Arguedasko erailketa matxista salatzera deitu du Itaiak

Guaixe 2026ko maiatzaren 19a

Itaiak deituta egindako kontzentrazioa. ARTXIBOA

Maiatzaren 20an, asteazkena, 'Indarekeria matxistari aurre egin' elkarretaratzea deitu dute. "Matxismoaren kontrako kontzientziazio lana eta borroka beharrezkoa" dela esan du Itaiak. 

Gizonezko batek 44 urteko emakumezkoa hil zuen Arguedasen asteburuan. Hori dela eta, Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, erailketa matxista salatzeko mobilizatzera deitu du. Itaiako ordezkariek salatu dutenez, "emakumeen kontrako indarkeria larriagotu da; izan ere, lehen seihilekoa bukatu aurretik, eraildako emakume kopurua joan zen urtekoaren halako bi da ia-ia Euskal Herrian". Arguedasko emakumearen erailketa salatzeko kontzentrazioa Altsasuko udaletxe parean izanen da maiatzaren 20an, asteazkena, 19:30ean. Indarkeria matxistari aurre egin leloa izanen du bilkurak. 

Era berean, antolakundeak adierazi duenez, "matxismoa oraindik presente dago gizartean". Hori dela eta, "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko beharra" azpimarratu du Itaiak, "indarkeria matxistaren normalizazioa" dakarrelako "eta, ondorioz, emakumeen kontra egiteko erasotzaileen zigorgabetasuna areagotzen duelako". 

Itaiako kideek gaineratu dutenez, "matxismoaren kontrako kontzientziazio lana eta borroka beharrezkoa da, eta erailketaren kontra kaleak hartzeko deia" zabaldu du: "indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz; eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzunez".