Astekaria

Goikoetxearen memoria eta ondareari ohore

Guaixe 2026ko maiatzaren 19a

Jose Manuel Goikoetxea Askorberi omenaldia, Iortian.

Jose Manuel Goikoetxea Askorbe 'Fardel' omendu zuten maiatzaren 15ean. Eusko Alderdi Jeltzaleak antolatutako ekitaldia izan zen. Pandemia garaian Goikoetxearen bizitza laburbiltzen duen 'Una calle en Ancud' liburua argitaratu zuten eta haren aurkezpena egin zuten Altsasun. 

Nafarroako Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) Jose Manuel Goikoetxea Askorbe, Fardel, omentzeko eta gogoratzeko omenaldia antolatu zuen. Haren bidez, jeltzaleek Nafarroako euskal abertzaletasunak azken hamarkadetan eman duen figurarik esanguratsuenetakoaren bizipenak, historia eta memoria laburbildu nahi izan zuten; hortaz, antolatutako mahai inguruaren bidez, Eusko Jaurlaritzako sailburu, Nafarroako parlamentari, Altsasuko alkate eta ekintzailea izan zen Goikoetxearen bizitzaren hainbat ertz errepasatu zituzten. Haren hainbat bizipenen berri eman zituzten hizlariek. 

Nafarroako EAJko ordezkariek esan zutenez, "ekitaldi horren bidez Goikoetxea omendu nahi izan dugu, etxean, Altsasun, omenaldi bat zor geniolako, aberriarekiko, herriarekiko eta ordezkatu zituen herritarrekiko konpromisoa” aldarrikatzeko. Azpimarratu zutenez, lan hori “zorroztasun osoz eta lan nekaezina eginez egin zuen. Ekintzaile petoa izan zen, gizaseme saiatu eta arduratsua; dozenaka proiekturekin konprometituta bizi izandakoa, bere ahalegina hurkoaren zerbitzura jarriz”, adierazi zuten.

Omenaldirako Jon Goikoleak, Luis Miguel Maciasek eta Luis Javier Telleriak idatzi zuten Una calle en Ancud liburua ardatz hartu zuten. Mahai ingurua Jon Goikolea kazetariak gidatu zuen. Honakoak izan ziren parte hartzaileak: Erkuden Goikoetxea, Jose Manuelen arreba; Luisja Telleria, Eusko Jaurlaritzako Ingurune Naturaleko zuzendari izandakoa; Iñaki Txueka, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu eta bozeramaile izandakoa, Madrilgo Euskal Taldeko diputatua eta Estrasburgoko Europako Kontseiluko ordezkaria; Javier Ollo, egungo Altsasuko alkatea; Patxi Tuñón, Nafarroako Kontu Ganberako presidente ohia, Nafarroako senatari autonomiko ohia eta Goikoetxearen aholkularia Foru Parlamentuan eta Kepa Rekakoetxea, Bultz-Lan Consultingeko arduraduna. Ekitaldia Unai Hualde EAJko Napar Buru Batzarraren lehendakari eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak itxiko du. Mahai ingurua Altsasuko Iortia kultur gunean egin zen ostiralean, maiatzaren 15ean.

Omenduaz
Goikoetxea Altsasun jaio zen 1951ko maiatzaren 17an. Albaitaritzan lizentziaduna zen, ezkondu eta lau seme-alaben aita izan zen. Bere ibilbide publikoa 1980ko garilean hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuorde gisa, eta erantzukizun hori 1988ra arte bete zuen. Urte hartan bertan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburu izendatu zuten, 1995era arte.

1991. urtetik aurrera ardura horiek Altsasuko alkatetzako lanekin uztartu zituen. Izan ere, sorlekuko alkate izan baitzen 1995era arte. EA-EAJ koalizioko foru parlamentari izan zen 1999 eta 2003 urteen artean. 1987. urtean EAJko kide egin zen eta 2004an Nafarroako ordezkari izendatu zuten Alderdiaren Aberri Batzarrean, eta ardura horiek bete zituen 2012ko ilbeltzera arte.

2003an lan publikoa utzi zuen. Orduan hasi zen Bultz-Lan enpresako gerente eta Iparlat esne enpresako kontseilari delegatu gisa lanean. Garai horretan hainbat proiektu jarri zituen martxan Txilen, lan eskerga egin baitzuen Chiloé irlako bizi baldintzak hobetzeko eta irlako garapen jasangarria bulkatzeko, esnearen sektorean, Surlat enpresa martxan jarriz, baita nekazal turismoaren esparruan ere. Goikoetxea 2012ko irailaren 11n hil zen, 61 urte zituela.