Altsasuko Udaleko Gazteria, Ludoteka, Musika eskola eta Kirol Zerbitzuek udarako eta 2026/2027 ikasturterako eskaintza biltzen duen liburuxka prestatu dute. Zerbitzuetako arduradunek eskaintza aztertu eta gurasoak gonbidatu dituzte seme-alabak haietakoren batean edo batzuetan izena ematera. Arduradunek gaztigatu dutenez, "haur eta nerabe osasuntsuak izateko funtsezkoa da mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. Hori pentsatzera animatzen ditugu, erosketak egiten diren momentuan". Gainera, arduradunek jakinarazi dutenez, "Altsasuko kirol-eta aisialdi-eremuan haur eta nerabeen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloak indarrean daude. Protokoloaren helburua da kirol eta aisialdi jarduera arloan ingurune segurua eraikitzea eta haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoeretan esku hartzeko prozedura ezartzea".
Udako eskaintza
Ludotekaren Aisiaz Blai programa 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, hau da, 2014 eta 2023 urteen artean jaiotakoei. Hiru epetan garatuko da. Lehenik, ludotekan, garagarrilaren 19, 22, 23, 24, 25, 26 eta 30ean, 08:30etik 13:30era. Hurrena garileko programa da, 4 eta 12 urte arteko haurrendako izanen dena. Haurrak adinaren araberako taldeetan banatuko dituzte. Hileko matrikula egin daiteke, edo hamabost egunekoa. Kontziliazioa errazteko 08:30 eta 09:30 arteko sarrera ordutegia dago, plaza mugatuekin. Bestela, 09:30etik 13:00etara garatuko da programa. Azkenik, agorrileko programa dago, hori ere hamabosteko alditan har daitekeena eta 3 eta 12 urte artekoendako dena. 09:30etik 13:00etara izanen da. Izen ematea maiatzaren 22ra arte zabalik dago. 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez edo Altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke.
Gazteria Zerbitzuak bi programa prest ditu udarako. Uda Gazte 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako da eta garileko lehen hamabostaldian izanen da, 10:30etik 13:30era. Bestalde, Gu Geu Gazte programa aniztasun funtzionalak duten gazteei zuzenduta dago. Garilaren 1etik 24ra izanen da, 17:00etatik 20:00etara izanen da. Azkenik, Gaztetxokoa garagarrilaren 5etik irailaren 25era 18:00etatik 20:00etara egonen da zabalik astegunetan. Izen ematea garagarrilaren 2ra arte egin daiteke. Horretarako 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo Altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke.
Igeriketa ikastaro intentsiboak eginen dira Zelandi kiroldegian garagarrilean. Aurretik norberaren maila ezagutzeko proba bat eginen dute. Saioak 40 minutuko iraupena izanen dute eta 15:30ean, 16:15ean eta 17:00etan hasiko dira. Izen ematea maiatzaren 26tik 30era egin beharko da kiroldegiko harreran.
Dantzaleku igerilekuko sasoia garagarrilaren 12tik agorrilaren 30era izanen da. Eguneko sarrerak eta abonamenduak izanen dira. Azken horiek eskuratu nahi dutenek kiroldegiko harrerara joan beharko dute garagarrilaren 1etik aurrera. Tarifei dagokienez, 3 eta 15 urtekoek 45 euro ordaindu beharko dituzte, 16 eta 64 urte artekoek 55 euro eta 65 urtetik gorakoek 50 euro.
Udalak gaztigatu duenez, Zelandiko igerilekua itxita egonen da garilean eta agorrilean. Gimnasioa berriz, zabalik segituko du.
Kirol eskolak
Heldu den ikasturtean Altsasun hamaika kirol eskoletan aritzeko aukera izanen da: Atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudoa, tenisa, saskibaloia, futbola, irristaketa, txirrindularitza, esku-pilota eta emakumezkoen pala. Izena emateko epea garagarrilaren 2ra arte zabalik izanen da. Horretarako 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke. Igeriketa egin nahi dutenek kiroldegian edo Sakana Igeriketa klubean eman beharko dute izena.
Kirol eskolez aparte, Altsasuko Udalak jarduera anitz Zelandi kiroldegian gazteendako. Adinaren araberakoak dira, batetik, 2015-2019 artean jaiotakoen adin tarterako eta, bestetik, 2011-2014 urteen artean jaiotakoen adin tarterako. Jarduera horiek osasun etxeko pediatria arloarekin koordinatuta daude eta kirol eskolen eskaintza osatzen dute, beste jarduera fisiko batzuk eskainiz eta kirol eskolek bezala bizimodu osasungarri eta aktiboa sustatuz. 16 urtera arteko eskaintza zabal horren helburua da pertsona bakoitzak aurkitzea gustuko duena, mugitzea eta kirola edo jarduera fisikoa egitea ikasturtean zehar. Azkenik, jarduerarik egiten ez duten adingabekoek hitzordua eska dezakete pediatraren eta kirol-orientatzailearen artean, aktibo bihurtzeko.
Musika eta dantza eskola
Udal ikastetxe horrek euskal dantzak ikasteko aukeraz aparte, honako instrumentuak jotzen ikasteko aukera eskainiko du heldu den ikasturtean: kantua, txistua, gaita, alboka, akordeoia, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tronpeta, tuba, saxofoia, zeharkako txirula, pianoa eta bateria. Musika hizkuntza ere erakutsiko da. Horretaz aparte, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzako musika eta mugimendua ere izanen da. Gainera, ikasleek musika instrumentu eta taldeetan parte hartzeko aukera izanen dute. Izen ematea Altsasu.eus webgunean edo eskolako idazkaritzan egin daiteke maiatzaren 22ra arte.
Eskaintza guztiaren informazio xehea Altsasu.eus webgunean dago.