Astekaria

Oier Mitxelena eta Jakes 'Izeta V' dira aizkorako Izar Berriak

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 8a

Jakes "Izeta V" eta Oier Mitxelena. PUNTODEMIRA.ONLINE

Izen bereko gazteen binakako txapelketa irabazi dute, Igoin Pikabearen eta Mikel Santestebanen aurretik.

Jose Luis Bengoa erretiratu ondoren, neguko Urrezko Aizkora Txapelketak bertan behera geratu ziren. Aizkolari gazteak eta emakumezko aizkolariak aukerarik gabe geratu ziren eta espazio hori betetzeko Zertzena herri kirol taldea sortu zen. Zertzenak Rural Kutxa Txapelketa sortu zuen, Izar Gazteak Binakako Aizkora Txapelketa, batetik, eta Emakumezkoen Binakako Aizkora Txapelketa, bestetik. Finalak igandean jokatu ziren, Astigarragan. 

Izar Gazteak finalean ordezkari sakandar bakarra zegoen, Oier Mitxelena altsasuarra. Mitxelenak Jakes "Izeta V" aizkolariarekin osatu zuen bikoa. Jon Erdozia eta Joan Goikoetxea finalean egoteko faboritoen artean zeuden, baina finalerdia jokatzekoak zirenean Jonen aitona Juanito Erdozia zendu egin zen, eta Jonek ezin izan zuen aritu. 

Finalean Mitxelenak eta Izeta V.ak Jon Zaldua-Joanes Izagirre "Ipiña", Unai "Osiñalde"-Unai Romairone eta Igoin Pikabea-Mikel Santesteban izan zituzten aurkari. Lehen lanean, zutikakoan, Zaldua-Ipiña izan ziren azkarrenak (1:24), eta Mitxelena-Izeta V bigarrenak (1:49). Kolpekako proban 43 aizkoraka behar izan zituzten Mitxelena-Izeta V.ak. Hortaz, lan luzeek erabaki zuten. Mitxelena-Izeta V izan ziren azkarrenak (15:02). Lan guztiak batuta Mitxelena-Izeta V dira Izar Berriak Txapelketako txapeldunak (17:34), Pikabea-Santestebani 23 segundo aterata (17:57). 

Emakumezkoen finalean Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti izan ziren txapeldunak.