Altsasuko Udalak irristaketa pista eraikitzeko lanak emateko deialdia egin du. Lanak 228.774,19 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Deialdian interesa duen enpresak bere eskaintza maiatzaren 29ko 23:59rako aurkeztu beharko du. Kontratua eskuratzen duen enpresak lanak egiteko 90 egun izanen ditu.
Irristaketa pista Dantzaleku kirol guneko goiko zelaian eraikiko da, futbol zelai handiaren eta txikiaren artean. Irristaketa taldeko kideez aparte txirrindulari eskolakoek erabiltzeko pentsatuta dago. Irristaketa pistak 4.450,00 m2-ko azalera hartuko du, guztira 99,65 metro luze eta 44,65 metro zabalerako espazioa izanen da.
Pistak Irristaketa Federazioak ezarritako baldintzak beteko ditu. Pistak 55,00 metroko bi tarte zuzen eta 14,32 metroko bi erradio kurba izanen ditu. Horrela, pistaren barne luzera 200 metrokoa izanen da. Tarte zuzenak pistaren %55 izanen dira eta bihurguneak %45. Pistaren zabalera 6 metrokoa izanen da, baina horri gehitu behar zaizkio arauetan ezarritako segurtasun eta babes eremuak. Peraltea duen pista izanen da. Tarte zuzenetan peraltea %0,10ekoa izanen da eta %10koa bihurguneetan. Pistaren zoladura asfalto tapisagarria da, oso itxia eta homogeneoa; beraz, gainazal leuna du, kirola egiteko oso egokia.
Pistaren bi aldeetan porlanezko zintarriak jarriko dira. Gainera, barruko zintarriaren ondoan euri urak jasotzeko sareta jarriko dute. Euri ura basoan bukatuko du, pistaren ipar ekialdean.
