Urteurrena ospatzeko Biak Bat elkarteak jardunaldiak antolatu ditu. Haien ardatza izanen da animaliekin lagundutako esku-hartzeek haurren ongizatean eta garapenean duten eragina. Izena eman nahi duenak labur.eus/otsp2mxk loturaren bidez egin dezake. Topaketa profesionalei eta gaian interesa dutenei zuzenduta dago.
Zer dira animaliak lagundutako terapiak?
Animaliak erdigunean izanda pertsonen hainbat behar lantzen ditugu. Ni psikologoa naiz eta terapiaren kasuan ni ez nago saioetan bakarrik, beti nire ondoan animalia daukat.
Zer onura du?
Bai niri bai terapian dagoen pertsonari (haur, gazte edo heldu) lagundu egiten digu. Hasierako momentua zaila da batzuetan, prozesu bat hastea, hainbat behar lantzea, asko errazten digu. Testuingurua desberdina da. Lasaiago egoten laguntzen digute. Eta, batez ere, emozionalki zabalago gaude gure arazo eta gure behar horiek azalarazteko eta komentatzeko. Orokorrean oso lagungarria da gure lana egiteko. Hori ezin dugu ahaztu: gu profesionalak gara eta gure lanean animaliak lagungarriak dira.
Psikologoaren dibanean etzatearena, hemen ez da betetzen.
Gure egoitzan egin dezakegu terapia. Baina jendeak kalean, egoitza inguruan ikus gaitzake: gu, animalia bat eta pertsona bat. Eta jendeak ulertu behar du momentu horretan lanean, terapia batean gaudela. Paseo bat ematen, animalia baten laguntzaz, gure lana ere horrela egiten dugu.
Zer dira animaliak?
Pertsonengana heltzeko zubia dira animaliak. Gure arteko lotura sendotzen laguntzen digute. Hasieran pertsonak gogoz etortzen dira animaliak daudelako, haiekin egon nahi dutelako. Ondoren gu poliki-poliki lotura hori sendotzen joan behar dugu. Zubi bat dira. Edo guk ate bat ezin dugunean zabaldu, animaliek leihotxo bat zabaldu dezakete.
Edozein adineko pertsonekin aritu zaitezkete?
Bai. Egia esan gure prestakuntza eta abarrengatik, urte hauetan guztietan batez ere haur eta gazteekin lan egin dugu terapian, helduekin baino gehiago. Baina, bai, oso aukera zabala ematen dute animaliek behar eta hainbat adinetako pertsonekin lan egiteko.
Zenbat zarete?
Bina psikologo eta psikopedagogo edo irakasle eta txakur hezitzailea.
Zein animaliekin egiten duzue terapia?
Jendeak txakurrekin erlazionatzen gaitu. Urte hauetan guztietan, eta batez ere azken urtean, familia handitu da: lau txakur, bi katu, hainbat akuri, antzarak, dortoka bat, bi asto, lau poni eta zaldi bat.
Animalia guztiek terapia guztietarako balio dute?
Pertsona desberdinak gaude eta animalia desberdinak daude. Horrek ahalbidetzen digu pertsona bat, familia bat, hona etortzen denean ikusteko zer behar dituen haur edo pertsona horrek. Horren arabera aukeratzen dugu bai profesionala bai animalia. Agian familia etortzen da zuzenean txakurrekin lan egiteko, haurrak duen interesa hori delako, edo gehiago erlazionatzen gaituena. Baina agian ikusten dugu haurra gusturago dagoela, gehiago zabaltzen dela edo aldaketa gehiago egoten dela beste animalia batekin, esaterako ponia. Hasieran txakurrekin edo animalia txikiekin hasten gara eta pitteka-pitteka beste animalia batzuk txertatzen joaten gara. Batzuetan prozesua txakurrekin hasi eta prozesu guztia txakur berarekin egiten dugu. Hainbat arrazoi daude, baina animalia bakoitzak gauza bat ematen digu.
Terapiez aparte, proiektu mordoa dituzue.
