Flotillako kideei harrera egiterakoan atxilotutakoa aske

Guaixe 2026ko maiatzaren 25a

Ontzidiko kideak atxilotzen. UTZITAKOA

Ertzaintzak Loiuko aireportua izandako jokabidea salatu dute Global Sumud Flotillako kideek. Ontzidiko kideek adierazi dutenez, aireportuan "ez zitzaion inori bidea oztopatu. Ez da kasualitatea Ertzaintzarik gabe arazorik egon ez izana". Poliziari egotzi diote "elkartasuna etetera" joan izana.

Israelgo armadaren tratu txarra jason ondoren, Global Sumud Flotillako sei euskal herritarrak Turkiatik Loiuko aireportura iritsi ziren larunbatean, 14:00etan. Haien zain senideak, lagunak eta flotillan parte hartu eta lehenago bueltatu ziren kideak zeuden. Iritsi berriak prentsak talde argazkia egiteko prest jarri zen. Ertzaintzek ate paretik kentzeko eskatu zieten. Argazkiak egiten jarraitu zuten. Ertzainak sei ekintzaileei bulkaka hasi ziren, baita harrera egitera joan zirenak ere. Eta ekintzaile bat azken horiengana joan zirenean, ekintzailea lurrera bortizki bota eta, ondoren, gainerako kideak bota eta bortizki jo zituzten. Ertzainek lau pertsona atxilotu zituzten, haien artean Patxi Calleiras Benito altsasuarra. Atxilotutakoei desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren kontrako atentatua leporatzen diete. 

Atxiloketagatik eta Ertzaintzaren jokabidea salatzeko, protesta kontzentrazioa egin zuten 150 pertsonek Altsasun larunbat arratsaldean. Aireportuan zain zeudenen ordezkariek berretsi zuten haien helburu bakarra "oso nekatuta etortzen ziren eta torturatuak izan ziren ekintzaileei harrera egitea zen". Jazotakoa Ertzaintzaren "doako bortizkeria" izan zela salatu zuten. Eta gogorarazi zuten halako harrerak arazorik gabe egin izan direla berriki. Global Sumud Flotillak aireportuan gertatutakoa salatu du, "Israelen tortura eta indarkeria fisikoa eta psikikoa jasan ondoren, etxera iritsitakoan babesa aurkitu beharrean polizia basakeria aurkitu dugu". Gaineratu zutenez, Ertzaintzaren jokabidea, "humanitate gabezia barkaezina" da. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria Gorostidik aireportuan gertatutakoa sentitzen duela adierazi zuen. "Ahalik eta lasterren saiatuko gara gertatutakoa eta izan daitezkeen erantzukizunak argitzen". Zupiriak "kargak eta bizitako egoerak" deitoratu ditu. Esan zuen hori ez dela "gatazkak konpontzeko modua". Dena den, "probokazio hutsa" izan ziren jokabideak ere kritikatu zituen. Gainera, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean azalpenak emateko baimena eskatu du; maiatzaren 26an, asteartearekin, izanen da.