Abiadura Handiko Tren (AHT) egitasmoko Euskal Y eta Nafarroako korridorea Sakanan barna lotu nahi dute. Espainiako Garraio Ministerioak AHTren bi ibilbide horiek non lotu zehazteko, aurretik zundaketa kanpaina egiten ari da. Altsasuko Ulaiar dermioan bi zundaketa puntu aurreikusi ditu.
AHT Zundaketak Stop ekimenak deituta, bi puntu horiek ezagutzeko martxa egin zuten domekan, maiatzaren 31n. Zundaketa puntuak kontuan izanda, ekimeneko kide batek AHTren balizko trazaduraren berri eman zuen. Horrekin batera, AHT bertatik pasatzeak eragingo lituzkeen kalteez azalpenak eman zituen. Bigarren puntuan lurjabeetako batek azaldu zuen zundaketa egiteko baimen eske joan zitzaizkiola. Uko egin ziola eta orduan bizitakoaren berri eman zuen.
Ulaiartik Dantzalekura joan ziren. Han gosaldu ondoren, zundaketa egin dezaketen hirugarren toki baten berri eman zieten. Argibideak entzun ondoren, musika lagun, herrira kalejiran bueltatu ziren. Udaletxe parean despeditu zuten ibilaldia. Hala "udalak AHTren aldeko jarrera, Espainiako Gobernuaren inposaketa eta hedabidetan gaiarekin egiten den nahaspila" salatu zituzten. Azpimarratu zutenez, 2zundaketak eta AHT gelditzeko egiten diren ekimen guztiek garrantzia dute". Gogoratu zuten, zundaketen inguruko "mugimendu susmagarriren bat antzemanez gero, hots egin 656 711 130 telefono zenbakira, eta dagokion udalari ere".
