Herriko bi kaletako ur beltzak ibaia bukatu beharrean araztegira bideratzeko lanak egin nahi ditu Altsasuko Udalak. Horretara 272.533 euro bideratuko ditu. Alde batetik, Erburua kaleko saneamendu sareak berritzeko 150.356 euro izanen ditu udalak. Kale horretako etxe batzuetako ur beltzak Uzkullu errekan bukatzen dute eta beste batzuetakoa euri uren sarean. Egoera zuzentzeko ur beltzen sarea bereizi egin beharko da 150 metroko luzeran, kolektore batekin lotu ahal izateko. Bestetik, euri uren sarea berritu egin beharko da 120 metrotan. Lan hori egiteko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planaren dirulaguntza du heldu den urterako.
Bestetik, Beheko Bentako etxebizitzetako ur beltzek ibaian bukatzen dute. Batzuk zuzenean isurtzen dute ubeldera, besteak euri uren sarearen bidez. Hori saihesteko, udalak 121.997 euro inbertituko ditu. Diru horrekin ur beltzen sare zati bat eta jasotakoa punpatzeko kolektorea eraikiko dira aurten. Lan horretarako ere foru administrazioaren dirulaguntza du udalak.
Horietaz aparte, hirugarren aurrekontu aldaketa onartu zuen udalbatzak apirileko bilkuran. Udalak 100.970,27 eurorekin herriko kaleetan dauden oinezkoendako 149 pasabide eta beste seinaleztapen horizontal batzuk margotuko ditu. Udaltzaingoaren txosten batean oinarrituta hartu du udalak erabakia. Neurri horrekin ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna hobetu nahi du. Bestetik, Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi zuen aurten San Joan, Idertzagain, La Paz eta Gartzia Ximenez kaleetako zenbait zatitan zorua berrituko dela. Horretarako, aurrerago, beste aurrekontu aldaketa eginen du udalak.
Bilkura berean udalak erabaki zuen osasun etxeko sarreraren Constantino Salinas Jakari buruzko informazio panela jartzea. Haren izena zuen osasun etxeak baina Osasunbidean berritu zuenean 2021ean kartela hautsi zuen. EH Bilduk proposatu zuen Salinas oroitzeko kartela edo euskarria jartzea. Osasunbideak ezezkoa eman zuenez, udalak osasun etxe ondoan dauden lorategi txikietako batean jarriko du panela.
Kontsumo bonuak
Herriko establezimenduetan erosketak sustatu asmoz, Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak seigarren urtez Oso Gertu kontsumo bonuen kanpaina martxan jarri du. Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek hilaren 15era arte eman dezakete izena. Bonuak herritarrei garagarrilaren 1etik 12ra banatuko dizkiete kultur gunean eta hilabete hori izanen dute gastazeko. Pertsona bakoitzak bonu bakarra eskuratzeko aukera izanen du. Trukatzeko gutxienez 40 euroko erosketa egin beharko du kanpainari atxikita dauden establezimenduetako batean eta bonuarekin hamar euroko beherapena izanen du.