Duela hogei bat urte iritsi zen Cheikh Mbacke Lo espainiar estatura. Senegalgo jaioterritik Marokora joan zen, eta Tangerren patera batean Mediterraneoa zeharkatu zuen Andaluziako kostaldera iristeko. Bidaia tragikoa izan zen. Albistegietan aipatzen diren zenbakiei izen abizenak eta memoria eman dizkie altsasuarrak Yakaar. Cartografia de la esperanza liburuan. Bere istorioa kontatu ez ezik, munduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du liburuak; "zubi lana" egin nahi du.
Zer esan nahi du 'Yakaar' hitzak?
Yakaar itxaropena esan nahi du. Wolof da, nire hizkuntza.
Eta zergatik izenburu hori?
Yakaar bizitzaren alderdi guztietan ikusten delako. Egiten dugun guztia itxaropenarekin egin behar da; zerbait espero dugulako. Liburuan kontatzen den istorioarendako ongi dator.
Zer kontatzen du liburuak? Benetako istorio bat da, autobiografikoa?
"Nire benetako istorioa da, nola etorri nintzen; lagun bati idazten diodan gutuna"
Nire benetako istorioa da. Yakaar nire istorioa da. Niri buruz hitz egiten du, nola etorri nintzen eta abar. Flahsback bat da. Hemen nago eta nire betiko lagun Musari gutun bat idazten ari natzaio kontatzeko nola etorri naizen; gutun horretan ere elkartzen naizen emakumeei buruz hitz egiten dut, haurrei buruz... Ahotsa ematen diet ahotsa ez dutenei. Nire istorioa da, baina liburuan zehar jende askoren istorioak kontatzen dira. Sulayman, Aicha... Badira nahiko pertsonaiaren istorioak. Denak benetakoak.
Fikzioa dago?
Ezer ez; ez dago fikziorik. Lehenengo pertsonan kontatzen dut guztia.
Zenbat pertsonaiaren istorioa daude?
Ni etorri nintzenean pateran etorri nintzen. 31 ginen eta 29 hil ziren. 29 pertsona horiek patera hartu aurretik elkarrekin zerbait bizi izan genuen. Horiek dira agertzen azkenak, kontatu ditudan azken istorioak. Baina nire bizitzan ere zeharkatu diren pertsonak agertzen dira.
Beraz, zure bizitza osoa kontatzen duzu?
Hasieratik. Nire aiton-amonen istorioa ere kontatzen dut, baita nire herriaren historia ere, non dagoen eta abar. Hortik hasi eta espainiar estatura iritsi nintzen arte. Liburuan hiru fase daude: lehenengoa niri buruz hitz egiten dut, nire kultura eta nola bizi nintzen han; bigarrenean Marokora bidaia, eta hirugarrena itsasoa zeharkatu nuenean. Lehenengo zati horretan gurasoekin zeinen zoriontsu nintzen kontatzen dut, herriaren kariñoa; deskripzio bat egiten dut, liburuaren sarrera da. Bertan ere kontatzen dut joateko erabakia eta agurra. Aicharen istorioa tartekatzen da. Aicha mauritaniar-senegaldar bat da eta haurdun gelditu zen. Bertan emakume bat ezkondu gabe haurdun gelditzea oso gaizki ikusia dago, eta bere bikotekideak ez zuen haurra errekonozitu nahi izan. Gurasoek esan zioten desagertu behar zela. 15 urterekin Gambiara oporretara joan nintzen eta istorio hori ezagutu nuen. Garai horretan Gineatik etortzen zen beste neskato bat ezagutu nuen eta maitemindu ginen. Beraz, maitasun istorio bat agertzen da ere.
Hori lehenengo zatian. Bigarrenean?
Bigarren zatian hegazkinean nago Marokora joateko. Hegazkinera igotzean migrazioari buruz hitz egiten dut. Zerutik hitz egiten ari naizelako eta jendeari azaltzen saiatzen naiz goian mugarik ez dagoela. Harresirik ikusten ez direla. Zubi lana egiten ari naiz. Nire modura munduan dauden gatazkak elkartzen saiatzen naiz. Detaile askoz gehiago daude, baina laburtzeagatik hori kontatzen da. Orduan, hegazkinetik jaisten naizenean Bakarirekin elkartu nintzen. Bera ni bezala zegoen, berdina nahi genuen. Tangerrera joan behar ginen eta horretarako tren bat hartu genuen. Bertan Salma Saharakoa eta Aaiun Marokokoa. Aaiun gitarrarekin joaten zen. Bidaiaren erdian trena gelditu zen eta musikak elkartu gintuen. Aaiunen aitona Aljeriakozen. Aljeria Marokorekin gaizki eramaten da, baita Sahara Marokorekin ere. Baina bertan elkarrekin oso elkarrizketa polita sortu zen. Kapitulu hori oso luzea da.
