bazuen, zer-nolako arriskua zeukan. Bere asmoa zen flotilla bukatu aurretik alde egitea, 2025ean bezala. Israelek hori jakinen zuen, eta horren aurretik eskuhartze hori egin zuen. Eta Thiago honen guztiaren aurpegia izan da. Biak bahituz flotilla zapuztu nahi zuten.
Zuen kontra nazioarteko uretan egin zuen Israelek. Horrek zer esan nahi du?
A. Inpunitatea. Nazioarteko zuzenbidearen arabera gurea legezko ekintza da: giza laguntza eramaten ari gara genozidioa pairatzen ari den herri batera. Egin dute eta haiendako ez dauka inongo kosturik.
Israelek flotillaren kontra egin ondoren, erantzunak izan dira, eta ez.
P. Europak esandakoak hitzetan geratzen da askotan, batez ere beraien kostu politikoak, neurri batean, neutralizatzeko. Europa eta Israel aliatuak dira. Europak hori gertatzen utzi du, eta uzten jarraitzen ari da. Greziako gauza bera: gobernuak bahitu gintuen, baina greziarrak gure zain zeuden. Europarroi dagokigu orain gure bi kideen alde borrokatzea.
Grezian dauden flotillako kideen asmoa zein da?
A. Misioak jarraitzen du. Oraindik 30 itsasontzitik gora daude. Grezian beste batzuk batuko dira eta Turkian ere. Bestetik, Freedom Flotilla ere bere misioa egiten ari da. Eta maiatzaren 4an atzeman zuten. Itsasoan mugimendua dago. Helburua argia da: Gazara iristea. Jendeak galdetzen du nola bahitu eta tortura litekeen Mediterraneoaren erdian eta ezer ez gertazea. Gurekin hori egiten baldin badute, eta ez da zer gertatzen zen, zer egiten ari ote dira Palestinan urtetan, eta ez zen ezer gertatzen. Europak Israeli ekonomia eta politika euskarria eta laguntza guztia ematen dio. Hala den bitartean Israelek berdin jarraituko du.
Horregatik, flotilla berriak izango dira?
P. Flotilla eta behar den guztia egingo dugu genozidio hori gelditzeko.






