Eklipse bat bi gorputz zelesten artean beste gorputz bat gelditzen denean gertatzen da eta, abuztuaren 12an, ilargiak eguzkia estaliko du eta Lurretik ikusteko aukera izanen da. "Hau ez da gertatzen Iberiar penintsulan duela ehun urte baino gehiago", azaldu du Miriam Garcia de Garayo Iruñeko Planetarioko Zientzia Proiektuen Teknikariak. "Askotan gertatzen ez den gauza bat da". Eguzki sistemaren planetetan ere ez dela gertatzen gaineratu du, Lurretik ilargiaren eta eguzkiaren tamainak antzekoak ikusten direlako gertatzen baita.

"Askotan gertatzen ez den gauza bat da; gu bizi garen lekutik ikusi ahal izatea, ezin dugu sinistu izan dugun zortea, estadistikoki ere ezin da kalkulatu"
"Gu bizi garen lekutik ikusi ahal izatea, ezin dugu sinistu izan dugun zortea; estatistikoki ezin da kalkulatu ere egin zer nolako zortea izan dugun". Mekanika zeleste oso sinple bat gertatzen da, baina bakarra. "Horri garrantzia eman nahi diogu; historian zehar garrantzia eman diote, eta orain ere eman nahi diogu". Nafarroako Hegoaldean ikusiko da eklipsea osotasunean, eta Sakanatik zerbait ikusteko aukera izanen da.
Eklipsearen nondik norakoak ezagutzeko Izar Eskola Eklipse edizioa antolatu du Planetarioak, eta edizio honetan, gainera, ibiltaria da. Maiatzaren 25etik ekainaren 5era Altsasun izan da, eta bertatik 200 bat ikasle pasa dira. Garcia de Garayo Planetarioaren proiektuak aurrera eramaten arduratzen da, baita ikastetxeekin ordutegiak zehaztu eta abar ere. "Astronomia oso erraza izan daiteke, edo zaila. Orduan, mundu guztiarendako moldatu behar dugu informazioa eta ikusi nola eraman eskoletara eta publiko orokorrera". Altsasun izan den Izar Eskola ikastetxeei bideratutako proiektua izan da, baina publiko osoarendako proiektuak dituzte ere, esaterako, hilabetearen amaieran Baluarten izanen dira eta udan zehar Sendavivan.
Zientzia
"Gure eraikinean izandako sutearen ondoren Planetarioaren Izar Eskola programa Planetariorik gabe eskaini behar izan dugu, eta programarekin jarraitzeko berrasmatu behar izan dugu". Horrela jaio zen Izar Eskola Eklipse edizioa. "Bere izenak esaten duen moduan abuztuaren 12an Nafarroaren Hegoaldetik ikusgai egongo den eguzki eklipseari buruz doa; batez ere gertakari hori ulertzeko eta gertutik bisitatzeko aukera ematen diegu ikasleei". Lerinen, Peraltan eta Lodosan egon ondoren, Altsasura heldu zen programa, "horrela programazioa deszentralizatzea lortu dugu, Iruñerritik urrunago dagoen publikora ere iritsi gara".
Zientzia etorkizuna dela esan du Garcia de Garayok: "Pertsona guztien bizitza hobetu nahi dugu, eta horretarako hasieratik hasi behar gara, hau da, ikastetxetatik irakatsi behar dugu zer den metodo zientifikoa eta nola egiten den zientzia". Kasu honetan astronomian zentratu dira, "baina leku guztietara heldu nahi dugu". Horregatik gertatzen diren gertakariak "aitzaki" hartzen dituzte harago joateko: "Eklipse bat ikustea aukera harrigarria da, paregabea, eta gertakari hori hartu dugu eklipseei buruz hitz egiteko eta horren atzean dagoen kultura eta egin den zientzia guztiari buruz hitz egiteko".
