Astekaria

"Helburu nagusia lortu dugu, mailaz igotzea, eta oso pozik gaude. Gero, gerokoak"

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 20a

Gorka Pascua, argazkiaren erdian, goian. Xabier Gasco prestatzailea eta Javier Diaz analista ezkerrean daude. OSASUNA

Gorka Pascua entrenatzaile altsasuarrak Osasuna B 2. RFEF mailara igotzea lortu du, jaitsi eta urtebetera.

Gorka Pascua altsasuarrak entrenatzen duen Osasuna B nesken taldeak denboraldi borobila egin du. Iaz 2. RFEF mailatik jaitsi egin zen, eta aurten hirugarren maila irabazi, eta igoera fasean 2. RFEF mailara igotzea lortu du. 

Sekulako denboraldia egin duzue.
Denboraldi polita izan da, baina gogorra, aldi berean. Helburu nagusia lortu dugu, mailaz igotzea; hori da garrantzitsuena.

Hirugarren mailan alde handiz gailendu zarete, 22 jardunaldietatik 20 irabazi eta bi berdinduta. Hirugarren maila txiki geratzen zitzaizuela zirudien.
Talde batzuk gure mailakoak ziren, Mulier eta Oberena, esaterako, baina beste batzuk maila baxuagokoak, eta nabaritu da. Altsasu aipatu nahiko nuke; seigarrenak izan dira, denboraldi polita egin eta gero. Liga albo batera utzita, guretako gogorrena jokalariak topera mantentzea izan da, euren joko maila ez jaisteko. Osasuna B garenez, gure futbolariek prest egon behar dute Osasuna A taldetik beharra dutenean bertara igotzeko, eta futbolariek joko maila hori mantendu beharra dute. Aurten gure hiru jokalarik debutatu dute talde nagusiarekin, kopan. 

Beraz, erronka bikoitza zenuten: lehena, mailaz igotzea, eta bigarrena, joko maila ona izatea.
Bai, eta pausoz pauso joan gara. Lehenik eta behin, gure helburua liga irabaztea zela esan genuen. Ligako azken partidan zuzenean 2. RFEF mailara igotzeko aukera izan genuen, baina Mulierren kontrako partida berdindu genuenez igoera fasea jokatu behar izan dugu.

Igoera fasean Mallorca Internacional izan duzue arerio. Arerio gogorra izan da?
Ez oso gogorra. Joaneko partida Mallorcan jokatu genuen. Lehen zatia gurea izan zen; oso indartsu hasi ginen eta gola sartu genuen. Baina bigarren zatian gure atezainak falta bat egin zuen, txartel gorria ikusi zuen eta 30 minutu jokalari bat gutxiagorekin aritu ginen. Zorionez, 0-1ari eutsi genion.

Maiatzaren 9an itzuliko partida jokatu zenuten, etxean. 
Taxoare zalez beteta zegoen, giro aparta. Mallorcak gola sartu eta galtzen hasi ginen, baina atsedenaldirako 5 minuturen faltan gol psikologiko horietako bat sartu genuen, eta bigarren zatia gurea izan zen. Protagonistak izan ginen eta baloiarekin oso ongi aritu ginen. Ez genuen sufritu, eta 3-1 irabazita, 2. RFEF mailara igo gara. Egun berean afaria egin genuen, ospakizun polita. 

Gainera ospakizun bikoitza izan duzue, zuek 2. RFEF mailara igotzearekin batera Osasuna C taldea hirugarren mailara igo delako. 
Bi ospakizun polit bizi genituen asteburuan; oso pozik gaude. 

Agerikoa da zuen taldean giro ederra duzuela.
Bai, oso gustura nago neskekin. Lan handia egiten dute eta beraiekin lan egitea erraza da. Jatorrak dira, eta beraien artean harreman oso ona dute. Horrela gauzak errazagoak izaten dira.

Taldeko staffean bi laguntzaile sakandar dituzu, Xabier Gasco kirol prestatzaile lakuntzarra eta Javier Diaz analista altsasuarra. 
Aurten sartu dira taldean, eta profesional oso onak dira. Xabier Gasco iaz 2. RFEF mailako Numancian ibili zen, praktiketan. Prestatzaile ona da, oso jatorra, eta neskekin oso ongi moldatu da. Javier Diaz lehenengoz hasi da futbol taldeko staff batean. Gaztea da, eta bere lana oso ongi egin du. Neskek berak esandakoa oso kontuan hartzen dute. Eurekin oso gustura egin dut lan; eskertzekoa da beraiekin topo egin izana. Sakandarrak garenez, elkarrekin joaten gara Taxoarera. Auto horretan, dena da futbola (kar-kar). Bestalde, Eneko Carrion irurtzundarra berregokitzailea da, lesionatuekin lan egiten du.

Gaur egun futbol taldeek lan talde handia dute atzetik. 
Futbol talde batean jende asko dago: bigarren entrenatzailea, atezainen prestatzailea, kirol prestatzailea, analista, psikologoa, taldeko delegatua, fisioak... eta ni, guztia kudeatzen eta kontrolatzen. Itsasontziaren patroia naiz (kar-kar). 

Denboraldia bukatu duzue?
Izarretan gaude, baina oraindik entrenatzen ari gara, maiatzeko hirugarren astea izango da azkena. Kluba datorren denboraldia prestatzen hasiko da aurki, baina oraindik ez dugu hitz egin. 2. RFEF maila salto handia da, maila zaila da. Momentuz, egindako denboraldiarekin gustura eta pozik gaude, eta gero, gerokoak.