Aurrekoan horretaz hitz egin genuen: "agian gauza asko egiten ditugu eta jendeak ez du guztiz ulertzen edo ez du ikusten edo gauza asko daudelako". Esparru asko hartzen ditugu. Terapiak egiteaz aparte, Hezkuntzan lan egiten dugu trantsizio geletan, behar bereziak dituzten ikasleekin. Baina gela arruntetan dauden haurrekin ere lan egiten dugu. Sakanako Mankomunitatearekin Irakurkide proiektua dugu, euskara sustatzeko txakurrekin egindako irakurketa saioetan. Bestetik, Sakanan goizeko arreta zentro bat sortu nahi dugu, erreferentziazko zentroa. Aniztasun funtzionala duten edo gizarte zailtasun egoeran dauden gazte eta helduendako izanen da. Okupazio zentro edo eguneko zentroa egiteko hiru bat urte lanean daramagu. Orain proiektu pilotuarekin gaude. Nik uste hurrengo urterako hori izango dugula, Nafarroako Gobernuarekin batera.
Horrek Duna izena du?
Hori da. Orain paper guztiak egiten ari gara zentroak inspekzioak pasatzeko eta heldu den urtean behar bezalako zentroa izateko.
Egoitzaz aparte, beste bat baduzue.
Sabairik gabeko espazioa. Han gure zaldiak eta abar dauden espazioa ere erabiltzen dugu. Altsasun animaliak dituztenek erabiltzen duten espazio bera erabiltzea gustatzen zaigu. Gainera, Basamutur dermioan baratza dugu. Esku artean dugun beste proiektu bat Amalur da: baso eskola edo basoan murgildutako terapia, hezkuntza espazioa sortzea. Espazio hori ere gure egitasmo guztiak garatzeko beste gune bat litzateke, baina, kalean. Argi dugu proiektu hori aurrera eraman nahi dugula eta oraintxe bertan paper guzti horiek egiten ari gara, ikusten dugulako behar hori dagoela, halako proiektu bat izan behar duela ere: pertsonak erdigunean, baina baita ere animaliak, komunitatea, herria.
Gizarte Eskubideen kontseilari Carmen Maeztu Villafrancaren bisita izan zenuten 2025ean.
Bai. Haiek izan ziren guk bulkatu gintuzten halako proiektu bat Sakanan egiteko. Berarekin harremanetan gaude, bai.
Proiektuez aparte, jendea ere trebatzen duzue, ezta?
Hasieratik horretan ari gara, gu bezala animaliekin eta pertsonekin lan egin nahi duten pertsona horien prestakuntzan. Jarraitzen dugu. Orain urtean bitan egiten ditugu: bata udazkenean, bestea udan, trinkoa. Jende asko etortzen da. Jendea animalia zalea da, bere bizitzan animaliak zer eragin duen ikusten du eta beste pertsonek ere onura horiek jasotzea nahi dute. Galdetu digute ea astoekin prestakuntza egiten dugun, estatuan ez baitago halakorik. Iosu Mendez Sanchez (elkarteko txakur hezitzailea) astoekin egindako terapian, ansinoterapian, trebatu zen Galizian aspaldi. Beharrezkoa da jendea eta animalia aurretik halako trebakuntza profesionala jasotzea, ondoren terapia egin eta hezkuntzan lan egin nahi bada.
Hasieran ikasturteka aritzen zineten, orain udan ere aritzen zarete.
Bizpahiru urte daramatzagu udan kanpaldi inklusiboa egiten. Gazteei zuzenduta dago. Ibarreko herrietan haurrendako eskaintza badago udan. Baina 11 edo 12 urterekin ez dira joaten, eta hutsune bat dago. Guk gazte talde bat dugu ikasturtean zehar. Aurten garileko hiru astetan izanen da, goizez. Animaliekin eta naturarekin harremana izateaz aparte, irratia dago. Eta hor kanpaldi inklusiboa txertatzen dugu. Gazteak ez du behar berezirik izan beharrik. Nahikoa da animaliak gustatzea, eta etxean noraezean gelditu beharrean zerbait desberdina egitea. Egun jakinetan, aste batez edo hiru astetan joateko aukera dago. Herrian bertan zerbait egin nahi duten gazteendako aukera bat izan daiteke. Polita da.
