Aurten 45 saltokik parte hartuko dute Altsasu Bonua kontsumo kanpainan

Guaixe 2026ko ekainaren 8a

Altsasuarrak bonuak jasotzen.

Altsasuko Udalak, Altsasuko Dendarien Elkartearekin batera, herriko merkataritza sustatzeko kanpaina abiarazi du

Altsasuko Udalak, Altsasuko Dendarien Elkartearekin (ADE) elkarlanean, tokiko merkataritza sustatzeko Altsasu Bonua 2026 kanpaina abiarazi du atzera ere. Udalak kanpainara 15.000 euro bideratu ditu. Herriko merkataritza sustatzeko kanpainarekin Altsasuko Udalak eta ADEk aurreikusi dute 60.000 euro inguruko jarduera ekonomikoa sortuko dela herrian.

Altsasu Bonua 2026 kanpaina hilabetearekin batera abiarazi zuten antolatzaileek. Iortia kultur gunean, ohiko ordutegian, kontsumoa sustatzeko bonuen banaketa egitean hasi zen Altsasuko Udala. Bonuak lehenago bukatzen ez badira, garagarrilaren 12ra arte eginen dute banaketa. Udalak, guztira, 40 euroko 1.033 bonu banatuko ditu. 18 urtetik gorako herritar bakoitzak bonu bat eskuratzeko aukera izanen du, eta sustapenaren kartelarekin identifikatutako kanpainari atxikitako tokiko merkataritzan gastatu ahal izango da. Aurten guztira 45 establezimenduk bat egin dute udalaren eta ADEren kanpainarekin. 

Bonuen funtzionamendua aurreko edizioen antzekoa da: kontsumitzaileak gutxienez 40 euroko erosketa egin beharko du, baina 30 euro baino ez ditu ordainduko. Hau da, %25eko deskontua izango du. Ehuneko hori Altsasuko Udalak hartuko du bere gain eta ADEk kudeatuko du, parte hartzen duten denda eta zerbitzuei ordainduta.

Herritarrek beraien bonuak kanpainara atxikitako saltokietan garagarrilaren 30era arte gasta ditzakete. Udalak eta ADEk sustapenaren arauak jasotzen dituen liburuxka argitaratu du, kontsumitzaileendako eta merkatariendako. Liburuxka hori Iortia kultur gunea, parte hartzen duten saltokietan edo sakanakogida.eus webgunean kontsultatu ahal izango da. Informazio esku-orrian hainbat erosketa aukera azaltzen dira, esate baterako: hainbat pertsona elkartu eta beraien bonuak elkartuta erosketa egiteko aukera, edo edozein artikulu erosteko aukera izatea, aurretik ere prezioan murrizketa izan ala ez, betiere erosketa 40 eurotik gorakoa bada. Bonuak ezin izango dira inolaz ere diruarekin trukatu, ezta tabakoa erosteko erabili edo apustu aretoetan erabili ere. Behin erosketa eginda, bonua dendariaren esku geldituko da. 

Kanpaina 2020an sortu zen, Covid ak sortutako pandemiaren eraginei kontra egiteko neurri gisa, baina urtez urte errepikatu da, eta aurtengoa seigarren edizioa da. Kanpaina horren bidez lortzen da, besteak beste, bezero berriak erakartzea, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin ohi duen kontsumitzailea saritzea, eta herritarrek Altsasuko merkataritza lokalak ikustea.