Altsasuko Txunkai auzoan dute lokala, eta bertako festak ospatzeko baliatu dute ospakizuna ere.
1. Zer da Txokogas?
Motorrak gustatzen zaigun pertsona batzuen egitasmo bat da. Motorrarekin ibiltzen koinziditzen genuen, eta erabaki genuen zerbait gehiago sortzea; ez izatea bakarrik igandeko bidaiak, baizik eta zerbait finkatuagoa izatea. Jose Mari eta Aitor izan ziren besteei ea elkarte txiki bat egitea nahiko zuten galdetzeaz arduratu zirenak. Garrantzitsuena: motorrei buruz hitz egitea.
2. Noiz eta nola sortu zen?
Urtarrilean bi urte egin zituen. Elkar ezagutzen genuen igandetan motorrarekin ruteatzera joaten ginelako. Adiskidetasun hori sortu zen.Gasteizko moto kontzentrazio batera joan ginen eta ikusi genuen beraiek horrelako elkarte bat zutela, eta gurea sor genezakeela pentsatu genuen. Hori izan zen hazia.
3. Beraz, aurretik elkar ezagutzen zenuten?
Nahi dugulako elkartzen gara. Ez gara ikusten diren talde horietakoak joaten direla denak txaleko berdinarekin... Bakoitzak motor mota bat dauka eta izaera batekoa da. Ahoz aho elkartzen joan ginen: nik hau ezagutzen dut... Askatasun ispiritua sortzen ari gara; jendea igandetan etortzen da benetan gogoa duelako. Abiadura gutxienera joaten denera moldatzen dugu; segurtasuna oso garrantzitsua da guretako. Jose Marik esperientzia handia du eta erritmoak eta ibilbidea markatzen ditu. Idatzi gabeko arau bat dago: igandetan, 9:00etan, euririk egiten ez badu, beti egongo da norbait.
4. Zenbat elkartzen zarete?
Elkartean kuota bat ordaintzen dugunak zazpi gara; ruteatzera 50 bat pertsona.
5. Zer egiten duzue?
Elkartea sortu genuenean Papanoelada antolatu genuen Altsasuko Dendarien Elkartearekin batera, eta aurreko eguberrietan bigarren edizioa egin genuen. Oso arrakastatsua izan zen. Txangoak eta irteera motokulturalak ere antolatzen ditugu; aurreko urtean Guardiara joan ginen. Moto lasterketetara ere joan gara: Jerez, Alcaniz, GP mundialetara... Alcala de Henaresko motor museoan egon ginen, eta gu bezalako elkarteekin elkartzen gara.
6. Nork parte har dezake?
Denetarik dago. Ez dago araurik, irekita dago. Emaitza positiboa izaten ari da uste dugulako Sakanan horrelako zerbait behar zela. Sakanan motor asko dago eta motorzale asko daude, eta nolabait ispilua izan gara: etorri eta elkarbanatuko ditugu gauzak. Inor ez da beste baino gehiago. Motorra dago guztiaren erdigunean; hori da batzen gaituena. Denak berdina gara.
7. Eta zergatik motorra?
Odolean daramagu. Txikitatik. Jose Mari txikia zenean aitak zurgindegia zeukan eta egurrezko bat egin zuen eta aldapatik jaisten zen.
8. Moto topaketa antolatu duzue ekainaren 6an. Zergatik?
Elkartea sortu genuenean jarri genuen helmuga bat zen, hasieratik egin nahi izan dugu; baina ez zen batere erraza. Errazagoa zen Papanoelada egitea. Pixkanaka animatzen joango ara. Beste batzuk ikusi ditugu eta laguntzera ere etorriko dira. Asteburu horretan Txunkaiko festak ziren eta lokala auzoan dagoenez eta asko hemengoak garenez, motorrak eta Carbonillako festak ospatuko dugu. Helburua topaketa egitea da. Motorra dena izango da. Baita ikustaraztea ere. Ikustean motorrean ibiltzen garenak Sakanakoak garela. Kanpoko jendea etorriko da ere, eta Sakana ikustarazteko balioko du; oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta motorraren inguruan bada eta Txunkaiko festetan, hobe. Betiko kiroletatik pixka bat ateratzeagatik ere.
9. Estereotipoekin apurtzeko ere baloko du?
Harrituko zinateke nork daukan motorra. Ez da inolaz ere estereotipo hori. Oso pozgarria da eguberrietako ekimenean guraso eta haurren erantzuna. Jendea zoriontsu egin dezakegu; motorra ez da bakarrik zarata, zerbait dibertigarria eta kulturala izan daiteke. Gauzak antolatzeko inertziak eta elkarlana bilatzen dugu, eta ekainaren 6an Corazonistas ikastetxearekin ere zerbait egingo dugu. Oraindik ez dakigu zer, baina egingo dugu. Haurrei pila bat gustatzen zaie motorrak.
10. Nola antolatu duzue? Nolakoa izan da prozesua?
Nolakoa izaten ari da! Hemen eguraldiarekin bueltaka ibiltzen gara beti: bazkaria non egin, bestelako ekimenak... Bazkarirako izen ematea zabaldu genuen eta 90 bat pertsonak eman dute izena. Jendeari irekia zen. Motorzaleei opariak egin nahi diegu,motor lehiaketa... Oso eskertuta gaude laguntzaile eta babesleekin. Enpresekin harremanetan jarri ginen eta erantzuna oso baikorra izan zen. Azken finean, ekonomikoki gastu bat da ere. Motorraren inguruan izango da, baina Txunkai festak ere. Goizean ibilbidea egingo dugu eta hamaiketakoa hartuko dugu; honekin ere motorzaleek Sakana ezagutu dezaten nahi dugu. Bueltan bermuta eta NoNamers taldearen kontzertua izango da; bazkariaren ondoren motor jolasak, zozketak eta kontzertuak izango dira, eta 21:00etara amaituko da. Izan ere, motorzaleek ezin dute alkoholarik edaten gero itzuli behar direlako.
11. Gelditzeko sortu duzue?
Gure nahia da datorren urtean beste bat egitea; hobe.