txirrindularitza

Iker Mintegi, Beiras Sari Nagusian ederki

Guaixe 2026ko maiatzaren 25a

Iker Mintegi, erasoa jo zuenean. @SERGIO.ALNSO

Portugaleko lasterketako azken etapan txirrindulari altsasuarra ihesaldian sartu zen.

Euskaltel Euskadi taldea Portugalgo Beiras Sari Nagusian lehiatu zen asteburuan, hiru etapako proba gogorrean. Beroak are gehiago gogortu zuen lasterketa. Maiatzaren 24an jokatutako hirugarren eta azken etapan Torreko igoeran, 2.000 metroko altueran, talde laranjako Mikel Bizkarrak eta Iker Mintegik erasoa jo eta ihes egin zuten, helmugatik 100 kilometrora. Atzetik, tropela lanean hasi eta harrapatu zituzten. 

David Peña (Efapel) izan zen txapelduna (14:13:07). Iker Mintegi 61. sailkatu zen, 41:44ra. Bere taldekide eta lider Louis Sutton Top10ean sartu zen, hamargarren sailkatu baitzen, 41 segundora. 

Jorge Azanza zuzendaria taldeak egindako lanarekin kontentu dago. "Taldearen jarrera eta maila onak izan dira, batez ere azken egunean; lasterketa bikaina egin dugu. Taldearen bolada oso ona izan da, ia itzuli guztietan norbait lehen hamarren artean sailkatuz. Arnasa hartu eta datorrena prestatu behar dugu orain, denboraldiaren bigarren zatian dena emateko". 

Taldeak bi asteko atsedena izango du orain, ekaineko egutegiari aurre egin baino lehen: Circuito Franco Belga (1.Pro), ekainaren 10ean, GP Gippingen (1.1), ekainaren 14an, Esloveniako Tourra (2.Pro), ekainaren 17tik 21era, Route Occitanie (2.1), ekainaren 18tik 20ra, Andorra Clássica (1.1), ekainaren 21ean, eta Espainiako Txapelketak, ekainaren 26tik 28ra.