Nafar Lansareren bi ikastaro hartuko ditu Altsasuk

Guaixe 2026ko maiatzaren 22a

Nafar Lansareren Altsasuko egoitza. ARTXIBOA

Udan, guztira, 47 prestakuntza saio eskainiko ditu. Langabetuendako dira, baina plazen %30 lanean dauden pertsonendako dira. 

Nafar Lansarek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, epea ireki du garagarrilean, garilean, agorrilean eta irailean emango diren prestakuntza ikastaroetan izena emateko. Ikastaro horiek enplegu zerbitzu publikoetan enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden eta langabezian dauden pertsonei zuzenduta daude, eta ikastaroko lanean dauden pertsonen %30 arte onartuko dira. 

Guztira 47 ikastaro eskainik ditu. Horien berri formacion.navarra.es/eu/ webgunean daude. Prestakuntza ikastaroetako bi Altsasun emanen dira. Bata, komunikaziorako gaitasuna da. Garagarrilaren 10etik 24ra izanen da, 17:00etatik 20:00etara, guztira 32 orduko iraupena izanen du. Bereziki lanean ari diren pertsonei zuzendutako ikastaroa da. Komunikazio eraginkorra erraztuko duten estrategiak eta komunikazio teknikak identifikatzen eta aplikatzen ikasiko dute parte hartzaileek.

Beste ikastaroa genero berdintasuna lan arloan da. Garagarrilaren 18an eta 19an emanen dute, 16:30etik 20:00etara. Ikastaroaren helburua da genero desberdintasuna identifikatzea gizarte eta lan eremuan, jardunbide egokiei eta gizarte erantzunkidetasunari lagunduz. Ikastaro horretan ere lehentasuna lanean ari diren pertsonek izanen dute. Bi ikastaroak Asociacion de Formadores de Navarrak, Formak, emanen ditu  Iortia kultur gunean.

Matrikulazioa
Izena aipatu webgunearen bidez edo enplegu-agentzietara joz eman daiteke. Izena eman duten pertsonak hainbat beka eta laguntzaren onuradun izan daitezke. Esate baterako, ordezkaritza txikia duten lanbide-arloekin zerikusia duten ikastaroetan parte hartzen duten emakumeek 9 euroko beka jasotzeko eskubidea izango dute bertaratze-egun bakoitzeko, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, berriz, 10 euroko beka jasotzeko eskubidea izango dute bertaratze-egun bakoitzeko.

Azkenik, jasotako prestakuntzarekin lotutako laneratzea sustatzeko, zenbait ikastarok kontratatzeko konpromisoa dute ikastaroa osatzen duten parte-hartzaileetako batzuentzat.