Transparencias deitzen da Mikel Montesinos argazkilari altsasuarraren lan berria, eta maiatzaren 16tik ekainaren 5era, bildumako lau argazki Bartzelonako Calldetenes herrian dagoen Abartium arte galerian ikusgai daude, erakusketa kolektibo batean. Argazkilariak hainbat erakusketa egin ditu Sakanan, Iruñean, Zumarragan eta abarren, baina lehenengo erakusketa da arte galeria batean, argazkilariak azaldu duenez; "oso pozgarria" izan da erakusketa honetan parte hartzea, eta bidean izan dituenei eskerrak eman dizki, "Artebide, Arte Azoka, lagundu nauten guztiak...".
Kolektiboa
Maiatzaren 16an mustu zuten Collective Contemporary erakusketa Abartium galeriako hiru eta lau aretoetan. Talentu berrien erakusketa bat da, eta Montesinosen lanarekin batera Pau Alcalde, Jordi Bove, Laia Fontanet, Martta Garcia, Chema Lopez de Carrion, Moriel, J. Rosich, Imma Sola, D. Tin eta Paola Vignola artisten lanak ikusgai izanen dira ere. Besteak beste, margolanak, collageak eta eskulturak ikusgai daude erakusketan. Bartzelonatik ez ezik, Tarragonatik, Zaragozatik, Toledotik eta Cordobatik joan dira artistak.
Montesinosek txuri beltzeko lau argazki aurkeztu ditu erakusketa kolektiboan; haien bidez argazkilaritza "pertzepzio eta ezagutarazte" ariketa bat bihurtu da. Txuri beltzaren, argiaren eta gardentasunaren bidez, ikusten dena zalantzan jartzen du eta objektuak indar poetiko eta garaikide handiko "esperientzia" bisualetan bihurtzen ditu.
Transparencias argazkilari altsasuarraren hirugarren bilduma da, Beste Begirada eta Esencia Oniríca erakusketen ondoren.