Kosmosaren, unibertsoaren eta eklipseen inguruan superstizio, istorio, ohitura eta erritu asko izaten dira, eta zientzia proiektuen teknikariak azaldu duenez, historian zehar emandako istorioak dira eta horiei buruz ere ikasi behar dute, "batez ere superstizioak ezjakintasunagatik ematen dira. Orain badakigu gorputz zelesteak nola mugitzen diren eta nola gertatzen diren eklipseak eta noiz gertatuko diren". Beraz, historian zehar nola bizi izan ziren prozesu horietatik ikasi behar da eta informazio horrekin "egiarendako ibilbidea" sortu: "Lehen uste zuten animalia batek eguzkia jaten zuela edo ilargiaren eta eguzkiaren arteko gerra bat ematen zela, eta seguruenik hori gertatzen zen, horrela uste zutelako. Gaur egun badakigu gertaera hori emateko arrazoiak zeintzuk diren". Beste kulturetan egon diren mitoetatik ikasten dute ere, gaur egungo erantzunak lortzeko.

Maiatzaren 25etik ekainaren 5era Altsasuko Iortia zabalgunean, kultur gunearen hormatik gertu, Izar Eskolaren kontendore bat egon da. Jarduera hiru zatitan banatzen da: alde batetik, Burunda fronotian dagoen kupula. Puzgarri baten antzekoa da eta 360 graduko irudi proiekzioari eskera ikasleek kosmosari buruz ikasten dute: "Eguzki sistematik bidaiatuz eta eklipseak nola sortzen diren azaltzen zaie". Bestetik, simuladore kabina, Iortiako kontenederoa. "Hor eguzki eklipse bat bizitzeko aukera ematen dugu". Azkenik, eguzkia ikusteko teleskopioak daude, "eguzkia modu seguruan ikusteko aukera ematen dutenak. Lenten proiekzio sistema batzuen bidez eguzki argia pantaila batean islatzen da, eta teleskopio konplexu bat erabili gabe eguzkia ikus dezakegu". Eklipseari buruz asko ikasi duten erakusteko Trivial bat egin behar dute ikasleek ere.
Altsasun gutxi gora behera 200 ikasle pasa dira Izar Eskolatik, eta Nafarroa osoa guztira 2000 izan dira, eta oraindik ere 2000 eta 3000 artean joatea espero dute. Pamplonetario.org webgunean eman daiteke izena Baluarten eginen dituzte bisita irekietan, ondoren Tutelan izango dira eta gero Sendavivan, "jarduera berri bat izango da". Honen harira Eguzkiaren ezkutalekua deitutako eskola lehiaketa antolatu dute:"Haurrek marrazki baten bidez eklipse batek haientzat zer esan nahi duen erakutsi behar dute". Informazio guztia eclipsenavarra.com webgunean aurki daiteke, eta Garcia de Garayok sakandarrak parte hartzera gonbidatu ditu.
Izar Eskola
Ekainaren 2an, eguerdian, Corazonistas ikastetxeko DBH bigarren mailako hemezortzi ikasle eta tutorea izan ziren Izar Eskolan. Unai, Iker eta Iñaki teknikariak izan dira egunotan jarduerak gidatzen, eta asteartean Iñakik gidatu zuen saioa. Altsasu institutuaren kontzertu handiaren entseguei aurre egin behar izan zion. Topaketa Iortia zabalguneko simuladorearen kanpoaldean egin zuten. "Zergatik gaude hemen?" galdetu zuen lehenik eta behin, baita ea eklipse bat zer den edo zer motatakoak dauden galdetu zuen ere. Iortiako simuladorearen horman azkar batean azaltzen dute abuztuaren 12ko eklipsearen ingurukoak.
Lehenengo aurkezpenaren ondoren Burunda frontoian jarritako kupulara sartu ziren ikasleak. Kupula planetario txiki baten antzekoa da, eta gora begira, zeruaren irudiak ikus daitezke. Kosmosari buruzko azalpenak eman zituen teknikariak, baita eguzki eklipse batek osatzen dituen elementuak azaldu zituen ere. Ilargiarekin hasi zen: "Polita izan ez ezik, Lurrean bizitza egoteko elementu batzuk ematen ditu, errotazioaz arduratzen da, urtaroak erregulatzen ditu...".

