Udalak egin beharreko baso lanak zehaztu ditu

Guaixe 2026ko ekainaren 4a

Altsasuko ikuspegia. ARTXIBOA

Horiek egiteko gobernuaren dirulaguntza izanen du. 

Altsasuko Udalak Tokiko Gobernu Batzordeak herriko basoan lanak eta hobekuntzak egiteko erabakia hartu du. Horretara 60.386 euro (BEZik gabe) bideratuko du. Eta lanok finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren 36.932 euroko dirulaguntza izanen du udalak. Egitekoen artean daude: Dermaun abeltzaintzarako esleitutako herri-lurren itxiturak berritzea eta metalezko hiru ataka berri jartzea eta  Basoitxi eta Balankaleku basoberritzeak mantentzea.

Aurreko urteetan Otadia, Maibelo, Mendizabalazpi, Larrezabal eta Gurdilatz bideak asfaltatu ondoren, udalak aurten ez du halako lanik eginen. Hori bai, Larruntzako bidea berritzeko lehen fasea egingo du. Horretarako, gehienez, 72.000 euro bideratuko ditu. 

Bestalde, Altsasuko Udalak heldu den urtean egin beharreko abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko lanak zehaztu ditu. Honakoak izanen dira: itxitura berria herri lursail batean, orain arte erabili ez dena, abeltzaintzarako erabiltzeko; Larrezabalen itxitura berriak abeltzaintza erabilerarako herri lurretan; Kanadar pasa, atakak eta hesia egitea Sorozarretan; abereendako putzu eta aska berria Dermaun eta Ulaiarreko bidea berritzea. Lan horiek guztiek 137.892 euroko aurrekontua dute.