Zuen lanak gizartean eragin du?
Behar bereziak dituzten haur horiek Sakanan aukera izatea, baietz uste dut. Nahiz eta jendeak zer egiten dugun oso ongi ez ulertu. Edo aniztasun funtzionalera oso lotuta egon. Egia esan behar sozioemozionalak dira haur eta gazteekin orain gehienbat lantzen ditugunak. Pandemiaz geroztik izugarri hazi da, eta behar handiak daude arlo emozionalean haur eta gazteetan. Baina baietz uste dut. Egia da halako aldaketak oso mantsoak direla. Apika jendeari galdetu beharko litzaioke zer den Biak Bat. Egoitza berria dugunetik ikusgarriagoa da elkartea. Aurrekoan Altsasuko artisau azokan geundenean jendea beste modu batera gerturatzen da jada, ez dutela dudarik, zuzenean joaten dira. Lagundu nahi dute. Oraindik zabalkunde lan hori, azaldu beharra, gelditzen zaigu. Horretan jarraituko dugu. Bai, halako elkartea herrian izateak eragina du.
Zuen jarduna ez da Sakanara mugatzen.
Hasierako urteetan, apika, energia gehiago genuen eta Euskal Herrian gehiago mugitzen ginen. Orain Sakanan gehiago mugitzen gara. Baina, jakina, mugitzen gara. Azkenaldian Donostiako adinduen egoitza askotan egiten dugu lan, edo Iruñean eskoletan ere bai. Norabait joateko eskatzen digutenean, hara goaz.
15 urte. Ospatzeko zer eginen duzue?
Gure lanean asko sartzen gara eta halakoak ospatu behar direla ahaztu egiten zaigu. Zerbait garrantzitsua antolatzea beharrezkotzat jo genuen. eta jardunaldiak antolatu ditugu Altsasuko Iortia kultur gunean maiatzaren 21 da 22rako. Ospatzeko, baina, aldi berean, hainbat profesional gonbidatu ditugu eta zenbait arlo landu nahi ditugu, bai terapia, bai hezkuntza ere bai. Jardunaldiak haurtzaroan nahiko zentratuta egonen dira. Nafarroan esku hartzeak egiten dituzten hainbat elkartek mahai inguru batean parte hartuko dute. Haren bidez Nafarroan esku hartze horiek zein egoeratan dauden mahai gainean jarri nahi dugu, bakoitzaren beharrak. Aurreneko aldia da, Nafarroan halako jardunaldirik ez da sekula egin.
Jardunaldia nori dago zuzenduta?
Gure lan guztiak bezala, herriari. Etorri daitezke arlo honetako profesionalak edo pixka bat gehiago jakin nahi duen pertsonak edo ikasleak. Batez ere, gerturatzen diren guzti horiek ulertzeko zein den gure lanaren oinarria.
Jardunaldien ondoren, zer? Amesten hasi zarete?
15 urteren ondoren amesten jarraitzen dugu. Egoitza egin bitartean kalean asko egoten ginen, lanerako beste espaziorik ez genuelako. Eta ikusi genuen zer onuragarria zen kalera ateratzea gure lana, ez bakarrik jendeak ikusteko, baizik eta guretako eta etortzen ziren pertsonendako. Gure burua nahasia dagoenean mendira joaten gara. Eta nola bueltatzen gara? Animaliak eta natura elkartzen bagenituen onura biderkatzen zirela ikusi genuen. Oso egoitza polita sortu genuen, baina burua genuen naturaren onurak jasotzeko egitasmoa sortzea, Amalur proiektua. Horretan dugu fokua jarrita epe ertain edo luzera. Baratzea, baina ez bakarrik terapiarako baratze zaintza. Terapia espazioa izanen da, baina Hezkuntzan natura integratzeko bidea izanen da. Altsasu institutuaren eta Iñigo Aritza ikastolaren inguruan egonen da. Gainera, bidegorriarekin, hara iristea erraza izanen da. Gure erreferentzia espazio bat izatea naturan, ez bakarrik terapiarako, Hezkuntzara zabalduko dugu.