Hurrengo gorputz zelestea eguzkia izan zen. "Zer da eguzkia?". "Izar bat!", erantzun zuten ikasleek. "Izan handi bat da?". "Handiena!", erantzun zuen gaztetxo batek. "Ez, ez da handiena", erantzun zuen batek. "Bai? Ez? Handiena da?", galdetu zuen teknikariak berriz... eta ez. Eguzkia ez da izar bereziki handia, "tamaina ertaineko izar bat da". Ikusten ditugun beste izarrak, jarraitu zuen Iñakik, puntuak bezala ikusten dira zeruan, "hori da erlatiboki gertu ditugulako eta horrek ahalbidetzen ditu pixka bat ulertzea nolakoak diren izarrak". Eguzkiak bizi garen sistemari izena jartzeko dio: Eguzki sistema. "Eguzkia ikusteko teleskopioak ditugu baina gaur ez da atera". Bestela, orban eguzkiak deitutakoak ikusteko aukera izanen zuten ikasleek.
Sorrera
Hasieran eguzkia zegoen eta bere inguruan planetak zeuden. Gaur egun ere badira, baina garai horretan asteroide asko zeuden. Lurra su bola baten antzekoa zen eta etengabe asteroideen inpaktuak jasotzen zituen. "Egun batean gertakari oso garrantzitsu bat gertatu zen... Lurrera objektu bat gertatu zen, Theia deitutakoa, Marte tamainakoa zen eta inpaktatu zuen. Ia Lurra txikitzen du, baina bizirautea lortu zuen eta bertatik zatitxoak atera ziren. Horrela sortu zen gure ilargia".

Ilargiaren nondik norakoak ezagututa, Eguzkiaren barrurako bidaia egin zuten. Airerik ez dagoenez soinua ezin dela garraiatu azaldu zuen teknikariak, baina eguzkian mikrofono bat jartzean kupulan entzuten zen soinua entzuteko aukera izango zen. "Eguzkiak hainbat kapa ditu; troposfera da kanpokoa, eta borbor egiten dauden gauzak daude. Ondoren, kapa erradiaktiboa dago eta hor atomo asko daude sartzen, ateratzen eta elkar jotzen. Erdian, nukleoa dago". Nukleora sartzen diren hidrogeno atomoak elkar jotzen dute eta fusio nuklearra gertatzen da, helio bihurtzen dira, energia asko sortzen dute eta milioika ateratzen dira, "foton deitzen dira, eta Lurrera iristen dira?". "Ziur baietz", erantzun dute ikasleek. "Guri bero eta argi moduan iristen zaiguna da". Zortzi minutu kostatzen zaio iristea. "Asko edo gutxi iruditzen zaizue?".
Hiru gorputz zeleste behar dira eklipse bat emateko, kasu honetan, ilargia, eguzkia eta Lurra. Baina baldintza jakin batean egon behar dira gorputz horiek ere. "Guk nabaritzen ez dugun arren, ilargia Lurraren inguruan etengabe biratzen ari da eta eguzkia atzean bezala gelditzen da, horregatik Lurrak biratzen duen bitartean alde batzuetan egunez da eta bestetan gauez". Ilargi betea, berria, ilgora edo ilbeherak nola ematen diren azaldu zuen. Kupulan ilargi gorri bat agertu zen. "Zer da hau?". Ilargi gorria, erantzun zuten; "eta zergatik gertatzen da?". Ilargi gorria ilargi eklipse bat dela azaldu zuen teknikariak: "Ilargia Lurraren atzean jartzen da eta kolore gorri hori hartzen du eguzkiaren argia filtro antzeko bat delako". Odol ilargia ere deitzen diote. Ilargiak 27 edo 28 egunetan ematen dio buelta Lurrari, "baina zergatik ez dugu eklipse bat hilabetero?". Ilargiaren orbita, ematen dituen bueltak, Lurrarekiko inklinatuta dagoelako eta horregatik itzala batzuetan goitik pasatzen da eta beste batzuetan behetik. "Unibertsoarekin alderatuta itzal hori oso-oso txikia da, eta Lurra ere oso txikia da. Horregatik oso zaila da bat egitea". Ilargia batzuetan Lurretik gertuago dago eta beste batzuetan urrutiago, "hori ere garrantzitsua da".