Errealitateak fikzioa gainditzen du.
Fikzioa dirudi, baina egiazkoa da. Niri bizitza da. Hori gertatzen da bigarren zatian. Tangerrera iristen naizenean hirugarren zati hasten da: Itsasorako prestatzen gara. Jende askorekin elkartu ginen eta non geldituko ginen lotan begiratu genuen. Bakari, Omar eta abar elkartu ginen, eta hasiera batean Abderrahimen etxera joan ginen. Ez genuen dirurik, orduan, nire dirua Bakariri eman nion. Berak ez zuen hartu nahi, baina bi alaba zituen eta esan nion beraiengatik egiteko. Ni bizitza bilatzera joan nintzen. Jatetxe bat aurkitu nuen eta zerbitzariak zaborra botatzera itxoin nuen eta orduan zerbait jan nuen. Lo egin nuen eta 4:00etan Bakari etorri zen esatera txalupa bat zegoela. Mohameden etxera joan ginen, mafiosoa. Ez zitzaigun dirua iristen baina nolabait egoera ulertu zuen eta utzi zigun. Modu klandestinoan hondartzara iritsi ginen eta zodiac bat agertu zen. Jendea etsitu zen beste txalupa mota bat espero zuelako. Baina igo ginen. Igotzen hasi ginen eta 31 pertsona igo ginen, gehienez lau pertsona egon behar zirenean. Igo eta Espainiara. Haiek ez dira igotzen, noski. Lantxa horretan gauza asko gertatu ziren, oso luzea da.
Bakarrik joan zineten? Ez zegoen inor txalupa gidatzen?
Ez. Gu bakarrik geunden, eta oso izututa geunden. Bakarrik 14 kilometro dira. Olatuak zeuden eta bidearen erdian motorra hautsi zen. Konpontzen saiatu ginen, eta kostaldea ikusten ari ginen, iristen ari ginela zirudien, baina ez ginen inoiz iristen. Orduan, olatu handi bat etorri zen eta txalupak buelta hartu zuen. Jendea beherantz joaten hasi zen. Momentu horretan oso mehea nintzen eta gaztea eta txaluparen erdian korda bat zegoen eta horri heldu nintzaion. Nik uste horregatik salbatu nintzen, korda horri lotuta iraun nuelako. Itsasbazterrean esnatu nintzen, ez nekien non nengoen. Ospitalera eraman ninduten. Bi pertsona iritsi ginen. Bertan esan ziguten non geunden eta gertatu zena. Ospitalera iritsi arte ez nekien oso ongi non geunden. Gero Guardia Zibilak atxilotu gintuen eta hilabete bateko baimena eman ziguten itzulera prestatzeko. Ordutik, klandestinoa izan nintzen.

Hor bukatzen da istorioa?
Hor bukatzen da liburuaren istorioa. Laburpen bat da, 350 orrialde dira. Saiatu naiz kapitulu bakoitza ongi garatzen.
Noiz izan zen?
Duela hogei urte. Nola pasatzen den denbora...
Noiz hasi zinen idazten?
Duela urte bat. Urte batean idatzi dut.
Zergatik?
"Beharrezkoa da 29 pertsona horien memoriagatik; lasaitasuna eman dit"
Uste dudalako beharrezkoa dela. Beharrezkoa da 29 pertsona horien memoriagatik. Nolabaiteko lasaitasuna eman dit.Bestetik, defendatu nahi ditut defendatu ezin direnak. Zaurgarrienak defendatu nahi ditut: haurrak, afrikarrak... Afrika arpilatuta dago. Mundu guztiari buru hitz egiten dut; geopolitika guztiari buruz.
Nolakoa izan da idazte prozesua?
Betidanik gustatu izan zait idaztea eta irakurtzea. Pertsona nahiko mugitua naiz. Injustizia askorengatik hasi nintzen prozesu honekin. Gustatzen ez zaizkidan gauzen metaketa baten ondorioz. Ez dut botererik ezer konpontzeko, bakarrik ahotsa daukat, eta zerbait egiteko modu bat da. Idazten hasi nintzenean nire intentzioa zen nire istorioa kontatzea, baina gero dena elkarlotzen zen. Idazten hasi nintzenean lehenengo intentzioa zegoen eta gero erabakia. Erabaki horretan kontatzen dut zergatik Afrika pobrea den, zergatik emigratu dudan eta hortik datorren guztia. Orduan, dena garatzen joan da. Oso barruan izan dut, egiten dudan guztia liburuan pentsatzen egiten dut. Nire buruak ez zuen besterik. Dena zen liburua.
