Dantza txapelketa batean parte hartzea, eszenatoki handi batera igotzea eta dantzari profesionalez osatutako epaimahai baten aurrean dantzatzea sari bat dela diote Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako irakasleek. Beste urte batez eskolako dantzariek zenbait txapelketetan parte hartu dute, emaitza onekin. Maiatzaren 23an, larunbata, 12:00etan, Iortia kultur gunean eginen duten Ballet Modernoko Erakustaldian aurkeztutako dantzak ikusteko aukera izanen da (sarrerak 7 eurotan eros daitezke).
Sei taldek eta bakarlari batek parte hartu dute dantza txapelketetan: Beasaingo Kimu, Sua, Maitesua, Gailur, Oihuarima eta Berpiztu taldeak eta Paula Urabayen bakarlaria.
Martxoaren 21ean dantza eskolako dantzariak Burgosko Orbe txapelketan lehiatu ziren; dantza klasikoan, Kimu taldea; dantza garaikidean, kategoria desberdinetan, Sua, Maitesua, Gailur eta Oihuarima, eta jazz estiloan Berpiztu eta Urabayen. Apirilaren 18an Maitesua taldeak Euskadiko Dantza Txapelketa Nazionalean parte hartu zuen, eta maiatzaren 3an Sua taldea Logroñoko Furius txapelketan aritu zen, eta sariarekin itzuli ziren. Maiatzaren 16an Nafarroa Arenan izan zen Iruñea Hiriko Dantza Moderno eta Urbanoko Txapelketan azken txanpa izan zuten Berpiztuk, Suak, Maitesuak, Oihuarimak eta Paulak. Maila ona erakutsi zuten.
Irantzu Gonzalezekin batera, Igone Augusto, Saioa Iraizoz eta Leire Bujanda izan dira irakasleak eta koreografoak.