Eklipsea
"Kasualitate" asko eman behar dira eguzki eklipse bat emateko. "Esan dugun bezala, ilargia batzuetan gertuago eta beste batzuetan urrunago dago. Eguzkia 400 aldiz handiagoa da, baina ilargia askoz gertuago dago, horregatik ikusten ditugu ia tamaina berekoak". Abuztuaren 12an eguzki eklipse osoa emango da eta eguzki koroa deitutakoa ikusteko aukera izango da, "eguzkia guztiz tapatuta dago". Umbra deitzen da eklipsearen parte zentrala, Nafarroako Hegoaldean gertatuko dena, eta kanpoko zonaldea, Iruñetik pasako dena, "zerbait ikusiko dugula, baina ez osoa", penumbra deitzen da.

"Abuztuaren 12an, gutxi gora behera, 19:30ean, hasiko gara zerura begiratzen gauzak gertatzen hasiko direlako". Burundako kupulan ere egun eguzkitsu bat ikus daiteke, pixkanaka ilargia eguzkiari gerturatzen ari dela. "Eta eguzkia begiratu nahi badugu zer erabili behar dugu?". "Betaurrekoak!", erantzun dute gaztetxoek. "Etxean ditugunak?". "Ez, bereziak!". Eklipsea begiratzeko betaurreko bereziak erabili behar direla gogoratu du teknikariak, "ez erradiografiarik, ez argazkien negatiborik garai batean egiten zen bezala".
Ilargia eguzkiaren aurrean jarriko da, argia jaitsiko da, tenperatura jaitsi... "Seinale bat egongo da eklipsea hasiko dela abisatuko duena: Baily Perlak deitutakoak, ilargitik pasatzen diren azken izpiak". Eklipsea bitartean betaurrekoak ken daitezkeela azaldu du Iñakik, "kendu behar ditugu, bestela ez dugu ezer ikusiko". Ilargia mugituko da, berriz Baily perlak aterako dira eklipsea bukatzen dela abisatuz, "eta betaurrekoak berriz jarriko ditugu". Momentu horretan Iruñeko Planetariotik eta munduko hainbat tokitik estratosfera puxikak botako dituztela esan zuen, "bertan aparatu batzuk joango dira eklipsean ematen direnak neurtzeko: presioa, haizea...".
Kupularen saioarekin amaitzeko Stellarium aplikazioaren bidez gaua egin zen eta izarrak ikusteko eta ikasteko aukera egon zen: Procyon, Betelguese, Vega... Baita planetak ere: Jupiter, Mercurio, Venus... "Zer egiten zuten gure arbasoek? Zerura begiratzen zutenean formak ikusten zituzten. Eta nola deitzen dira?". "Konstelazioak", erantzun zuen gaztetxo batek. "Hori da. Zer da konstelazio bat? Izar talde bat". Orain 88 errekonozituta daudela esan zuen teknikariak, eta denak batera konstelazioak bilatzen hasi ziren: Ehiztaria Orion gerrikoarekin, Geminis Polux Izarran, txakur bat Sirion eta Procyionen... Cancer, xagua, leo lehoia, eta Hartz handia eta hartz txiki Ipar izarrarekin, "inoiz mugitzen ez den izar bakarra, iparra aurkitzeko erabiltzen dena".

Konstelazioak ezagutu ondoren, eklipsearen simulazio bat bizi izan zuten ikasleek Iortiako simuladorean. Abuztuaren 12ko arratsaldera joan ziren, eta bat-batean ilutzen hasi zen eta hotza egiten hasi zen. Txoriak ere txioka hasi ziren. Ondoren berriz argitu zuen, txoriak abesten hasi ziren, eta eguzkia atera zen, minutu gutxi barru (aurreratuta kasu honetan), berriz ere iluntzeko. "Bi gau izango ditugu egun horretan, eta animaliek ere zer gertatzen ari den ez dute jakingo, bat-batean ilundu, bero berriz argitu...". Izar Eskolarekin amaitzeko, hiru taldetan, hogei galderako trivial bat egin zuten ikasleek.
Andoni Andoitzendako "oso interesgarria eta polita" izan zen Izar eskola: "Asko ikasi dut, aurretik ez nekien ezer". Gehien gustatu zaiona "eklipsea nola izango zen ikustea eta ikastea" izan zen. Triviala ere gustatu zitzaion: "super ondo, irabazi dugu!".