Ongi Etorri errefuxiatuak zikloaren baitan, Altsasuko Munduko Arrozak ekimenaren hamargarren edizioa izanen da, maiatzaren 10ean, igandea, Iortia zabalgunean (eguraldi txarrarekin Burunda frontoian).10:00etatik aurrera, dozena bat taldek parte hartuko dute munduko arrozak prestatzen, eta aurten parte hartzaile berriak izanen dira aurten. Estreinakoz Sagrado Corazon ikastetxea eta Iñigo Aritza ikastola ariko dira. Ekimenean aurreneko aldia izanen dute ere Afganistan, Ghana eta Venezuelako talde banak. Haiekin batera izanen dira Sakana Harrera Haranako, Sahara, Maroko, Errumania eta Altsasu institutua. Arrozak dastatzera 13:30ean emanen dituzte, aurretik platera euro batean salduko dute.
Arrozak
Saharan sortutako Aicha Mohamed Fadel altsasuarrak arroza legatz bolekin prestatzen ikusteko aukera izanen da. Babarrun pintoak dituen arroza prestatzen egonen da Veronica Sagoie ghanarra, beste hiru lagunekin batera. Hamida Asedi errefuxiatu afganiarrak arroza, oiloa, barazkiak eta fruitu lehorrak dituen arroza prestatuko du. Sakana Harrera Harana taldekoek txibiadun arroza eginen dute. Marokon jaiotako Meryem Kridin altsasuarrak ere badu eskarmentua plazan jatekoak prestatzen. Berak haragia eta mahats pasak dituen kuskusa prestatuko du. Horiei eta gainerako sukaldari taldeei errezetaren inguruko galderak egiteko aukera izanen da goiz eta eguerdian.
Gehiago
Eguerdian dantza saioak izanen dira. Altsasuko Jauzi Taldeko dantzariak dantzan ariko dira. eta jendea parte hartzera animatuko dute. Talde bera Palestinako Dabke dantza ikasten ari da eta domekan dantzatuko dute. Gainera, gizonezko palestinar bat dantzatzera etorriko da domekan. Bestetik, Euskal Herria hamaika kolore taldeko bost kide etorriko dira. Kultur aniztasuna kudeatzen hamahiru urte daramate. Haien Burubeltz ikurra ekarriko dute eta hark gidatuko du dantza saioaren akabera, sokadantza eginen baita Burubeltzekin batera.