Jardunaldiaren egitaraua
Maiatzak 21, osteguna
10:00-10:15 Parte-hartzaileen harrera.
10:15-10:45 Irekiera: Ines Frances, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea; Gemma Botin, proiektu eta berrikuntzako zuzendariordetza eta Josune Azpiroz, psikologoa eta Biak Bat-eko sortzailea.
10:45-11:15 Hitzaldia: Animalia eta pertsonen arteko atxikimenduaren garrantzia haurtzaroan. Alexander Muela, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko Zuzendaria.
11:15-12:00 Mahai-ingurua: haurtzaro programak eta komunitate sarea. ANFASek kudeatutako Nafarroako Gobernuaren Arreta Goiztiarreko Zerbitzuko Oihane Andueza eta Uxue Mendizabal eta Etxarri Aranazko aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak.
12:00-12:30 Atsedenaldia.
12:30-13:00 Hitzaldia: haurtzaro programak eta komunitate-sarea. Madrilgo FDI fundazioko Rebeca Gomez Armengou, Erakunde Harremanetarako Zuzendaria - Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Estrategia eta Borondatezko Lan Korporatiboa.
13:00-13:45 Mahai-ingurua: enpresek haurtzaroko programen eta lurraldearen eraldaketaren alde duten papera. Construcciones DOES SL. Josetxo Rived, Construcciones Does SM; Elena Aldasoro, Arkatz Liburudenda eta Gemma Botin, Innova programa.
13:45-14:00 Sakanako Inklusiorako sarearen aurkezpena. Biak Bat eta Anfas.
14:00 Bazkaltzeko atsedenaldia.
16:30-18:00 Saio irekia: Zer dira Animaliek Lagundutako esku-hartzeak?
Maiatzak 22, ostirala
10:00-10:15 Parte-hartzaileen harrera.
10:15-10:45 Hitzaldia: Biak Bat-en 15. urteurrena. Iosu Mendez Sanchez. Txakur Hezitzailea. Biak Bat-eko sortzailea.
10:45-11:30 Hitzaldia: Laguntza txakurrak: bihotz handiko laguntza teknikoa. Rocio Marin. Kuné elkartearen sortzailea eta laguntza txakurren hezitzailea.
11:30-12:00 Hitzaldia: Antrozoologia: gizaki eta animalien arteko lotura. Maider Perez de Villarreal, albaitaritzan lizentziatua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
11:45-12:15 Atsedenaldia.
12:15-13:15 Mahai ingurua: Animaliek Lagundutako Esku-hartzeen egoera Nafarroan. David Landa Pinillos, Gure Sustraiak; Belen Jaurrieta Mutiloa, Equiten; Biki Blasko, Biki Blasko Equinoterapia eta Iosu Mendez, Biak Bat.
13:15-13:45 Hitzaldia: Animalien Ongizatea. Ana Serrano, Nafarroako Gobernuko Konpainia-Animalien Saila.
13:45-14:00 Jardunaldien itxiera.
Kronologia laburra
- 2011 Biak Bat elkartea sortu zen.
- 2014 Biak Bat Bizipoza elkarteko kide egin zen.
- 2015-01-17 Elkarteak sustatutako Nafarroako Laguntza Txakurren Legea (3/2015 Foru Legea) onartu zuen Nafarroako Parlamentuak.
- 2017-03 Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin hitzarmena sinatu zuen Lau zango mila irri programa garatzeko.
- 2017-12-12 Ezagutu nazazu, laguntza-txakurra naiz gida aurkeztu zuten.
- 2019 Lagundutako irakurketa tailerrak eskaintzen hasi zen elkartea.
- 2021-11 Sakana Sarien aipamen berezia jaso zuen.
- 2021-12-10 Uholdeak egoitza hondatu zuen.
- 2023-03-10 Egoitza berriko ate irekien jardunaldia.
- 2024 Amalur proiektua martxan jarri zuen.
- 2024-09-20 Aurreneko beken banaketa ekitaldia.
- 2025-07-30 Duna proiektua.