Maiatzaren 23an denboraldiko azken txapelketan parte hartu zuten Iskiza Sakanako sei taldek, Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Taldekako Gimnasia Erritmikoko bigarren fasean, hain zuzen ere. Txapelketa Berriozarren jokatu zen.
Goizean laugarren mailako infantil P eta M taldeek eta kadete taldeak eta hirugarren mailako infantil taldeak parte hartu zuten. Arratsaldean, laugarren mailako alebin taldearen eta hirugarren mailako kadete taldearen txanda izan zen.
Iskiza Sakanako arduradun Olaia Agirre oso kontentu dago gimnastek egindako lanarekin. "Beste behin, azken hilabetean egindako lana primeran islatu zuten tapiz gainean. Fase batetik bestera, hau da, lehen eta bigarren faseen artean, hobekuntza ikusi zen. Oso harro gaude denen jarrerarekin, eguneroko lana aurrera ateratzeko dena eman baitzuten. Gure neskek amaiera ezin hobea oparitu ziguten. Entrenatzaileak –Ainhoa Imaz, Maria Remolina, Olaia Granizo eta Olaia Agirre – oso pozik gaude".
Bigarren fasean, alebinen taldea –Izaro Resano, Katixa Lopetegi, Laida Razkin, Leire Fernandes eta Noa Manjon– bigarren izan zen. Lehenengo fasean lehenengoak sailkatu ziren, eta bi faseak kontuan hartuta sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuten. Gainera, datorren denboraldirako hirugarren mailara igo dira.
Laugarren mailako infantil P taldeak –Elaia Barandalla, Enara Flores, Hanna Romero, Nora Mendinueta eta Uxuri Fortuna– lehenengo postua lortu zuen Berriozarren. Lehenengo fasean hirugarrenak izan ziren, eta bi faseak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean lehen postua lortu zuten, urrea. Hauek ere hirugarren mailara igoko dira.
Kontuan hartzekoa da bi talde hauendako aurtengoa lehenengo denboraldia izan dela NKJetan, lehenengo txapelketa urtea izan dute. "Primerako estreinaldia izan dute, zer esango dugu?"
Hirugarren mailako taldeei dagokienez, oraindik konfirmazioaren zain daude Iskiza Sakanan. "Printzipioz kadete taldeak maila mantenduko luke; aldiz, infantil taldea maila galtzeko mugan dago. Ikusiko dugu".
Ikasturte bukaerako erakustaldia
Ikasturte amaierako erakustaldia ekainaren 7an egin zuten, Zelandi kiroldegian. "Iskizako gimnasta guztiek urte honetan egin duten lanaz gozatzeko aukera egon zen".