Altsasu Institutuko Aitor Anzar Lobo eta Unax Marquez Gonzalez ikasleek Iruñeko Iturrama institutuak antolatutako paperezko zubien lehiaketan parte hartu zuten, Iñaki Aldasoro Lezea irakaslearen laguntzaz. 140 bat talde parte hartzaile izan ziren maiatzaren 14an eta 15ean. Interneten bilatuz eta Altsasuko zubiak ikusiz, zubia, gutxi gorabehera, nola egin zehaztu zuten.
Marquezek azaldu zuenez, "aurreneko ideia izan zen elkar lotuz edo ahokatuz paperezko tutuak egitea. Paperezko tutuak sortzeko folioak ongi-ongi borobildu genituen, edariak edateko lasto modukoak sortuz". Halako hiru tutu ahokatuz luzeago eta sendoago bat sortu zuten. "Halako hiru egin genituen, plataforma izateko". Oinarri horren gainean tutu gehiagorekin goraka eraiki zuten. "Tutuak itsasteko kola zuria eta silikona erabili genuen. Hala zubi laukizuzen bat egin genuen", argitu du Anzarrek. Lan hori Altsasu Institutuan egin zuten.
Lehiaketara aurkezteko zubia lortzeko denbora asko eman zuten. "Huts egite asko izan genituen: zubiek pisu muga bat izan behar zuten; papera kola edo silikonarekin ez zela ongi itsasten... Baina azken egunerako zuzendu genituen horiek", argitu du Marquezek. Anzarrek azaldu zuenez, "zubiak, gehienez, 300 gramo pisatu behar zuen. Batzuetan pasatzen zen. Uste dugu dela kola asko jarri genuelako". Lehiaketaren oinarriak hala eskatzen zuelako, zubiari egur zati bat jarri zioten eta han gako bat jarri zuten.
Iturramako esperientzia "oso ona" izan zela azaldu dute. "Parte hartzaile guztiek talde argazkia egin genuen eta, ondoren, proba egin genuen", esan du Anzarrek. "Bi epaileren aurrean, distantzia batera zeuden bi mahairen artean gure zubia jarri genuen eta gakotik pisua zintzilikatu zuten". Aznarrek jakinarazi duenez, "lehiaketaren oinarria da zubiek ahalik eta karga handienari eustea. Gureak 15 kilori eutsi zion". Marquezek aitortu duenez, "pixka bat gehiagori eutsiko ziola espero genuen, baina pozik gelditu ginen". Zubi irabazleak 32 kilori eutsi zion.
Paperezko zubiak eginez Anzarrek ikasi du "taldean lan gehiago egitea". Marquezek, berriz, "gauzak egin izan ditugu, baina hau serioagoa izan da. Polita izan da". Gaineratu duenez, "irakasleek asko erakutsi digute". Bikoteak benetako zubien formari eta bestelakoei erreparatzen dio orain.