Preferente mailako lehen multzoko 29. eta azken aurreko jardunaldian Altsasuk Iruña hartu zuen Dantzalekun. Altsasuk igoera faseari eustea zuen jokoan, eta dena eman zuen. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren lehian; aukerak sortu zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren, eta bigarren zatian modu berean jarraitu zuten. 64. minutuan Imanol Lobok Altsasuren markagailua mustu zuen, eta pozez ospatu zuten Dantzalekun, 1-0. Baina pozak ez zuen asko iraun 72. minutuan Iruñak bana berdintzea lortu zuelako. Altsasuk ekinean jarraitu zuen, eta 75. minutuan penalti bat sufritu ondoren Unai Calvok Altsasu 2-1 aurreratu zuen, penaltiz. Partida garaipenarekin bukatuko zela zirudienean, luzapenean Iruñak bina berdindu zuen eta Altsasuren asmo on guztiak zapuztu zituen. Pena.
Gainera, Valle de Egües B arerio zuzenak 2-0 hartu zuen mendean Zirauki, eta horrek eragin zuzena izan zuen sailkapenean, Altsasuri hirugarren postua kendu ziolako. Egun, San Jorge da lider, Amigo bigarrenarekin puntu berberak dituztela (61 puntu). Beraz, azken jardunaldian garaitzen dena zuzenean igoko da lehen maila autonomikora; bestea, igoera faserako sailkatuko da, hirugarrenarekin batera. Valle de Egües B da hirugarrena (52 puntu), eta Altsasu laugarrena (50 puntu). Hortaz, guztia asteburuan jokatuko den 30. eta azken jardunaldian erabakiko da.
Altsasuk Rotxapearen kontra jokatuko du maiatzaren 16an, El Iratin (17:30). Eta Valle de Egües B-k egun eta ordu berean Ardoi B taldearen kontra jokatuko du, El Pinarren. Beraz, asko dago jokoan. Altsasuk bere partida irabazi eta Valle de Egües B taldeak berea galtzea beharko luke igoera fasera sailkatzeko.