Eta orain kanporatu duzula?
"Zaurgarrienak defendatu nahi ditut; gizadiaren istorioa da"
Bizitza osoan izango dut barruan. Baina behintzat orain pisu bat gainetik kendu dut, badakidalako zerbait ematen ari naizela. Badakit badirela gauzak ezin ditudanak konpondu, adibidez, Bakariren bi alabak ez ditut inoiz ezagutuko. Baina ongi sentitzen naiz. Ongi eta beharrezkoa. Ez niregatik, ez nire istorioagatik, baizik eta besteen istorioagatik. Gizadiaren istorioagatik egin dut.
Nola sortu zen publikatzeko aukera?
Idazten ari nintzenean ez nuen publikatzea espero. Niretako egiten nuen. Baina Interneten ikusi nuen bazegoela jendea publikatzen zuena eta Circulo Rojo argitaletxea aurkitu nuen eta idatzi nien. Gutxienez 30 orri bidaltzeko ea gustatzen zitzaien ikusteko esan zidaten, bidali nien, eta oso pozik gelditu ziren.
Nolakoa izan da edizio prozesua?
Idatzi ondoren Alfredo Alvaro Igoa (GUAIXEko erredaktore burua) eta Izaskun Etxeberriarengana joan nintzen eta beraiek asko lagundu ninduten. Azken finean, gaztelania ez da nire ama hizkuntza eta idatzi dut nire buruan itzulpena egiten. Orduan, asko lagundu ninduten, guztian.
Arrakastatsua izan da, ezta?
Egia esan, bai. Tirada bat etorri zen eta amaitu zen. Arkatz liburudendan aurre salmenta egin daiteke.
Eta zer esan dizu jendeak?
"Gehien gustatu zaidana izan da jendeak irakurri ondoren gelditzeko deitu didala"
Gehien gustatu zaidana izan da jendeak deitu didala. Irakurri ondoren gelditzeko deitu didate. Hain hunkituta daude nirekin hitz egin nahi dutela horri buruz gehiago jakin nahian. Gustatu zaie eta gehiago jakin nahi dute. Horrek oso zoriontsu egiten nau, jendeari iritsi zaiolako. Interesatzen zaidana hori da, atzean dagoen mezu hori jendeari iristea.
Eskuinaren eta ultra eskuinaren gorakada dela eta mezu faszista, arrazista, xenofobo eta abar ugaritu direla, liburuak aurre egiten lagun dezake?
Ziur naiz lagun dezakeela. Kapitulu bakoitzean hausnarketa bat dago. Hausnarketa bat egiten dut eta sentsibilizatzen saiatzen naiz. Gai guztiak ukitu ditut: klima aldaketa, mugikorrak... Dena sartu dut. Dena elkarrekin doalako. Orduan, uste dut irakurtzea merezi duen liburu bat dela. Ez da nik idatzi dudalako, erabilgarria da; beharrezkoa. Jende horri esango nion irakurtzeko eta mezua handitasunean ikusteko.
Liburua idazteko arrazoietako bat edo beharra sufritu duzun arrazismoa izan da?
Arrazismo asko bizi izan dut, pixka bat denetarik bizi izan dut. Baina liburu honetan zubia izan nahi dut. Ez dut gorrotorik nahi. Dena kontatzen dut; nolakoak diren europarrak eta nola aritzen diren. Ez dut herrialde batean fokalizatzea nahi; orokorrean hitz egiten dut unibertsala izatea nahi dudalako. Orokortzen dut. Gainera, kontesturik gabekoa izatea nahi dut. Hemendik 30 urtetara irekitzean erabilgarria izatea ere.
Zer izan da zailena?
Batzuetan galtzen nintzela. Koherentzia erortzen zen pixka bat, eta gauzak errepikatzen nituen.
Eta errazena?
Lehenengo zatia. Alde batetik, kontatzeko erraza izan da istorioa ezagutzen dudalako, baina aldi berean emozionalki zaila izan da oso hunkigarria izan delako. Idaztean batzuetan gauza sentsibleak ukitu ditut. Baina saiatu naiz ere irakurleak arnas har dezan, eta batzuetan lagunarekin izaten dudan elkarrizketa modukoa izatea.
Literatur genero aldetik, saiakera bat da?
Ikasketa bat dela esango nuke.
Aurkezpena egingo duzu, ezta?
Bai. Presatzen ari gara.