Nafarroako Gobernuak klinika bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 9a

Lehendakaria eta kontseilaria klinikako arduradunen azalpenak entzuten.

Chivitek esan zuenez, "gizatasuna eta bikaintasun profesionala uztartzeak zentro hau erreferente eta Nafarroako osasun-sistemarentzat funtsezko baliabide bihurtzen du".

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan zertan ari diren lehen eskutik ikusteko aukera izan zuten Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Chivite Navascuesek, Osasun kontseilari Fernando Dominguez Cunchillosek eta Osasuneko zuzendari nagusi Antonio Lopez Andresek maiatzaren 29an. Felipe Lezea fundazioko presidentea Joseba Arregi Pabolletek azaldu duenez, "ez zen bakarrik erakunde bisita izan, lan bisita izan zen. Izan ere, ondorengo bileran lanpostu, finantziazioa eta eskaintzen dugun arretaren inguruan hizketatu ginen. Klinika erakustea eta bilera egitea garrantzitsuak dira, zer dugun erakusteko eta mamiari heltzeko. Eta kontuan har dezaten zer dagoen handitzearen atzean".

Klinikako ospitalea handitu eta beste 13 oherendako tokia egin zuten, guztira 33, haietatik 32 Osasunbidearekin hitzartuta daude. Ospitalearen handitzeak 2,7 milioi euroko inbertsioa eskatu zuen. Egindako inbertsioaren %75,20 eskualdean bertan geratu da.

Ospitaleko gelak egiterakoan klinikako langileen ikuspegia kontuan izan zuten. Ondorioz, "gaixoak erdigunean jarri genituen eta, beraz, aurreko gela batek eta gaur egungoak ez dute zerikusirik". Altsasuko ospitalean dementzia edota nahasmendu kognitiboak dituzten pazienteak artatzen dituzte, etxean edo beste ospitale eta egoitzetan kudeatzeko oso zailak diren jokabide nahasmenduak dituzten pertsonak hain zuzen ere.

Arregik gogorarazi duenez, "ospitalean handitu aurretik itxaron zerrenda nahikoa luzea zen. Osasunbideak ospitalea handitzeko eskatu zigun, itxaron zerrenda murrizteko. Orduan itxaron zerrenda eskaera egiten zenetik etorri arte 60 egun edo gehiagotan zegoen. Eta kasu larriak direnean epe horiek oso luzeak dira. Beraz, ospitalea handitzeko pausoa eman genuen". Arregik azaldu duenez, "itxaron zerrenda asko murriztu da eta orain eskaera jaso eta hamar egun ingururen ondoren pertsona ospitalean sartzen da. Izan ere, ospitalearen arreta gaitasuna %52 baino gehiago handitu da".

Langile gehiago 
Ospitalea handitzeak Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoari "gauza asko" eman dizkiola esan du Arregik: "gela gehiago egiteaz aparte, baliatu genuen gauza gehiago egiteko: bulego gunea handitu da, coworkinga, bigarren patioa... Azken hori Felipe Lezearen asmoa zen eta bere nahia bete dugu". Ospitalea handitzearekin batera langile kopurua handitu egin da, "gutxi gorabehera 23 eta 26 lanpostu berri sortu dira, ia %40ko hazkundea". Altsasuko, Gasteizko eta Iruñeko egoitzetan klinikak, guztira, ehun langile inguru ditu. Azpimarratu du langileen %82,4 Sakanakoa dela.

Bestalde, Angel Gardachal Ausejo zuzendari kudeatzaileak azaldu zuen klinikak Erakunde Osasungarria proiektua sustatu duela eta haren printzipioa dela "zaintzaileak zaintzea". Horren ondorioz, bisitan azaldu zuenez, "aldi baterako ezintasunagatiko absentismo-tasa 5,9koa da, Nafarroako osasun-sektoreko batez besteko datuen azpitik". Langileen jardun onaren adierazle gisa, 2025eko familien kalitate-inkesten emaitzak ere nabarmendu zituen, "ospitaleko egonaldiari buruzko balorazioan 10etik 9,03 puntu lortu baitira".

Egoitzak
Klinikaren egoitza nagusia Altsasun dago, baina bi hiriburuetan bulego bana ditu klinikak. Haietan terapiak, tailerrak egiten dituzte, baita kanpo kontsulta zerbitzua ere eskaintzen dute. "Iruñean egin ziguten harrera oso polita izan zen. Gasteizen, momentuz, hasiera da", argitu du Arregik.

Klinikak Iruñean duen egoitza aldatu eta "gaur egun duguna baino askoz egoitza handiagoa izanen da". Han bulegoez aparte, klinikak dementzia duten pertsonendako eguneko zentroa irekiko du aurki, hilabete honetan ez bada hurrengoan.  "Hutsune bat dago eta hura beteko dugu. Gure esperoan zeuden", argitu du Arregik. Dagoeneko hamabi edo 14 pertsona izena emanda daudela jakinarazi du. Iruñeko eguneko zentroak 30 plaza inguru izanen ditu. Azkenik, Arregik esan duenez: "aukera gehiago daude etorkizunean gauza gehiago egiteko Sakanan, Iruñean eta Nafarroan bertan".