Astekaria

Musikal "arrakastatsua"

Guaixe 2026ko maiatzaren 21a

'Urpealdia' musikalaren une bat. ALTSASU BHI

Altsasu BHIko laugarren mailako musika ikasleek 'Urpealdia' mustu zuten.

"Harrigarria" eta "hunkigarria" hitzak entzun ziren maiatzaren 8ko Altsasu institutuaren Urpealdia musikalaren emanaldiaren ondoren. Institututik jakinarazi dutenez, bertaratutakoek goraipatu zituzten istorioaren "indarra, argiak, dekoratuak, jantziak eta koreografiak". Askok ere "malkotan" amaitu zutela aitortu zuten, "emozioak gainezka eginda". Emanaldiaren aurretik eta ondoren antolatzaileek musikaleko pertsonaia nagusiekin argazkiak ateratzeko photocalla prestatu zuten ere. 

Institutuaren bigarren musikala zen Urpealdia eta "arrakasta handia" izan zuen. DBH 4. mailako musikako 53 ikasleek hiru emanaldi egin zituzten; ostegun eta ostiral goizeko saioak Sakanako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta eta ostiral arratsaldekoa emanaldi publikoa. Hiru saioetan aretoa bete zuten.

Ordubete eta hamar minutuko ikuskizunean, musika, dantza eta antzerkiaren bidez, etorkizun distopiko baten mundua islatu zuten Iortian: Sakana urpean geratu da eta gizateria bi uhartetan gelditu da: Beriain eta Aralar. Beriainen teknologia eta Adimen Artifiziala dira nagusi, eta Aralarren natura eta tradizioa. Bi zibilizazioen arteko tentsioek eta lankidetzaren beharrak gidatzen zuten istorioa. Gai nagusiaren bidez beste hainbat gai jorratzen ditu ikuskizunak: larrialdi klimatikoa, baliabideen erabilera arduratsua, Adimen Artifizialaren erronkak, genero berdintasuna, hizkuntza eta kultura ondarearen babesa, inklusioa, bizikidetza eta maitasuna. 


'Urpealdia' musikalaren amaieran, ikasleak eta irakasleak. ALTSASU BHI

Urtean zehar ikasleekin batera irakasle talde "sendo baten" lana egon da atzean, eta proiektuak hainbat erakude eta enpresaren babesa izan du: Altsasuko Udala, Lakuntzako Udala, Nafarroako Gobernua, Sakana Group kooperatiba eta Ikus-arte Visual Art enpresa.