Astekaria

Entrenatzaileek Oihan Aldaz eta Ekhi Guirado "primeran" ikusi dituzte

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 20a

Oihan Aldaz eta Ekhi Guirado, Nafarroako selekzioko jantziarekin. UTZITAKOA

Dantzaleku Sakanako bi altsasuarrak Espainiako Pista Txapelketan aritu dira.

Asteburuan 16 urtez azpiko selekzioen arteko Espainiako Pistako txapelketak jokatu ziren Ourensen. Nafarroako selekzioarekin Dantzaleku Sakana atletismo eskolako bi kide lehiatu ziren, Oihan Aldaz Herrero eta Ekhi Guirado Navarro altsasuarrak, klub sakandarrean egiten den lan handiaren erakusgarri. 

Fermin Azkargorta Dantzaleku Sakana klubeko entrenatzailearendako "oso pozgarria" da eurekin trebatutako bi gazte Espainiako Pista Txapelketetara joatea. Fermin Azkargorta bera izan zen Espainiako Pista Txapelketara joan zen Dantzalekuko azken korrikalaria. "Urte nahikotxo pasa dira ni joan nintzenetik, 11 urte. 300 metroko lasterketan aritu nintzen, eta 4x300 metroko erreleboetan. Erreleboetan emaitza ona lortu genuen, uste dut seigarren sailkatu ginela, eta, gainera, Nafarroako errekorra ezarri genuen. Momentu horretan oso polita izan zen" du gogoan. 

Dantzaleku, sendotuta
Azken urteetan atletismo eskola asko sendotu da. "Azken hiruzpalau urtetan 50-60 neska-mutil ditugu eskolan. Guretako hori sekulakoa da. Dinamika ona hartu dugu; krosean, pistan eta mendi lasterketetan Dantzaleku Sakanaren kolore urdina Nafarroan barna ikusten da". Aurretik, urte nahiko zailak izan ziren, atletismoan nabarmentzen zirenek edo aurrera pausoa eman nahi zutenek Iruñeko klubetara jotzen zuten. "Hori izan zen niri gertatu zitzaidana". Orain, aldiz, ez da horrela. "Kirol ikasketak ditut, Iruñean egon naiz entrenatzaile eta egun Dantzalekun egin dezakegun lana Iruñean egin daitekeenaren antzekoa dela esan dezaket". 

Fermin Azkargorta: "Guk trebatutako bi ikasle Espainiako Txapelketan ikustea oso pozgarria da"

Fermin Azkargortak eta Aitor Mendozak zenbait urte daramate eskolan entrenatzaile gisa. Aurten entrenatzaile berria batu zaie, Jokin Bereziartu. "Pozik gaude berarekin. Ikasketak ditu, pilo bat daki, eta asko laguntzen du". Mendoza kimuen eta infantilen entrenatzailea da, Azkargorta kadeteekin eta jubenilekin aritzen da gehiago, eta Bereziartu benjaminekin eta nagusien taldearekin. "Aitorrek haurrak oso ongi gidatzen ditu; 14 urtetik gorakoek gehiago espezializatu beharra dute, eta besteak eurekin aritzen gara gehiago". 

Aldaz eta Guirado, ederki
Azkargortak Oihan Aldaz eta Ekhi Guirado "primeran" ikusten ditu. "Espainiako Pista Txapelketetan zuzenean jarraitu nituen, etxetik, streaming bidez". Ekhi Guiradok gehiago gustuko du mendian eta krosean aritzea, baina pista ez doakio gaizki. 3.000 metroko lasterketan hamalaugarren sailkatu zen, (9:54). "Pistan batez ere denborei erreparatzen diegu. Nafarroan egin duenaren antzeko denboretan ibili zen, ongi. Esperientzia polita. Ekhik sekulako dinamika darama aurten". Maiatzaren azken asteburuan Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan lehiatuko da, Jaenen.