Galaz jantzita ospatu dute ikasturte akabera eta euskaltegiaren urteurrena

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 1a

AEKren ospakizunean parte hartu zutenetako batzuk. UTZITAKOA

AEKko irakasle eta ikasleak ospakizun eguna izan zuten maiatzaren 23an.

Ikasturte akabera iristearekin batera, kurtsoa despeditzeko bazkari-afariak antolatzen dira. Sakanako AEKk, normalean, txangoak antolatzen ditu. Baina, aldian behin, galazko jantziak soinean jantzi eta ospakizuna antolatzen dute. Azkena duela bizpahiru urte egin zuten eta, atzera ere, larunbatean, errepikatu zuten. Ikasturte akaberarekin batera, Itsasi euskaltegiaren 30. urteurrena ospatu nahi izan zuten. Euskara irakasteko ikastegia mustu zenean ere galaz jantzi ziren. 

Ospakizunari dagokionez, euskaltegian jarri zuten hitzordua, eguerdian. Klaseak aldagela eta makilatze gela bihurtu ziren egun batez. Denak dotore jantzi ondoren, hamabitakoaz gozatzeko aukera izan zuten. Jantzi eta makilatzeei azken ukituak eman ondoren, galaz jantzitako koadrila kalera atera zen. Batzuen eta besteen ezohiko janzkerek jendearen arreta piztu zuten. Beste batzuek musikak erakarri zituen, gurdi batean baflea baitzeramaten. Harekin ibili ziren poteoan. 

Mahaira eseri aurretik, galaz jantzitako bazkaltiarrak alfonbra gorritik pasa ziren euren galazko jantziak luzitzen. Hori gutxi ez eta argazkilariendako geldialdia egin zuten horretarako propio prestatutako photocallean. Arkangoako mahaien bueltan 40 bat eseri ziren, irakasleak eta ikasleak. Giro ederrean bazkaldu ondoren, bingo musikatuan aritu ziren. Noizbait iritsi zitzaien galak atzera ere luzitzeko gogoa. Hurrengo hitzordua Haritza tabernan izan zuten, nahikoa dantza egiteko aukera izan zuten Boletus Rumberus disko jartzaileek jarritako musikarekin.

Matrikulazioa
AEKk heldu den ikasturterako matrikula zabaldu du, bai ikasten jarraitu edo euskara  ikasten hasi nahi dutenendako. Aurrematrikula epea garagarrilaren 30era arte dago zabalik. Orain izena ematen duenak onurak izanen ditu: ikasturte honetako matrikula prezioa ordainduko du; matrikula ordainketa malguago egiteko aukera, epe bat gehituta, eta, azkenik, taldeak osatzerakoan lehentasuna izanen du orain matrikulatzen denak. Eskaintza hori aurrez aurreko ikastaroetarako balio du, baita heldu den ikasturtean zehar Foruko barnetegira joan nahi dutenendako ere. Eskaintzari buruzko argibideak aek.eus webgunean edo euskaltegia bertan jaso daitezke.

Horretaz aparte, uda euskara ikasteko baliatu nahi duenarendako ere AEKk badu eskaintza. Hainbat euskaltegitan ikastaro trinkoak daude. Horretaz aparte, ohiko barnetegia, barnetegi ibiltaria bizikletan eta online ikastaroak eskaintzen ditu AEKk.